Kirol arloko dirulaguntzak arautu eta onartu ditu Kirol Patronatuak

0

Azken hiru urteei dagozkien kopuruak jasoko dituzte ikastetxeek eta klubek

 

Kirol elkarte eta klubek zein ikastetxeek kirol arloan jaso beharreko dirulaguntzak onartu ditu berriki Zarauzko Kirol Patronatuak. Aurtengo ikastaro eta denboraldiari (2009/10), zein aurreko biei (2007/08 y 2008/09) dagozkien kopuruak jasoko dituzte. Joan den azaroaren 3koa da ebazpena, eta behin helegiteak aurkezteko epea bukatuta, urtarril erdialdean gauzatuko da ordainketa, aurreikuspenen arabera. Ikastetxeei 166.300 euro emango zaizkie guztira, eta kirol taldeei, berriz, 173.800,59. Azken hiru denboralditako dirulaguntzak daude kopuru horren barruan.

Iban San Martin Kirol zinegotzia “oso pozik” azaldu da, hark azaldutakoaren arabera, “zinegotzi kargua hartzerakoan, 2009ko ekainean, laguntzen arloan zegoen egoerari konponbidea emateko tramite guztiak egitea zen nire lehentasun nagusietako bat. Laguntza hauek oso garrantzitsuak dira kirol jarduera mantendu eta sustatzeko, maila guztietan”. Arlo honetako dirulaguntzak banatzeko oinarri bereziak berrikusi eta idaztea izan zen lehen pausoa, errealitatera egokitzeko.

Zinegotziak azaldu zuenez, “alde guztien logikak uztartuko dituen markoa” bilatu dute. “Kirol taldeek ahalegin handia egin behar dute, kirol ekintzez gain, gestioa administratiboa eta ekonomikoa aurrera eramateko. Badakigu lan zaila dela, baina erakunde publikoak, denona den dirua banatzerakoan, derrigortuta daude zorroztasun eta gardentasun osoz jokatzera, gasturik txikiena ere behar bezala justifikatuz. Oinarri berriekin, bi logika edo behar horiek uztartzen saiatu gara. Dena ondo eta seriotasunez antolatu nahi izan dugu”.

Lan horretan burubelarri aritu ondoren, dokumentu berria prestatu zen, dirulaguntzak eskatzeko baldintzak eta horien kopurua zehazteko aldagaiak xehetasun guztiekin finkatzen zituena. Oinarri horiek joan den maiatzaren 26ko Osoko Bilkuran onartu ziren. Halaber, dirulaguntzen deialdia egin beharra zegoen; egun horreta bertan onartu, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 28an. Hiru aste lehenago, 8an, Kirol zinegotziak bilera egin zuen polikiroldegian ikastetxe eta klubetako ordezkariekin, prozedura eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruan azalpenak eman, eta zalantzak argitzeko.

Bi hilabeteko epea izan zuten eskaerak aurkezteko, eta behin bukatuta, Patronatuak guztiak aztertzeari ekin zion, eskatzaileek diru-laguntzak izateko baldintza guztiak betetzen zituztela egiaztatuz, eta bakoitzari dagokion kopurua zehaztuz, Patronatuak onartutako oinarrien arabera. Lehenik eta behin dirulaguntzaren %70 jasoko dute, eta gainerako %30 fakturak eta ordainketa-agiriak aurkeztearekin bat ordainduko da. Eragile gehienei pertsonalki jakinarazi zaie zenbat jasoko duten, baina kopuru guztien zerrenda Udalaren web orrian –www.zarautz.org eta udaletxeko iragarki-taulan emango da argitara,

Ikastetxeentzat, 55.000 euro bideratuko dira 2007/08 ikastaroagatik, 55.500 2008/09gatik, eta 55.800 2009/10gatik. La Salle, Antoniano, Lizardi Institutua, Orokieta eta Salbatore Mitxelena izango dira hartzaileak. Bi ataletan ematen dira diru-laguntzak, benjamin eta alebin kategoriatan, hain justu, ikasle kopurua eta federatutako talde kopurua aintzat hartuta. Besteak beste, ondorengoa frogatu behar dute ikastetxeek: “heziketa mailan” kirola sustatzeko egitura egonkorra dutela; erakundeekin eta gainerako ikastetxeekin elkarlanean ekintza egitaraua garatzen dutela; ikasleei kirol heziketa eskaintza anitza bermatzea; eta beren instalazioen erabilera erraztea.

Kirol talde eta elkarteei dagokienez, bi diru-laguntza lerro daude: ohiko jardueretara zuzendutakoa bata, eta ezohiko jarduerak babesten dituena bestea, hala nola txapelketak, urteurrenak, edo nazioarte mailako probetan parte-hartzea. Aurrenekoen kasuan, azken hiru denboraldiak batuta, 112.500 euro emango dira guztira, ondorengo taldeen artean banatuta: Antoniano,  Zarauztarra Txirrindulari Elkartea, ARD Jentilbaratza, Balea IKE, Zarauzko Triatloi Elkartea, Zarauzko Surf Elkartea, Pagoeta, Judo Klub Lizardi, Shidokan, eta Golf. Ezohiko jardueretara, berriz, 61.300,59 euro bideratuko dira, Antoniano, Zarauztarra, Balea, Triatloia, Surfa eta Pagoeta izango direlarik hartzaileak.

San Martinek azpimarratu duenez, kasu batean zein bestean “aldagai objektiboak hartu dira kontuan dirua banatzeko, eta horien arabera puntuak batu dira”, Ohiko jardueren barruan, “ohiko eta eliteko lizentzia kopurua, talde eta atal kopurua, titulua duten teknikariak, bidaiak edota formakuntza ekintzat”, esaterako. Kirol txapelketen barruan, berriz, oihartzunak, iraupenak, ikusle eta parte-hartzaile kopuruak, parte-hartzaileen mailak, probaren mailak edota aurrekontuak puntuatzen dute. Aldagai horiek guztiak eta bakoitzak duen pisua oinarrietan zehazten dira.

Zinegotziaren aburuz, “aurrerapen garrantzitsua” da etorkizunerako dirulaguntzak eta deialdiak arautu izana. “Behin eta berriz diogu kirola Zarautzen bizimoduaren zati inportantea dela. 7.000 bazkide baino gehiago dauzkagu udal kiroldegian, ikastaroek sekulako erantzuna izaten dute beti, eta biztanle bakoitzeko lizentzia kopurua Gipuzkoako altuena da. Kirola oso zabalduta dago, bai maila herrikoan, berdin dio adina edo sexua, baina baita maila konpetitiboan ere. Kirolari asko eta onak, eta mundu osoan ospea duten kirol probak dauzkagu”.

Dirulaguntzak “garrantzi handiko tresna” direla gaineratu zuen, “egitura hori mantendu eta bultzatzeko, oinarrian zein maila altuagoetan. Denak bat gatoz kirola ona dela Zarautzentzat eta zarauztarrontzat, bizi-kalitateari lotuta dagoelako, eta herria ezagutarazteko eta bisitariak erakartzeko modu egokia delako. Krisi egoeran bagaude ere, ahalegina egin behar dugu, ahal dugun neurrian, apustu horri eusteko”.

Share.

Leave A Reply