La Salle ikastetxeak eta Zarauzko Kirol Patronatuak lankidetza hitzarmena sinatu dute

0

Iban San Martin, Iñigo Rico.

Hainbat taldek ikastetxeko kirol instalazio berrietan entrenatu eta jokatu ahal izango dute, eta Patronatuak finantziazioan lagunduko du alokairuaren bitartez

Zarauzko Kirol Patronatuak eta La Salle ikastetxeak Lankidetza Hitzarmena sinatu dute. Horri esker, Zarauzko kirol talde eta elkarteek ikastetxeko kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte eskolaz kanpoko ordutegian. Trukean, La Sallek diru kopuru bat jasoko alokairuaren bitartez, bere gain hartu dituen obren kostua ordaintzen lagunduko duena. Izan ere, Udalak onartutako proiektuen arabera, ikastetxeko frontoia estali eta belar artifiziala jarri dute futbol zelaian. Lanak duela gutxi bukatu dituzte, azken ukitu batzuk falta badira ere.

Iban San Martin Kirol zinegotziak eta Iñigo Rico La Salleko lehendakariak akordioaren nondik-norakoak azaldu zituzten atzo emandako prentsaurrekoan. Biek “oso ontzat” jo zuten, “La Sallerentzat eta herriarentzat onuragarria” izango dela uste baitute. San Martinek zehaztutakoaren arabera, obrak Zarauzko Kirol Elkarteak 2009ko bigarren erdian egindako aurreproiektu proposamen batean dute jatorria. “Berehala jarri ginen lanean La Salleko arduradunekin batera, nola gauzatu genezakeen aztertzeko”.

Zinegotziaren esanetan, “sinatu dugun hitzarmenak herrian dagoen kirol instalazioen beharra arintzen lagunduko du neurri handi batean. Hainbat kirol taldek, hana nola saskibaloi, pilota edota futbolekoek, oso baldintza egokietan egin ahal izango dituzte lan saioak. Partidak ere jokatu ahal izango dira, futbol 7-koak, esaterako. Kirol talde eta elkarteen beharrei erantzuna emateko apustu argia da”. Halaber, eskerrak eman nahi izan zizkien La Salleko arduradunei “haien jarrera onagatik”, eta bi erakundeen arteko harremana oso ona izan dela ziurtatu zuen: “Erakunde publiko eta pribatuen arteko kolaborazioa sakondu beharreko formula da. Luzaroan elkarlanean jarraitzea da gure asmoa, La Sallerekin eta gainerako talde eta kirol eragile guztiekin.

Rico ere oso pozik azaldu zen: “Egia esan dena oso azkarra izan da, borondatea zegoelako bi aldeetatik, eta lanak lau hilabetetan burutu dira, epeak beteta eta inongo arazorik gabe. Oso eskertuta gaude, dena erraztasunak izan direlako”. Akordioak hainbat onura izango dituela adierazi zuen: “Gazteen artean kirola sustatzeko balioko du, batzuetan toki faltaz kexatzen baitira; hainbat taldek erosotasun guztiekin entrenatzeko eta partidak toki finko bat izan dezaten; eta kirol amateurra eta kirola jolas gisa bultzatzeko, haurren artean”.

Ziurtatu zuen La Sallek asko irabaziko duela hitzarmenarekin, “instalazioa apur bat zahartuta zeudelako, eta frontoia behar beste ez zelako aprobetxatzen eguraldi txarra zegoenean”. Baina herriak ere irabaziko duela azpimarratu zuen: “Hau ez da gune pribatu bat izango. Ordu batzuk hartuta daude jada, baina gainontzekoetan mundu guztiarentzako zabalik egongo da, eta nahi duenak gerturatu ahal izango du: familiak haurrekin, koadrilak… Leku irekia da, polita, eta uste dugu zarauztarrentzat aisialdi gune berria sor daitekeela bertan”.

Hitzarmena joan den irailean sartu zen indarrean, eta 2015eko abuztua arte iraungo du. La Sallek, esan bezala, Patronatuari frontoiaren, futbol zelaiaren eta kantxa-gimnasioaren erabilera uzteko konpromisoa agertu du, aldagelena barne, eskolaz kanpoko ordutegian eskola egutegian, 18:15etatik aurrera, eta baita oporretan ere, ikastetxeak antolatutako proiektu eta egitasmoekin bateragarriak diren ordutegietan, beti ere. Kirol materiala gordetzeko espazio bat ere utziko dio, eta baita publizitate euskarrien kudeaketa ere (panelak, etabar).

Halaber, instalazioen erabilera egokirako beharrezkotzat jotzen dituen baliabide material eta pertsonalak jarri eta antolatuko ditu. Konpromiso nagusia, nolanahi ere, Udalak onartutako obrak aurrera eramatea zen, alegia, frontoia ixtea, eta lehen asfaltozkoa zen futbol zelaian belar artifiziala jartzea. Lanak amaituta daude jada ia beren osotasunean, eta kostua bere gain hartu badu ere, Patronatuaren ekarpen ekonomikoaren laguntza izango du, lau hilabetean behin erabilera ordu bakoitzeko alokairua ordainduko baitio, hitzarmenak zehazten duen prezioan.

Patronatuak 2.100 orduko erabilera bermatuko du urtean, hau da, 51.450 euroko kopurua ziurtatuko dio. Hitzarmenaren lehen urtean, 2010ean, berriz, 700 orduko eta 17.150 euroko gutxieneko kopurua bermatzen da. Azkenan, 2015ean, 1.400 ordu, eta dagozkien diru kopurua ziurtatzen ditu akordioak, KPIren aldaketen arabera eguneratutako prezioan.

Azkenik, Patronatuak kluben erabilera koordinatzeaz arduratuko da, akordatutakoaren arabera; erabiltzaileei instalazioan indarrean dauden araudiak betearaziko dizkie; kirol taldeen entrenamendu eta partidetarako beharrezkoa den kirol materialean hasierako inbertsioa egingo du (saskiak, etabar.); eta futbol zelaiko belar artifizialaren mantenimendua bere gain hartuko du.

Share.

Leave A Reply