Ikastaro politikoari hasiera

0

EBBko presidente Iñigo Urkulluren ustez, Konstituzioa aldatu badaiteke krisi ekonomikoari aurre egiteko, “nazio bezala gure eskubideak onartuak izan daitezen konstituzioaren aldaketa eskatuko dugu”.

Zarauzko Lege Zaharren enparantzan eman dio hasiera urtero bezala EAJ-PNVk kurtso politikoari. GBBko presidente Joseba Egibarrek esan duenez, azkeneko 35urteetan EAJ-PNV izan da herri honen norabidea erakutsi duena, eta honakoa gaineratu du: “Garbi geratu da alderdiak asmatu duela; izan ere, politika eta indarkeria ezkongarriak ez zirela esan genuen. Egun ez dago erakundeetan ordezkaritza duen alderdi politikorik indarkeria eta politika ezkongarriak direnik esaten duenik”.

Ildo berean, Egibarrek Ezker Abertzaleari ondorengo kritika egin dio: “Batzuk mundua beraiek sortzen dutela uste dute. Sortu deitu diote beraien alderdi politiko berriari eta puntu eta aparte bat dagoela dirudi; izan ere, iadanik ez dago ikurriñekin arazorik, eta iraultzailearen praxia dela diote”. Ildo beretik, GBBko presidenteak Ezker Abertzaleari segidakoa gogoratu dio: “Herri honek ibilbidea badu, ondorioz, ezin da esan orain dela garaia Madrilen Euskal eskubide nazionala defendatzeko. Non egon dira orain arte? Garai politiko berria ezarri nahi dute, herri honek azkeneko 35urteetan ezer egin izan ez balu bezala”.

Honenbestez, Joseba Egibarren iritziz, EAJ-PNVk hasitako bideari eutsi behar zaio; alabaina, Franko hil zenean indarkeriaren aurkako aldarrikapena egin eta gero, egun aldarrikapen hori, giza eskubide guztiak pertsona guztientza, gizarte osoaren aldarrikapena da. Halaber, erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatu du Egibarrek, eta honakoa esan du: “Erabakitzeko eskubidea ez da erromantizismo hutsa, gizarteak aurrera egin dezan da. Euskaldunon etorkizuna euskaldunok hartutako erabakiengatik igarotzen da”.

Ekonomia Euskadiren etorkizunean garrantzi handia duela adierazi du Joseba Egibar GBBko presidenteak, eta segidakoa ohartarazi du: “Kalifikaziorako agentziak esan duenez, Estatu espainiarreko egoera ekonomikoak euskal ekonomiaren hazkunderako oztopoa da. Horregatik, gure etorkizuna irabazi nahi badugu ekonomian, gure enpresetan inbertitu behar dugu, eta horretarako euskal notasuna eraikitzeko tresnak eskura eduki behar ditugu. Egungo Eusko Jaurlaritzak ordea, ez du horretan sinisten eta Espainian disolbatu nahi gaitu”.

Amaitzeko, GBBko presidenteak adierazi duenez, batzuk sorkuntza lanetan promesak egiten eta beste batzuk herri honetan sinisten ez duten bitartean, EAJ-PNVk lan egokia egiten jarraituko du, euskal instituzioetan eta Euskal Herrian sinisten duelako.

IÑIGO URKULLU: “KONSTITUZIOAREN ALDAKETA ESKATUKO DUGU HERRI BEZALA GURE ESKUBIDEAK ONAR DAITEZEN”.

EBBko presidente Iñigo Urkulluk hartu du hitza ekitaldi politikoari amaiera emateko. Urkulluk esan duenez, garai berria hasi da, eta Euskadirako estatus politiko berriaren proposamenarekin hasiera ematen diogu. Ildo beretik, EBBko presidenteak honakoa gaineratu du: “Krisi egoeratik ateratzeko konstituzioaren aldaketa egitea posible bada, guk konstituzioaren aldaketa eskatuko dugu, herri bezala gure eskubideak onar daitezen”.

Era berean, Euskadirentzat hain garrantzitsua izan daitekeen konstituzioaren aldaketa proposamenaren aurrean, Lopez lehendakariaren inmobilismoa salatu du Iñigo Urukulluk, eta segidakoa azpimarratu du: “Ez gaude ados PPk eta PSOEk adostu duten presazko prozedura honekin. Non da Patxi Lopez euskaldunon eskubideak defendatzeko?”. Honenbestez, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde mistoa konbokatu ez izana kritikatu du.

Bestalde, EBBko presidentea Bilduri ere zuzendu zaio eta ondorengo mezua helarazi dio: “Bildu errealitatetik kanpo bizi da, eta gainera ez du egiten gizarte guztiak nahi duena, hau da, ETAri behin betiko armak uzteko eskaria”. Elkarrekin Espainiako hauteskundeetara joateko eskaintzari buruz, Urkulluren iritziz, EAJ-PNV ez da Madrilera joango egun batean eskumuturra altxatuta oihukatzeko, izan ere Euskadi egunero lan eginez altxatzen baita, eta EAJ-PNVk hori egiteko gai dela erakutsi du.

Share.

Leave A Reply