XXIX. Lizardi Saria, Arrate Egañarentzat

0

‘Giltza’ lanari esker lortu du garaipena Bermeon bizi den gipuzkoar jatorriko idazleak; apirilean jasoko du saria

 Ohi bezala, 2.500 ale argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak Zarauzko ikastetxe eta eskoletan banatzeko

Arrate Egaña Gimenezek (Errenteria, 1963) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXIX. edizioa, ‘Giltza’ lanarekin. Hamaika lan aurkeztu dira 2010eko sariketara, eta Egañarena aukeratu du Jesus Mª Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Castillo Suarezek (2009ko edizioaren irabazlea) osatutako epaimahaia, Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez.

3.700 euro jasoko ditu sari gisa eta bere lana argitaratu egingo da. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale Zarauzko Euskara Zerbitzuak. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2011ko apirilean. Imanol Lasa Euskara zinegotziak “zorionik beroenak” eman dizkio irabazleari, eta Lizardi Saria historikoki “erakusleiho bikaina” dela adierazi du, “euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa” azpimarratuz.

Kalitateari buruzko aipamena ere egin du. “2006an eman gabe gelditu zenetik, azken lau urte hauetan aurkeztutako lanen maila orokorra oso altua izan da. Frogetako bat ez aspaldi izan genuen, 2007an irabazle izan zen Ruben Ruizi literaturako Euskadi Saria eman baitzioten, Zarautzen aurkeztutako ‘Anekdotak’ lanarekin. Espero dugu Egañaren lanak ere ibilbide oparoa edukitzea eta gazteen artean irakurzaletasuna pizteko balio izatea, hori baita sariaren helburuetako bat”.

Lizardi Saria sari erreferentziala da haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan. Lehiaketa honek duen ospea azpimarratzeko, ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal, Xabier Mendiguren Elizegi… Beste emakume baten lekukoa hartu du Egañak, Castillo Suarezena, hain zuzen: ‘Ebelina Mandrina’ lanari esker irabazi zuen 2009ko edizioa idazle nafarrak.

Arrate Egaña (Errenteria, 1963)

Bermeon bizi da. Filologia Hispanikoan lizentziatua da eta irakasle izan da Gipuzkoako zein Bizkaiko institutuetan. Gaur egun ISEIn (Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundean) lan egiten du, hizkuntzen teknikari izanik. Irakurzaletasunari buruzko zenbait ikastaro eman ditu, eta EITBk antolatutako gidoigintzari buruzko masterra du. Umeentzat eta gazteentzat argitaratu du gehienbat, baina  baita helduentzako ipuinak ere. Honako literatur sariak eskuratu ditu: ‘Angelitos negros’ (1992, Premio Atenea), La visita (1992, Donostia Hiria), ‘Printzesa puzkertia’ (1999, Bapore saria), ‘Katea’ (2000, Bermeoko Erroxape elkarteko saria) eta ‘Neguko udareak’ (2002, Bilboko Udala, Emakumeak kontari).

Share.

Leave A Reply