Polikiroldegia egun gehiagotan irekitzeko aukera, kontsultagai

0

Patronatuak dokumentu batean zehaztuko du zenbat igo beharko litzateke kuota neurri hori ahalbidetzeko

Polikiroldegiko instalazioak urtean zehar egun gehiagotan irekitzeko aukera mahai gainean jarriko du Zarauzko Kirol Patronatuak, jai-egunak barne, egunik seinalatuenak alde batera utzita. Iban San Martin Kirol zinegotziak jakitera eman duenez, datozen asteetan, ekonomikoki neurri horrek zenbat suposatuko lukeen kalkulatuko da gutxi gora behera, eta emaitza abonatuei aurkeztuko zaie polikiroldegiko instalazioetan, igoera onartzeko prest haietako zenbat egongo liratekeen jakite aldera. Halaber, nahi duten ekarpenak egin ahal izango dituzte, hobekuntzak, edo beren egutegia proposatuz, esaterako.

“Azken garaiotan eztabaida dago kalean gai honen inguruan”, ziurtatu du San Martinek. Hala, zarauztar batek batek baino gehiagok kexa azaldu du komunikabideetan, Gabonetan polikiroldegiak egun gehiegi ixten dituela argudiatuta, inguruko herrietan ez bezala –Orio eta Zumaia aipatzen ziren- Polikiroldegiak honako egunetan itxi zituen ateak: 24, 25, 26, 31, 1, 2 eta 6an. 5ean, berriz, goizeko 6:15etatik 15:00etara egon zen zabalduta.

Zinegotziak azaldu duenez, itxiera bi arrazoirengatik egiten da: “Alde batetik, gastuak murriztu beharra hartu behar da kontuan. Udalak egiten duen diru-ekarpena %19 jaitsi zen 2010ean. Bestetik, aintzat hartu behar da egun horietan erabiltzaile kopurua %70 txikiagoa dela, beraz, ixteko egokienak dira. Neurriak eskatzen ari zaizkigu zorpetzeari aurre egiteko, zentzu osoz, eta kudeatzaile gisa gure betebeharra da arduraz eta gardentasunez jokatzea.

2009an, polikiroldegia 22 egunetatik egon zen itxita, 365tik. Iragan urtean, aurrekontuaren jaitsiera zela-eta, 30 egunera handitu behar izan zen kopuru hori, eta 2011n 32koa izango da. “Horrela asko aurrezten da energia eta ura kontsumoan, eta pertsonal gastuetan. Beharrezko neurria da aurten ere, Udalaren ekarpena %10 jaitsiko delako beste behin”. Jai egunetan ez ezik,uztailean eta abuztuan, igandetan ere itxita egoten da polikiroldegia egun.

Edonola ere, zinegotziak honakoa nabarmendu du: “Irekitako orduei erreparatzen badiogu, Zarauzko polikiroldegiak zerbitzu paregabea eskaintzen du, Urola-Kosta zein Gipuzkoa mailan. Astelehenetik ostiralera, goizeko 6:15etatik gaueko 10etara irekitzen du, etenik gabe”. Larunbatean, berriz, 8etatik 13:30era, eta 16etatik 21etara zabaltzen du. Igandean, azkenik, 9 eta 13:30 bitartekoa da ordutegia. “Erabiltzaileen satisfakzio maila oso altua da, instalazioak bikainak dira, eta Patronatuak eskaintzen dituen ikastaroetan izenemateak urtetik urtera nabarmen ari dira hazten. Joan den abenduan, 1.187 ikasle zeuden guztira.

Haatik, San Martinen iritziz “onuragarria” da polikiroldegia gehiagotan zabaltzearen gaineko eztabaida, “igande arratsaldetan barne”, egunik seinalatuenak kenduta. Datozen asteetan, erabiltzaileen eskura dokumentu bat jarriko da polikiroldegiko instalazioetan. Bertan, egun aurreikusten denaz gain, beste bi egutegi aurkeztuko dira, eta bakoitzarengatik kuotan zenbat gehiago ordaindu beharko luketen zehaztuko da. “Ezin dugu ahaztu abonatuek polikiroldegiko gastuen %80 ordaintzen dituztela soilik beren kuotekin, eta gainerakoa Udalak jartzen duela. Beraz, neurri batean edo bestean, ezinbestekoa izango litzateke igoera”.

Erabiltzaileek zein aukera hobesten duten adierazi, eta ekarpenak eta iradokizunak egin ahal izango dituzte, polikiroldegian bertan, idatziz, zein sanma@zarautz.org helbidean. “Kirola egiten duen jende kopuru altuagatik nabarmentzen da Zarautz. Horrenbestez, kirol praktikarako gune nagusia den hori ia urteko egun guztietan irekitzea bilatu beharreko helburua eta erronka polita da. Baina horrek dirua suposatzen du, eta herritar asko estu dabiltzan honetan, haien egokiera zein den jakin nahi dugu, eta haiek ere gure kudeaketaren berri izatea eta gardentasunez jokatzea eskatzen digute”.

Dokumentua otsaila bukaeran jarriko da erabiltzaileen eskura polikiroldegian. Izan ere, aurtengo aurrekontua aurreratuta edukitzea beharrezkoa da kalkuluak fidagarritasunez aurkeztu ahal izateko.

Share.

Leave A Reply