EAJk dio zarauztarrek lehentasuna zian behar dutela Aldapetako etxebizitza ofizialetan

0

Maribel Albizu, Imanol Lasa, Jose Mari Agirre

Alderdiei dei egin die arduraz joka dezaten, bere ustetan “proiektua ez baitago zozketa bat egiteko behar adina landuta”

EAJko Zarauzko ordezkariek agerraldia egin dute, Aldapetako etxebizitza ofizialak alokairu-erregimenean egin behar direla, eta operazio osoa arduraz eta zarauztarrei lehentasuna emanez planteatu behar dela azpimarratzeko. “Babestutako etxebizitzarik ez da eraiki luzaroan Zarautzen, eta uste dugu alokairu formula egokiena dela operazio honetan aurreikusten diren 12 etxebizitza ofizialetarako. Lehentasuna eman nahi diegu zarauztarrei, haietako askok urte asko daramatzatelako zain”. Aldapetako etxebizitzak herrian hamar urtez jarraian erroldatutako, edo erroldan hamabost urte pilatutako bizilagunentzat izan behar direla nabarmendu dute. Proposamen hori “gehiengoz atera zen aurrera Zarautz-Lurrek joan den azaroaren 15ean egindako Administrazio Kontseiluan, EAJren ekimenez”.

Nolanahi ere, adierazi dute “zorroztasun osoz” jokatu behar dela operazioa “berme guztiekin egin eta etorkizunean akatsak eta zailtasunak saihestu ahal izateko”. “Guztion nahia da ahal bezain laster babestutako etxebizitzak egitea eta zozketatzea, baina gure ustetan halako konplexutasuna duen proiektu batek gaur egun erakusten duena baino garapen handiagoa eskatzen du. Aldapeta-Santa Anako proiektua ez dago dagoeneko izen-emate epea itxi eta etxebizitzen zozketa martxoan egiteko behar bezain aurreratuta, ezta gutxiagorik ere”.

Gogorarazi dute oraindik oinarrizko proiektua egiteke dagoela. “Proposatutako oinarrizko proiektua aldatu egin behar da BOEak atariz aldatzeko.  Vista Alegreko funikularra barne hartzen duen hirigintza proiektua ere onartu gabe dago. Behin bi proiektu horiek erredaktatuta, Udaleko Zerbitzu Teknikoek aztertu beharko dituzte, indarrean dagoen hirigintza eta edifikazio araudia betetzen dutela egiaztatu, eta udal etxebizitza tasatuen kalifikazioa emateko”.

Aipatutako pausoak eman ondoren, oinarrizko proiektua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari igorri beharko zaio, hamabi etxebizitza ofizialak hala kalifika ditzan, garaje eta trastelekuekin batera. “Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko txostena eduki bitartean, arriskatua izango litzateke egitura, instalazio, etabarren kalkulua martxan jartzea, tamainako edozein aldaketak aldez aurreko kalkulu guztiak baliogabetuko lituzkeelako, eta proiektua berregin beharko litzatekeelako. Ondoren, exekuzio proiektua erredaktatu, beharrezko txosten teknikoak bildu, eta onartu beharko litzateke”.

EAJren irudiko, proiektu hori eta, batez ere, “hirigintza proiektua” onartuta eduki arte, “ezinezkoa izango da zozketatu beharreko etxebizitzei prezio finkoa jartzea ahalbidetuko duen aurrekontu bat edukitzea. Sektore pribatuan, sustatzailea sekulan ez litzateke izango salmenta prezioa urbanizazioaren kostuak jakin aurretik ezartzeko bezain abenturazalea izango. Kasu honetan, Zarautz Lurrek sustatzen du obra, eta fundamentu eta ardura berarekin, edo askoz ere handiagoarekin jokatu beharko luke, guztion dirua kudeatzen duen erakunde publikoa izanik”.

Gainera, gogora ekarri dutenez, “une honetan operazioaren finantzazioa erraztuko lukeen hirugarren behe-solairu bat egiteko aukera aztertzen ari dira. Kontu guzti horiek behar bezala argitu gabe, gaur gaurkoz, zentzugabekeria izan daiteke etxebizitza tasatuen behin-betiko salneurria finkatzea”. Horrek duen arriskuaz ohartarazi dute: “Ezin da baztertu salneurri hori gaur egun aurreikusten dena baino garestiagoa izatea –1,7 modulu bakoitzeko-, eta horrek guztiz baliogabetuko luke datu hauek kontuan hartu gabe hasitako edozein zerrenda eta zozketa prozesu. Hutsetik hasi beharko litzateke adjudikazio prozesua”.

Tramite guztiak kontuan hartuta, EAJren arabera, obren hasiera 2011ko irailean kokatu beharko litzateke. “Egin beharreko lanak oso delikatuak eta konplexuak dira, mendia hustu eta horma-euskarrien bitartez egonkortu behar delako. Beraz, edifikazioa 2011ko bukaera arte ez litzateke hasiko. Askoz ere zuhurragoa eta zentzudunagoa da urbanizazio kostuak itxita eduki arte itxarotea, modu horretan etxebizitzei prezioa jarri eta operazioa hankaz gora jartzeko arriskua ekiditeko”.

Guzti hori dela-eta, inplikatutako erakunde eta alderdi guztiei dei egin diete “arduraz” joka dezaten, beren esanetan “presak eta proiektuaren indefinizioak kalterako izan daitezkeelako”. “Ezin dugu zerbait zozketatu, jakin gabe zehazki zer zozketatzen ari garen eta zein preziotan. Egia da mundu guztiak, bere bizitza antolatu ahal izateko, lehenbailehen jakin nahi izaten duela etxea tokatu zaion edo ez, baina horrek benetako oinarri sendo bat behar du, ezin da etxea teilatutik hasi”.

Zozketatu beharrekoaren ezaugarriak zehaztu dituzte, azkenik: “Ondo definitutako lotea behar du izan, behin-betiko plano eta azalerekin: x garajea hainbat metroekin; y trastelekua; eta z etxebizitza halako metro erabilgarrirekin eta prezio zehatz batean. Gainerako guztia ez da oso serioa. Zarauztarren etxebizitza beharraz ari gara. EAJn poz-pozik hartuko dugu zozketa datu hauek mahai gainean daudenean, eta lehenbailehen izatea desio dugu. Espero dugu sen onak hauteskunde bezperatan zerbait saltzeko tentazioari gain hartzea”.

Share.

Leave A Reply