Lidergo sendo eta argoa behar du Zarautzek

0

EAJ-PNVK atzo aurkeztu zuen Imanol Lasa Zarauzko alkategai, Urola-Kostako gainerako hautagaiekin batera

EAJ-PNVk Urola Kostako alkatetzetarako hautagaiak aurkeztu zituen atzo ofizialki, Otzarreta jatetxean egindako ekitaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Joseba Egibar, GBBko lehendakari eta Eusko Legebiltzarreko bozeramalea. Herrian alderdi jeltzalearen zerrendaburu denak, Imanol Lasak, hartu zuen hitza, eskualdeko gainerako hautagaiak ordezkatuz: Jon Redondo (Orio), Aia (Igor Iturain), Zumaia (Montse Arana) eta Andoni Aristi (Getaria).

Lasak aurreratu zuenez, dagoeneko osatua dute hautagaitzaren zerrenda osoa. Horrez gain,“hauteskunde programaren ildo nagusiak, mamitze bidean diren herriko proiektuak, egiteke daudenak, eta gure alderdiak proposatzen dituen beste batzuk biltzen dituen dokumentu luzea” ere adostu dute. Azken hilabeteetan “sukalde lanetan” ari direla gaineratu zuen; “herriko hainbat eragile eta pertsonekin biltzen ari gara, geure ideiak azaltzeko eta kontrastatzeko, eta gure proiektua osatzeko ekarpen berriak jasotzeko”.

Hautagai jeltzaleak beharrezkotzat jo zuen “herriko bizilagunen benetako beharrak eta desioak zeintzuk diren ezagutzea, baina hori bezain garrantzitsua da aurrera nola eraman ditzakegun zehaztea, ilusioari uko egin gabe, baina kudeaketa proiektu errealista eta arduratsu batekin”. Haren esanetan, “egungo egoera ekonomikoaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da erakunde publikoek zorroztasunez, efizientziaz eta gardentasunez jokatzea. Gure alderdiak zerbait erakutsi badu, kudeaketarako eta lanerako gaitasuna da, egoera zailetan ere. Hori da gure bereizgarria”.

Honako mezua azpimarratu zuen Lasak: “Zarautzek lidergo sendo eta argia behar du alkatetzatik, ideia garbiak, eta herritarren behar nagusiei erantzuna emateko erabakitzeko gaitasuna edukiko dituena: etxebizitza, jarduera ekonomikoen sustapena… Oinarri hori gabe, zaila da herriak nahi dugun erritmoan aurrera egitea, egoera ekonomikoa hobea edo okerragoa izan”. Lidergo faltari buelta emateko, bere proposamenean konfiantza handia dute jeltzaleek: “Badauzkagu pertsonak, badauzkagu ideiak, eta badauzkagu balore eta konbikzio sendoak”.

Share.

Leave A Reply