Musika, lehiaketak eta kale animazioa izango dira aurtengo Inauterietako osagai nagusiak

0

Turismo Bulegoak eta herriko elkarte eta erakundeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte adin-tarte desberdinetako herritarrentzat, berritasun desberdinekin 

Igor Maiora, Ibon Irazola eta Miriam Azpilikueta irabazi dute aurtengo kartel lehiaketa

Zarautzek Inauteriak bete-betean ospatuko ditu aurten ere, asteburu honetan. Turismo Bulegoak hainbat ekitaldi antolatu ditu herriko talde eta eragile desberdinekin elkarlanean, musika, lehiaketak, jolasak eta kale animazioa oinarri gisa hartuta. Urtetik urtera gure herria hazten ari den ospakizun hau biziberritzea da egitarauaren helburu nagusia. Hori eman zuten aditzera atzoko aurkezpenean Imanol Lasa Turismo zinegotziak, Andoni Ibarguren Gazteria zinegotziak, Maria Garrastazuk (Zurekin), , eta Udaberri Jubilatuen Elkarteko ordezkari Bernardo Martin eta Usoa Ortiz de Zaratek. Guztiek parte hartu dute antolaketan.

Festak hainbat berritasun izango ditu, aurreko urteetakoekin alderatuta. Hala, bihar, ostirala, musika saioa egongo da Jon Urbieta antzezle, aurkezle eta dj ezagunaren eskutik, 19:30etatik 22:00etara Musika Plazan. Orain arte ekitaldirik ez zen antolatzen ostiraletan. Larunbatean, 18:30etatik 20:00etara, mozorrotutako koadrilen kalejira-lehiaketa izango da Musika Plazatik abiatuta, Zurekin Ostalarien Elkarteak antolatuta. Aldez aurretik izena ematea komeni da Turismo Bulegoan, eta egunean bertan, berriz, Txiki Polit tabernan. Banakako mozorroek ere hartu ahal izango dute parte.

Lehiaketaren sari-banaketa arratsaldeko zortziretan egingo da Musika Plazan. Koadrila-mozorrorik onenak Zurekin elkarteko kide diren tabernetan erabili ahal izango den 300 euroko txartela irabaziko du. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 200 eta 100 euroko txartelak irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Ekitaldi berean, Inauterietan ondoen dekoratutako tabernak saria jasoko du.

Gaztelekua izango da animazio gune garrantzitsuenetako bat, lehen aldiz 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako mozorro lehiaketa antolatu baita, zalantzarik gabe joko handia emango duen gaia ardatz hartuta: tribu urbanoak. Bestalde, musika, merienda eta karaokea egongo da, guzti hori larunbatean 18:00etatik 20:00etara. Adinekoek ere bat egingo dute festarekin, 20:30etatik 00:00etara mozorro-dantza izango baita Udaberri Jubilatuen Elkartean, egitarau ofizialaren barruan. Halaber, ostiral zein larunbatean, pailazo-sudurrak banatuko dira tabernetan.

Larunbateko ekitaldiekin jarraituz, animazioz beteriko gynkana izango da zortzi urtetik gorako neska-mutilentzat 12:00etatik aurrera, kale hezitzaileen eta Txipristin aisialdi taldearen eskutik. Harrera oso ona izaten du jarduera horrek, eta lehen arratsaldetan antolatzen zen. 19:30etatik 20:00etara, berriz, Clowntucada perkusio taldeak herriko kaleak girotuko ditu. 22:30ean, azkenik, dantzaldia izango da Musika Plazan, Zarautzen aski ezaguna den Trakets taldearekin.

Igandean, haur eta gaztetxoen txanda helduko da. Ekitaldi desberdinak izango dira haientzat. 11:00etatik 12:00etara, esaterako, giro herrikoia izango da erdiko kaleetan, kalejira, erraldoi eta buruhandiekin, eta Tximeleta fanfarrearekin. Tximeletakoek 14:00ak arte jarraituko dute jendea animatzen. Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara, Hipo eta Tomax pailazoek Musika Plazara gerturatzen diren guztiei barrea aterako diete. Ondoren, eta 18:30ak arte, askaria izango da haur guztientzat. Bukatzerakoan, eta 19:30ak arte, haurrentzat dantzaldi berezia izango da Tribu TB taldearekin. Eguraldia txarra balego, igandeko jarduerak Gaztelekuan egingo dira.

Imanol Lasak dei egin die zarauztarrei festarekin bat egin dezaten eta “modurik onenean” goza dezaten, hau da, “mozorrotuz”. Zinegotziaren arabera, “helburua herrian gelditzen diren zarauztarrei aisialdirako aukerak eskaintzea da, batik bat haur eta gaztetxoei, eurak izango direlako protagonista nagusiak, baina baita adinekoei ere. Guztientzat izango dira ekitaldiak, eta antolaketan, gainera, gerriko talde eta elkarteak daude engaiatuta. Garrantzi handia ematen diogu lidergo partekatu horri, eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlanari.  Inauteriak oso festa bereziak dira, eta Zarautzek merezi du kaleetan giro polita edukitzea, jendeak ikus dezan posible dela ondo pasatzea Tolosara edo Donostiara mugitu beharrik gabe”.

Kartel lehiaketa

Atzotik Euskalduna tabernan ikusgai dagoen erakusketa da Inauterien atarikoa. Euskaldunak berak eta Turismo Bulegoak antolatu ohi duten ‘Inauteriak 2011’ kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikus daitezke bertan. Sari banaketa atzo arratsaldean izan zen, tabernan bertan. Jabeak dira sarien kostua bere gain hartu dutenak.

Aurtengo irabazleak Igor Maiora, Ibon Irazola eta Miriam Azpilikueta eibartar gazteak izan dira, ‘INAUT11Z’ izeneko lanarekin. Lan hori izango da aurtengo Inauterietako kartelari irudia ematen diona –jada herriko hainbat puntutan ikus daiteke-, eta programaren eskuorrietan ere ikusi ahal izango dena. 400 euro jasoko dituzte garaile gisa. Oihana Leunda  zarauztarrak irabazi du bigarren saria ‘Oinak’-ekin. 200 euro jasoko ditu. 42 diseinu aurkeztu dira guztira lehiaketara, eta guztiak ikusi ahal izango dira datozen egunotan Euskaldunan.

Share.

Leave A Reply