EAJk kezkaturik hartu du Bilduk Zarautzen atez-ateko bilketa ezartzeko azaldutako asmoa

0

Mozioa aurkeztu zuen atzoko Udalbatzarrean, Udal Gobernuari eskatuz sistema horren alde egingo ez duela bermatzeko; Bilduk eta Ezker-Batuak uko egin zioten

“Harritu egiten gaitu une hauetan Bilduk atez-atekoaren bideragarritasuna aztertzeko ikerketa enkargatzea”, deitoratu du Imanol Lasak

EAJ kezkaturik agertu da, Bilduk Zarautzen zaborren atez-ateko bilketa ezartze aldera azterketa onartzeko hartu duen erabakiaren aurrean. Jeltzaleek hiru puntuko mozioa aurkeztu zuten atzo ospatutako Udalbatzarrean, alkateari eskatuz Zarautzen atez-atekoa ezarriko ez dutela ziurta dezan. Halaber, mozio berean, EAJk sistema horren aurka dagoela azaltzen du, bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi eta horren erabilera orokortzeko neurriei babesa azaltzen die, eta prest agertzen da, Bildurekin eta beste alderdiekin elkarlanean, bilketa selektiboaren eta birziklatzearen arloan hartutako neurriak berraztertu eta hobetzeko.

Mozio hori ez zen aurrera atera, Bildu eta Ezker Batua Aralarren aurkako botoak zirela medio. “Kezka batekin gindoazen Osoko Bilkurara, erantzun hori espero genuelako, eta bi kezkekin irten ginen bertatik, alkateak iragarri baitzuen azterketa enkargatuko dutela Zarautzen atez-atekoaren bideragarritasuna ikusteko”, azaldu du Imanol Lasa bozeramaleak. “Asko harritzen gaitu horretarako baliabide ekonomikoak bideratzea, etengabe esaten ari direnean ez dagoela dirurik eta Udalaren egoera ekonomikoa oso delikatua dela. Badirudi dirua egon badagoela, interes alderdikoientzat bederen. Zarauztarrek egun duten ikuspegitik oso urrunduta dagoen erabakia dela uste dugu”, egaineratu du Lasak.

Bilduk “herritarrei eragiten dieten gai honetan eta beste askotan erakutsitako argitasun falta” kritikatu du EAJk. “Kasu honetan ere, beharrezkoa izan da guk mozio bat aurkeztea alkateak eta bere alderdiak beren jarrera itzulingururik gabe azal dezaten. Gauza bera gertatu zen saihesbidearekin edo Iritarekin. Noiz pentsatzen zuten esatea ikerketa batean dirua gastatu behar zutela?”. Alderdi jeltzalea, aitzitik, atez-ateko bilketa sistemaren aurka agertu da, “guztiz”, eta bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi du. “Hala zioen gure hauteskunde egitasmoak, eta hala esan dugu publikoki beti. Beti jokatu dugu koherentziaz”.

Mozioan, prebentzioa, birziklatzea eta konpostajea sustatzeko akordio orokor baten alde agertzen da EAJ. “Horretan denok egingo dugu bat. Erronka handia dugu hondakinen kudeaketarekin, baina atez-atekoa ez da konponbidea gure ustetan, herritarren bizitza zeharo baldintzatzen duelako, inposaketan oinarritzen delako, eta inposaketa iragana delako. XXI. mendean, kontzientziazioan, sentsibilizazioan eta heziketan sakondu behar dugu”. Era berean, atez-atekoak Zarautzen bizi-kalitateari kalte egingo liokeela adierazi du: “Osasunagatik eta garbitasunagatik, ez ditugu nahi zabor boltsak gure atarietan eta etxe-aurrealdeetan zintzilik”. Azkenik, sistema horrek herritarren “intimitatea eta pribazitatea” arriskuan jartzen dituela ohartarazi du.

Lasaren irudiko, zarauztarren gehiengoak ez luke begi onez ikusiko atez-atekoa ezartzea: “Beharbada horrek esplikatzen du zergatik, bere hauteskunde programan atez-atekoaren alde egingo zuela agindu ostean, Bilduk orain arte hitz horiek aipatzera ausartu ez izana, ia-ia tabu bihurtzeraino”. Edozein kasutan, jeltzaleen bozeramaleak esanakoaren arabera, Udal gobernuak atzo azaldutako asmoarekin aurrera jarraitzen baldin badu, “herri kontsulta batekin bukatuko den partehartze prozesua abiarazteko” eskatuko dute, “zarauztarrak izan daitezen eztabaida garrantzitsu honetan azken hitza dutenak”.

Aitzitik, EAJk txalotu egin ditu Udalak bosgarren edukiontziaren erabilera orokortzeko hartu dituen neurriak, materia organikoaren edukiontzia erabiltzen duten herritarren zaborren tasan hobaria edukitzea barne. Nolanahi ere, zera azpimarratu du: “Beharrezkoa da kontzientziazioari garrantzia ematea, ikastaroen bitartez, etorkizuneko belaunaldiei ere erreparatuz. Jendea konbentzitu egin behar da”. Azkenik, azken boladan Urola Kostako Udal elkartearen barruan prebentzioa, bilketa selektiboa eta birziklatzearen arloan egindako lana eta egitasmo zehatzak goraipatu ditu: “Plastikozko poltsa eta edalontziak, beira, arropa, pilak, kartoien bilketa selektiboa, olioa… guztion artean aztertu, eta zer gehiago eta nola egin dezakegun erabaki behar dugu”.

Share.

Leave A Reply