Nerabezaroaren eta drogen inguruko prestakuntza saioak antolatu ditu Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak

0

Izena emateko epea hilaren 31n bukatzen da, astelehenean

Seme-alaben heziketan, nerabezaroa garai garrantzitsuenetako bat izan ohi da. Nerabeek orduan izaten dute lehen kontaktua drogen munduarekin, eta gurasoentzat zalantza eta kezka iturri izan ohi da. Hori horrela, Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak prestakuntza saioak antolatu ditu egoera horretan aurkitzen diren edo gai horretan interesa duten gurasoentzat.

Maribel Albizu Gizartekintza zinegotziak jakinarazi duenez, helburua kezka, zalantzak eta zailtasunak argitu, bideratu eta elkarbanatzea da. Horretarako, zazpi saiotan banatuta gai ezberdinak jorratuko dira.  Landuko diren gaiak: nerabezaroa familia guztientzat aldaketa garaia, seme alaben heziketan bikotearen koherentzia, komunikazioa, gatazken murrizketa eta famili erlazioen hobekuntza, arauak eta mugak, gainbegiratzea, debekuak eta familia loturak, familiak tabakoa, alkohola eta beste drogekiko duen jarrera, eta nola kudeatu nerabeen gaueko irteerak

Bi orduko 7 saio dira guztira: otsailaren 3, 10, 17 eta 24an eta martxoaren 3,10 eta 17an  burutuko dira, arratsaldeko seietatik zortzietara. Matrikulak 15 euro balio ditu. Ikastaroak egiteko gutxienez 8 pertsona beharko dira, bestela bertan behera geldituko da.

Prestakuntza saio hauek AGIPADeko Pakita Mateos psikologak emango ditu, familia bitartekaritzan aditua.  Elkarte hau bera da eskoletan drokomenpekotasunaren programa garatzen ari dena, eta ikastaro hau ere programa horren barne kokatzen da.

Izen ematea zabalik dago  Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuan, hilaren 31 arte.

Informazio gehiago:

Prebentzio Zerbitzua, Zuberoa Kalea 22, behea.

Tel.: 943 00 51 27 – www.zarautz.org – E-mail:  prebentzioa@zarautz.org

Share.

Leave A Reply