Zarautzek Kometen I. Jaialdia ospatuko du igande honetan hondartzan

0

Turismo Bulegoak eta Airez Gipuzkoako Kometa-zaleen Elkarteak antolatu dute ekimena, eta eguraldia egokia baldin bada, maila handiko 40 parte-hartzaile espero dira

Turismo Bulegoak eta Airez, Gipuzkoako Kometa-zaleen Elkarteak antolatuta, I. Kometen Jaialdia izango da igande honetan Zarauzko hondartzan. Denetariko kolore, forma eta tamainadun kometekin estaliko dute zerua maila handiko 40 kometa-zalek, gehienak Euskadikoak. Dena den, Bartzelona, Madril, Valentzia edota Iparraldeko sona handiko kometa-zale eta taldeen parte-hartzea ere espero da. Horien artean, Gonzalez anai valentziarrak aipa daitezke. Kometa erraldoien diseinuan iaioak dira, Frantzia, AEB edo Erresuma Batuko jaialdietan nabarmendutakoak. Beste askorekin batera, larunbatean etorriko dira Zarautza, eta herrian pasako dute gaua.

Imanol Lasa Turismo zinegotziak azaldutakoaren arabera, goizeko hamaiketan hasiko da jaialdia etzi, eta arratsaldeko seitan bukatu, Zarauzko Dama eta Desertu Txikiaren arteko esparruan. Mota guztietako kometak ikusi ahal izango dira: ohikoak edo estatikoak; akrobatikoak, hau da, akrobazia hegazkinek bezala erantzun eta mugitzen direnak -bira, amiltzeak…-; eta baita mezulariak ere. Kometa bereziak dira azken horiek, altuera jakin batera iristen direnean, mekanismo bati esker, gozokiak edo bestelako objektuak jaurtitzen baitituzte.

Erakustaldiak ere ezin dira ahaztu. Modalitate horretan, hiru edo lau kometek aldez aurretik prestatutako koreografiak egiten dituzte, musika eta guzti. Denera, Airezek 100 kometatik gora ekarriko ditu, kolore, tamaina eta hegaldi-gaitasun desberdinetakoak. Baldintzak egokiak badira, 25 metro luzeko kometak ikusi ahal izango dira hegan. Eguraldiak berebiziko garrantzia izango du, eguna oso euritsua balitz ia guztiz oztopatuko lukeelako jaialdia. Bestalde, parte-hartzea eskasagoa izango litzateke, Airezek gonbidatutako kometa-zale askok kanpotik etorri behar dutelako.

Edonola ere, antolatzaileen esanetan, euririk egingo ez balu, eta ipar-haize apur batekin, “ikuskizun ikaragarria” izango litzateke igandekoa. Lasak, berriz, jaialdi irekia dela azpimarratu du. 11:30etatik aurrera, tailerrak izango dira, bai dagoeneko kometen inguruko ezagutza dutenentzat, bai sekulan probatu ez dutenentzat ere. Gaztetxoenek oinarrizko kometak muntatu eta dantzatu ahal izango dituzte begiraleen laguntzarekin. Bestalde, hegaldi eremu publikoa egongo da etxetik kometa eraman nahi duten guztientzat, eta jendea kometa-zaleekin harremanetan jarri ahal izango da galderak egin eta zalantzak argitzeko.

Eguraldia nola erantzungo zain –zoritxarrez igandeko pronostikoa ez da onegia-, antolatzaileek badute konfiantza jaialdiak arrakasta edukiko duela: “Zarauzko hondartza primerako lekua da horrelako jardueretarako. Haize handia dabil eta ingurua ederra da. Itsasbeherarekin hasiko dugu eguna, eta baldintza horietan, hondartza eremu zabal askoa edukiko dugu, nahiz eta arratsalderako igoko den”. Parte hartzera animatu nahi izan dute mundu guztia, adinari begiratu gabe: “Esker oneko jarduera da. Oinarrizko lau aholkurekin kometa nahiko ondo maneia daiteke, goian mantendu bai, gutxienez”.

Lasak erantsi du ezohiko hitzordua dela, mota honetako jaialdiak martxotik urrira egin ohi direlako normalean. Zarauzko proposamena Edu Berasategi ostalariarengandik dator, Kanarietan zegoela aho bete hortz gelditu baitzen kometa jaialdi bat ikusterakoan. “Ingurugiroa zaintzen duen jarduera da, inpaktu negatiborik gabekoa. Airez-ko kideek esan digutenez, bat baino gehiago harrituta geldituko da ikusiko diren kometekin: behiak, marmokak… Zerua halako forma arraro eta kolore eztandarekin ikustea oso polita izan daiteke”, esan du zinegotziak.

Turismo Bulegoak azken urteetan “neguan ere ekitaldi berritzaileak” antolatzeko joeraren barruan dago jaialdia, haren esanetan. Behobia-Donostia lasterketarekin bat egingo du. Zarauztar askok korrituko dute, baina ordutegiak “biez gozatzeko aukera” ematen duela dio. Azkenik, eta kontuan hartuta laster, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela, jakinarazi du tailerretan egingo diren kometek euskara erabiltzearen aldeko mezuak eramango dituztela, eta kometak etxetik ekartzen dituztenei dei egin die hizkuntzaren aldeko eslogan eta mezu propioak aurkez ditzaten.

Airez 2002ko abenduan sortu zen elkarte gisa, kometismoa bere modalitate desberdinetan sustatu, eta zaleentzat bilgune bat sortu asmoz. Hainbat jarduera antolatzen ditu, heziketaren esparruan besteak beste, eta elkarteko kideen artean badira, Red Bull taldearekin, hegaldi akrobatikoan munduko txapeldun izandakoak. Zarauzko ekimena mundu hau ezagutarazteko eta zaletasuna pizteko balioko duelakoan daude: “Oraindik ere oso gutxi gara Gipuzkoan”. Informazio gehiago nahi dutenek www.airez.org web orrira jo dezakete.


Share.

Leave A Reply