Bultzada turismoaren kudeaketa partekatuari

0

Sektoreko eragile nagusiak biltzen ditu Turismoaren Aholkularitza Batzordeak: Turismo Bulegoa, ostalariak, merkatariak, hotelak eta kirol elkarteak

Urtean bitan bilduko da ohiko batzarrean, gutxienez

Zarauzko Turismoaren Aholkularitza Batzordeak lehen urratsak egin ditu jada. Herrian turismoaren garapen eta sustapenarekin zerikusia duten eragileak biltzen ditu erakunde berri honek, eta herenegun bilera egin zuen bere asmoei bultzada emateko xedearekin. Hauexek izango dira bere egiteko nagusiak: modu partekatuan Zarauzko aisialdi eta turismo eskaintza diseinatzen lagundu, lehentasunak zehaztu, eta sektorearen erronka nagusiei aurre egin. Izaera kontsultiboa izango ditu, eta arlo honetan egiten den udal-politikaren aholkularitza eta informazio lanak ere egingo ditu.

Imanol Lasa turismo zinegotziak azaldutakoaren arabera, azken urteotan zehar elkarlana izan da Turismo Bulegoaren “euskarri nagusia”. “Bilerak egin ditugu ostalari, merkatari, eta oro har eragile turistikoekin, eta kanpainak jarri ziren abian herritar guztiek izan zezaten iradokizunak eta eskaerak egiteko aukera, festak hobetzeko edota ideia berrien alde egiteko. Guzti horrek osatzen du duela gutxi onartu genuen Turismoaren Plan Estrategikoaren mamia, lau urteko iraupena izango duena, eta jarduera zehatz ugari antolatzeko ere balio izan zuen”.

Batzordearen sorrerarekin, “kudeaketa partekatu horri modu batean edo bestean instituzionalizatzea eta formalizatzea bilatu dugu, hobeto koordinatzeko eta indarrak batzeko eremu finko baten beharra ikusi baikenuen”.

Ondorengo kideek eratzen dute Batzordea: Udaleko Turismo eta Merkataritza eta Ostalaritza sailak (Imanol Lasa eta Rafa Olaizola); Zurekin Ostalarien Elkarteko ordezkari bat (Maria Garrastazu); Murkil Merkatarien Elkarteko ordezkari bat (Marian Urquia); herriko Zerbitzu Turistikoen Enpresen ordezkari bat (Juanjo Aranburu); hotel, ostatu eta pentsioen ordezkari bat (Iker Basurko); Zarauzko Kirol Elkarteko ordezkari bat (Esteban Collantes); eta ondorengo kirol taldeen ordezkari bat: triatloia, arrauna, zikloturistak, txirrindulariak, igeriketa, surfa, BTT (Marina Fernández).

Batzordearen eraketa urte bakoitzaren hasieran berritu ahal izango da. Ohiko batzarrean bilduko da urtean bi aldiz, gutxienez, presidentetzak deituta. Eta ezohiko batzarrean bilduko da presidentetzak zuzenean hala erabakitzen duenean, edota Kontseiluaren %50etik gora hala eskatzen duenean. Presidentetzak deituko ditu batzarrak, baina deialdiak egin ahal izango dira ere Kontseiluaren kideen bi herenek hala adostu eta eskatzen dutenean.

Batzordeak Turismo Bulegoari emango dio aholkua batzordea eratzen dutenei zuzendutako egitasmo, jarduera eta aktuazioen inguruan. Herritarren partaidetzaren eta politika-kultura berria funtsezko osagaia izango da, turismoari dagozkion udal politiken erabakietan parte-hartze aktiboa ahalbidetzeko gunearen sorrera baitakar. Inplikazioa, eztabaida, eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlana eta elkarreragina erraztuko ditu, herriaren interes orokorra bilatuz betiere.

Turismo, kultura, kirol, jai edo bestelako arloetan eragina duten jarduerak planifikatu eta aurrera ateratzea izango da bere egiteko garrantzitsuenetakoa. Horretarako, hausnarketa eta erabaki prozesuak egingo dira, eta ideiak bildu eta kontrastatuko dira bildutako eragileen partaidetzarekin. Lasak espero du “herriarentzat onuragarriak izango diren ekitaldiak antolatzeko akuilu eta babes gisa balio izatea. Sektoreko eragileen partaidetzarekin eta ezagutzarekin mamitu izanak dakarren bermea izango dute ekitaldi horiek”.

Turismo politikari buruzko helburuak eta proposamenak jasoko ditu Batzordeak, eta gomendioak, iradokizunak eta proposamenak egingo dizkio Turismo Bulegoari, horren ildo nagusiak bideratzeko turismoan eta ekitaldien antolaketan. Orobat, harremana eta elkar-trukea sustatuko ditu helburu gisa jarduera soziokulturalak, kirol arlokoak, etabar sustatu eta garatzea duten elkarte eta entitateen artean, turismoaren ikuspegitik.

Halaber, herritarren partaidetza pizten duten neurriak sustatuko ditu, Turismo Bulegoari dagozkion jarduera turistikoak planifikatu, aurrera eraman eta ebaluatu ahal izateko. Batzordeak garrantzi berezia izango du, hain zuzen, urtean turismoari, kirolari eta jaiei lotuta prestatzen diren egitasmo, neurri eta programen jarraipen berezia eta ebaluazioa egiteko, kalitatea, eraginkortasuna eta gardentasuna zainduz.

Bestelako gaitasunak ere izango ditu. Hala, Lan-Batzordeak sortu ahal izango ditu gai edo jarduera bereziak espresuki jorratzeko, beharrezkotzat jotzen duenean. Beste elkarte, entitate eta kolektibo berriek Batzordean sartzea proposatu ahal izango du ere.

Turismo zinegotziaren esanetan, “sektoreari lotutako eragileen eta Turismo Bulegoaren arteko harremanetan interlokuzio iraunkorra eduki ahal izateak asko erraztuko ditu gauzak operatibitate mailan, hemendik aurrera jakingo dugulako nori eta non zuzendu”. Era berean, gogorarazi du Batzordea martxan jartzea zela “legealdi honen hasieran geneukan erronka handienetako bat, eta bete egin dugu. Duela gutxi onartu dugun Turismoaren Plan Estrategikoa garatzeko ezinbesteko euskarria izango da”.

Share.

Leave A Reply