Erdi Aroko Azoka antolatuko dute bigarren urtez

0

Imanol Lasa Turismo zinegotziaren arabera, ‘Ideia Berriak’ kanpainaren barruan herritarrek proposatutako jarduera da, eta iaz arrakasta handia izan zuen lehen urtean.

Larunbat honetan hasita, eta asteazkena bitarte (hilaren 4tik 8ra), Erdi Aroko Azoka antolatuko du herrian Turismo Bulegoak, bigarren urtez jarraian. Dekorazio ikusgarria, kale-animazioa, antzerkia, musika, eta artisautza eta elikagai erakustokiak izango dira, besteak beste. Herri erdian kokatuko da azoka, Lege Zaharren Enparantzan, eta Foruen eta Erribera kaleetan, hain zuzen. Guztira 70 postu izango dira, eremu horretan zehar: egurrezko kaxak, keramika, jostailuak, belar medizinalak, bitxiak, ogia, gozokiak edo pastak erosi ahal izango dira, besteak beste.

Zubia aprobetxatuz, zarauztarrei eta Urola Kostako biztanleei aisialdi ekimen erakargarria eskaintzea da azokaren helburua, Imanol Lasa Turismo zinegotziaren esanetan: “Giro eta dekorazo politak izango dira, eta espazio dibertigarria sortuko da haurrentzat zein helduentzat. Postuetatik haratago, animazioa egongo da ia etengabe. Iaz, eguraldiak zenbaitetan gehiegi lagundu ez bazuen ere, herritarrek oso harrera ona egin zioten ekimenari, eta horrek eraman gaitu aurtengoan ere azokaren aldeko apustua egitera”.

Hala, Erdi Aroari lotutako gaiekin kale-antzezpenak izango dira, horietako batzuk euskaraz: ‘Printsesaren bila’, ‘Eroen zirkoa’, ‘Txapelketa handia’, ‘Zalduna eta eskuderoa’, ‘Jentila kristauaren aurka’, edota ‘Agote eta damaren ezinezko amodioak’. Antzezleak ikusleak parte-hartzaile bihurtzen saiatuko dira, eta horrek oso egoera komikoak sortuko ditu. Animazio obra horiek malabarrak, suzko malabarrak, musika, komikoak, txotxongiloak, akuilu-makuilukoak, magoak, ipuin-kontalariak eta akrobaziak uztartuko dituzte, besteak beste.

Pertsonai mitologikoak ere izango dira, hala nola opariak daramatzaten iratxoak edo ogroak. Halaber, haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira, begiraleekin: mini-golfa, zuhaitza, zaldiko-maldikoa, astoen karabana… Dekorazioa ere behar bezala zainduko da, harmarri, estandarte eta bestelakoekin. Berritasun gisa, aurten Zarauzko merkatariei aukera eman die Turismo Bulegoak haiek ere azokan beren produktuak erakutsi eta sal ahal ditzaten, eta bik hartuko dute parte.

Hilaren 4an, larunbatean, zabalduko ditu ateak azokak, komiko, musikari, eta pregoilarien laguntzaz, 11:30ean. Gainerako egunetan ere ordu horretan irekiko dute, 21:30ak arte –orduan hasten da azken antzezpena-. Pegasus enpresa zarauztarra da bultzatzaile nagusietako bat.

Lasak azpimarratu duenez, “jai-egun hauetan herrian gelditzen direnek asko eskertzen dute horrelako ekimen bat edukitzea. Hala jakinarazi ziguten iaz. Udaz haratago, beste urtaroetan ekitaldiak antolatzea eta herria girotzea da Turismo Bulegoaren apustua azken urteetan. Kanpotarrentzat ere, aitzakia ezin hobea da egunotan Zarautz bisitatzeko. Ondo hartuko ditugu, beti bezala”.

Duela bi urte Ideia Berriak izeneko kanpaina jarri zuen martxan Turismo Bulegoak, herritarrekin elkarlanean aisialdi eskaintza prestatzeko helburuarekin. Kanpainaren barruan, Erdi Aroko Azoka antolatzea zen zarauztar askok egindako proposamenetako bat. “Esaten zuten beste herri batzuetan, Hondarribian eta Ordizian, esaterako, halakoak antolatzen zirela, eta ea ez ote zen posible hemen ere egitea. Hainbat elkarrizketa ondoren, iaz aukera sortu zen, eta pozik gaude erantzunarekin”.

Azkenik, aldez aurretik eskertu du bizilagunen jarrera, dekorazioa jartzeko haien kolaborazioa beharko baita, eta sor litezkeen eragozpenen aurrean ulermena eskatu du.

Share.

Leave A Reply