2010eko kirolaririk onenak izendatzeko epea zabaldu dute

0

Sari-banaketa ekitaldia urtarrilaren 28an izango da, eta 10era bitarte bidali ahal izango dira proposamenak

Zarauzko Kirol Patronatuak epea zabaldu du 2010. urteko zarauztar kirolaririk onenak aukeratzeko. Nahi duten pertsona guztiek bidali ahal izango dituzte haien proposamenak hautagaiak izendatzeko, bai pertsonalki, edo baita herriko kirol talde eta elkarte desberdinak ordezkatuz ere. Iban San Martin Kirol zinegotziak jakitera eman duenez, urtarrilaren 10a baino lehen egin bidali beharko dituzte proposamenak, udaletxera edo polikiroldegira, beren hautagaien lorpenak eta merituak aipatuz.

Sariak ondorengo kategoriatan banatuko dira: “2010eko Emakumezko Kirolaririk Onena”, “2010eko Gizonezko Kirolaririk Onena”, “2010eko Emakumezkoen Talderik Onena”, “2010eko Gizonezkoen Talderik Onena”, “Saria kirol Ibilbide oso bati”, “Saria bizitza osoa kirol-boluntariotzan eman duenari”, eta “Saria diru-laguntzaileari”.

Sari bereziak emateko aukera ere badago. Duela bi urte, esaterako, Ainhoa Murua eta Borja Iradierrek bana jaso zuten, Pekingo Olinpiar Jokoetan parte hartzeagatik. Iaz, berriz, igeriketako Balea IKTko Master talde mistoak jaso zuen aipamen berezia. Gipuzkoako Zeharkaldien Ligan lehen postua lortzeaz gain, bederatzi domina pilatu zituen Neguko Espainiako Txapelketan.

Azken erabakia Kiroletako Udal Patronatuaren Zuzendaritza Kontseiluaren esku egongo da. Udal gobernuko talde politiko guztiak daude bertan ordezkatuta. Kontseiluak urtarrilaren 19an zabalduko du bere erabakia, eta sari-banaketa 28an izango da, irekia izango den gala berezi batean. San Martinek dei egin die zarauztar guztiei haien hautagaiak proposatuz parte har dezaten: “Kirolaz gozatuz eta kirolari asko emanaz bizi den herria da hau, eta horregatik hain justu, oso esanahi berezia dute sariok. Zarauztar asko daude, izendatuen artean egoteko moduko merituak egin dituztenak. Urtarrilaren 28ko ekitaldia, formatu honekin egiten dugun bosgarrena, kirolerako duen grina ospatzen duen herri baten isla izango da”.

Share.

Leave A Reply