2010eko kirolaririk onenek ostiral honetan jasoko dituzte euren sariak

0

Iban San Martin Kirol zinegotziaren esanetan, kirolari eskainitako urte eta ahaleginen errekonozimendua dira sariok

Zarauzko Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak aukeratu ditu jada 2010eko zarauztar kirolaririk onenak. Herriko kirol taldeek ez ezik, hala nahi izan duten bizilagun guztiek izan dute hautagaien izendapenean parte hartzeko aukera. Horretarako epea hilaren 10an bukatu zen, eta epaimahaiak 19an eman zuen jakitera azken erabakia.

Hala, Iban San Martin Kirol zinegotziak aurreratu duenez, sarituen zerrenda ondorengoa da, kategoriaz kategoria:

EMAKUMEZKO KIROLARIRIK ONENA: Maialen Mujika (Eskubaloia). Azken urteetan ohikoa izan da Euskadi eta Espainiako selekzioetan, eta aurten Junior mailako Munduko Txapelketa jokatu du, Korean

GIZONEZKO KIROLARIRIK ONENA: Pablo Cazalis (Igeriketa). Urrezko bi domina eta brontzezko bat Espainiako neguko junior Txapelketan.

EMAKUMEZKOEN TALDERIK ONENA: Emakumezkoen Triatloi taldea. Euskadiko Txapeldun eta Euskadiko liga beteranoetako txapeldun.

GIZONEZKOEN TALDERIK ONENA: Senior mailako saskibaloi taldea (ZKE-ZAST). Euskal Ligara igoera.

KIROL IBILBIDEA: Karmele Makazaga (Eskubaloia). 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Espainiako selekzioko kapitaina izan zen eta 100 partidatik gora jokatu zituen bertan. Espainiako Eskubaloi Federazioaren Urrezko Domina.

BIZITZA OSOA BOLUNTARIOTZAN: Juan Treku, Juan Mari Gibelalde eta Jexux Agues, Zarauzko Triatloi Elkartearen sortzaileak.

BABESLEA: Aiala Sukaldaritza Eskola, nesken eskubaloi taldearen babesla.

Aurtengoan, gainera, Zarauzko Kirol Patronatuak bi aipamen berezi emango dizkie Jesus Rubio (karate) eta Txema Gomezi (atletismoa). Karate-do borroka-artean aitzindari izan da Rubio Zarautzen. 28 urte eman ditu irakasle gisa. Gomez, berriz, erronka berezia bete zuen 2010ean: urteko 365 egunetan Zarautz eta Getaria arteko bidea korrika egin.

Ostiral honetan, hilaren 28an, jasoko dituzte ondo merezita irabazitako sariak, urtero legez Antoniano aretoan egingo den gala berezian. Ondoren, Udaleko ordezkariek, sarituek, eta kirol elkarte eta taldeetako ordezkariek mokadutxo bat egiteko aukera izango dute.

Iban San Martinek zorionak eman dizkie saritu guztiei. Haren esanetan, “kirolari eta inguruko pertsonei eskainitako urteen errekonozimendua dira sariak. Bakoitzak, bere ibilbidearekin, Zarauzko kirolari distira ematen lagundu du, eta baita herria egiten lagundu ere, harremanak sortzeko eta pertsonen arteko loturak sendotzeko modu ezin hobea baita kirola. Bakarka eta taldeka, norbere burua gainditzeko eskola ere bada. Zarautz ezagutzera eman dute sarituek. Herriaren izena harro eraman dute, eta enbaxadore eta ordezkaririk onenak izan dira”.

Halaber, mundu guztiari dei egin dio, galaz goza dezaten: “Kirolari lotuta bizi den herria da hau, eta horregatik hain justu dute sariok horren esanahi berezia. Zarauztar askok egin dituzte zerrenda honetan egoteko merituak, eta sekulan ez da erraza haien artean aukeratzea. Diren guztiak ez daude, baina segurtasun osoz esan daiteke dauden guztiak badirela. Formatu honekin ospatzen dugun bosgarren gala da, eta gure nahia da kirola maite duen herri baten festa izatea”.

Share.

Leave A Reply