EBPNren Plan Estrategikoa onartu dute

0

Gizarte esparru ezberdinak jasotzen ditu: familia, euskalduntze-alfabetatzea, irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kultura, komunikabideak eta informazioa eta teknologia berriak.

Herriko elkarte, erakunde eta norbanakoen elkarlana bultzatzen saiatuko da Euskara Zerbitzua.

Herenegun egindako osoko bilkuran onartu zuen Udalak EBPNren (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) Plan Estrategiko berria, 2011-2014 epealdirako. Aurretik, otsailean zehar eta martxoaren hasieran, herriko eragileak sektoreka bildu ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak, eta aipatu bilera horietan, 2011-2014 epealdian EBPN gidatuko duten lan-ildoen berri eman zaie, bai eta Euskararen Aholku Batzordea berriro ere martxan jartzeko proposamena luzatu ere.

Imanol Lasa zinegotziaren arabera, “euskararen aldeko akordio zabala eta parte-hartzailea behar dugu. Zarauzko kasuan ere, Udalak euskalgintzaren beharra dauka eta euskalgintzak Udalaren beharra. Eta biek herriko eragileena. Aukera ona dugu orain, eta hori lortzeko jarrera daukagu guk”.

Maiatzeko hauteskundeen ondoren deituko du Euskararen Aholku Batzordea Udaleko Euskara Zerbitzuak, eta orduan ekingo diote herriko talde eta erakundeetako ordezkariek eta norbanako-eragileek 2011-2014ko Plan Estrategikoa eta 2011. urteko kudeaketa plana aztertu eta horiei ekarpenak egiteari.

Lau urterako izango da Plan Estrategikoa, eta epe horretan garatuko diren esparruak eta helburuak, berriz, askotarikoak izango dira: euskararen erabilera handitu etxeko esparruan, eta transmisioa ziurtatu familia kideen arteko hizkuntza izan dadin; euskararen aldeko motibazioa eta euskararen ezagutza handitu herritarren artean; eta, helduen prestakuntza eskaintzan euskararen erabilera handitu; irakaskuntzan euskarazko ikastereduak sustatu, eta, eskolaz kanpoko prestakuntza jardueretan euskararen erabilera areagotu.

Beste hainbat esparrutan ere hizkuntzaren erabilera handitzea du xede Planak: lan munduan, merkataritzan, ostalaritzan, teknologia berrietan eta aisialdi, kirol eta kultur eskaintzan. Azken alor horretan, euskarazko kultur ekoizpenak eta sormena bultzatu, euskaraz irakurtzeko zaletasuna handitu, eta, tokian tokiko hizkera, toponimia, historia, ohiturak jaso eta hedatzea sustatu nahi da.

Halaber, herri edo eskualde mailan euskarazko komunikabideen garapena sustatu, eta euskararen erabilera bultzatuko du komunikabideetan, publizitatean ere euskararen presentzia areagotuz.

2011.eko kudeaketa planean eta ondorengo urteetan ere, esparru eta helburu guztietan eragiten saiatu nahi du Euskara Zerbitzuak, bat bera ere bazterrean utzi gabe. “Zarautz arnasgunea da euskararentzat. Zarautzek bezalako baldintza soziolinguistikoak dituen herri euskaldun batean ikuspegi integrala eduki behar da; hots, haurren eta beren familien erabilera indartzea helburu duten egitasmo eta ekintzak burutu behar dira; bereziki babestu behar da gazteen esparrua; enpresetan eta merkataritzan eragin behar da; iritsi berrien hizkuntza integrazioa aintzat hartu behar da; euskararen erabilera sustatu behar da Udalean, Udal barruko Erabilera Planari bultzada emanez…”, azaldu du Lasak.

Udal barruko Erabilera Planak aparteko garrantzia izango du, hain zuzen ondorengo lau urteetan. Udal bizitza euskalduntzea, hots langileentzat, zerbitzu hizkuntza ez ezik, euskara lan hizkuntza ere izatea izango dute helburu. Udaleko euskara teknikariak bat datoz honakoa baieztatzean: plan hotz eta teknikoki oso on batek bezainbeste garrantzia edo handiagoa du herriko euskaldunak aktibatzeak eta herritarren elkarlana bultzatzeak, horrela bakarrik lor litekeelako herriko sektore ezberdinetan era eraginkorrean eragitea.

Hala, nahiago izan dute Euskararen Aholku Batzordea maiatzeko hauteskundeen ondoren deitzea. “EBPNa ez da plan itxia, etengabe egokitzeko sortua baizik. Eta horregatik dei egin nahi diegu herriko talde eta norbanakoei Euskararen Aholku Batzordean parte hartzera”, azpimarratu du Euskara Zerbitzuburu Olatz Elustondok. Lasaren esanetan, berriz, hemendik aurrera “urtez urteko Kudeaketa Planean asmatu beharko da: eguneroko lanean eta jarraipenean. Eta langintza horretan herriko elkarte, erakunde eta norbanakoen elkarlana bultzatu nahi ditu saiatuko da Euskara Zerbitzua”.

Helburu nagusiak eta estrategikoak

EBPNren helburu nagusia euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Eta horrez gain Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea.

Share.

Leave A Reply