Argiak hobetzeko lanak burutzen ari dira Itxasmendiko pistan

0

Zarauzko Kirol Patronatua hamabi kale-argi jartzen ari da pistaren perimetroan, erabiltzaileek hala eskatuta, Herrilan arloarekin elkarlanean

Zarauzko Kirol Patronatua Itxasmendi auzoan dagoen atletismo pistako argiztapena hobetzeko lanak burutzen ari da egunotan, hainbat erabiltzaileren iradokizunari jarraiki. Izan ere, batez ere txirrindulariek, eguna iluntzen zuenean pista erabiltzeak ekar zezakeen arriskuaz ohartarazi zuten. Obra zibilari dagozkion lanak, hau da, lurra altxatzea, hoditeria eta kableak jartzea, eta baldosa berriarekin estaltzea, duela zenbait egun bukatu ziren, eta argiztapena instalatzea besterik ez da falta. Azken lan hori hemendik bi astera baino lehen bukatzea espero da.

Iban San Martin Kirol zinegotziak eta Edu Arana Zarauztarra Txirrindulari Elkarteak bertatik bertara azaldutakoaren arabera, sei metroko altuera duten hamabi aluminiozko zutoin jarriko dira argiei eusteko, pistaren perimetro osoan zehar. Aurrekontua 29.533,86 eurokoa da, eta Patronatuak hartuko du bere gain osorik. Hala ere, udal-brigada da obra guztia burutzeaz antolatzen ari dena, azken fase honetan, argiak jartzerakoan, Kirol Patronatuko langileen laguntza izaten ari baldin bada ere.

Aurrekontu horren barruan daude materialaren kostua (argiak, kableak…) eta kanpotik alokatu behar diren unean-uneko zerbitzuena. “Ahalegin handia egin dugu aurrezteko eta Udal barruan dauzkagun giza-baliabideak aprobetxatzeko. Udaleko eta Patronatuko langileak egiten ari diren lan ona eskertu nahiko nuke. Baita Herrilan zinegotzi Jose Mari Agirrek erakutsitako egokiera ona, une oro lanak erraztu baitizkigu”, adierazi du San Martinek.

Argiztapenak tenporizadorea edukiko du, baina oraindik ez da zehaztu zein ordutegian piztuko den behin-betiko. Hasiera batean, gaueko bederatziak arte egongo dira piztuta. “Hobekuntza garrantzitsua” ekarriko dute obrak, atletismo taldeak eta Zarauztarra Txirrindulari Elkarteko kideek pista erabili ohi dutelako entrenamenduak egiteko, hainbat herritarrek bezala. “Dezente erabiltzen den instalazioa da, eta aurrerantzean segurtasun baldintza hobeagoetan erabili ahalko da”.

Aranak aditzera eman duenez, Zarauztarra taldeko txirrindulari gaztetxoenek, benjamin, alebin eta infantil mailakoek, pistan entrenatzen dute astearte eta ostegunetan. “Entrenamendu egunak Antoniako (atletismoa) kideekin uztartzen ditugu. Haiek astelehen, asteazken eta ostiraletan erabiltzen dute pista. Oso ondo datorkigu gaztetxoenak zailtzeko eta ikasteko, trafikorik ez dagoelako eta eremu segurua delako. Abendañon ere aritzen gara. Gainera, orain hobeto ikusiko da eta erorikoak eta bestelako ezbeharrak errazago saihestuko dira. Bere garaian udaletxeari proposatu genion beste hobekuntza bat egitea, peralte txiki bat, eta egin egin zen. Obra hau ere ondo doa, epeen barruan, eta pozik gaude”.

San Martinek aitortu duenez, “hobetzeko tarte handia dago herrian kirol-instalazioen beharrak asetzeari dagokionean. Denon artean definitu behar dugu zer nahi dugun eta batez ere, zer egin dezakegun etorkizunean, bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Baina bitartean, ezinbestekoa da egun herrian dauzkagun instalazioak hobetu eta etekinik handiena ateratzea, inbertsio apalagoekin. Obra hauek norabide horretan doaz”. Halaber, bestelako adibideak ere aipatu ditu, hala nola Orokietako frontoiaren estaldura, edota Lasalle ikastetxearekin sinatutako hitzarmena, mundu guztiak bere instalazioak erabili ahal izan distan: “Onarpen bikaina izan du”.

Azkenik, biek ala biek animatu dituzte herritarrak Itxasmendiko instalazioak ezagutzera. Pistaz gain, saskibaloi eta tenis kantxak ere badaude bertan.

Share.

Leave A Reply