BILDUK IRITAKO PROIEKTUA ZALANTZAN JARTZEA SALATU DU EAJK

0

Gipuzkoako Foru Aldundiari Irita (Zarautz) eta Estubegiko (Hernani) industriaguneak bultzatzeko eskatzen zion ebazpen proposamenaren aurka bozkatu zuen koalizioak

Zarauzko EAJko ordezkariak kezkaturik agertu dira, Bilduk Irita (Zarautz) eta Estubegiko (Hernani) etorkizuneko industriaguneak bultzatzeko eskatzen zuen ebazpen proposamenaren aurka bozkatu duelako berriki. EAJk aurkeztu zuen proposamen hori Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuz bi proiektuok babesteko eta “Lurraren Estrategia-Funtsaren bidez (FES), baliabideak jartzeko”. Eusko Jaurlaritzak bi poligonoak eraikitzeko aurreikusitako inbertsioak geldiaraziko zituela iragarri eta gero aurkeztu zuten dokumentua jeltzaleek.

Bilduk Iritaren aldeko proposamenari ezezkoa eman izanak Zarauzko EAJren “haserrea” eragin du. “Albiste ezin okerragoa” dela eta ulertzen ez dutela adierazi du Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak. “Eusko Jaurlaritzak atzera egin ondoren, orain Foru Aldundia da proiektua ezbaian jartzen duena, jakin arren Irita ezinbestekoa dela Zarautzen eta Urola Kostan aberastasuna eta lanpostuak sortu ahal izateko”. Lasak gogorarazi du bi erakundeok Iritan 6,9 milioi euro inbertitzea adostu zutela joan den otsailean, FES funtsetatik: “Orain, modu harrigarrian, konpromiso hori ahaztu eta elkarri pasatzen diote pilota”.

Lasak “bereziki larritzat” jo ditu Inko Iriarte batzarkideak Batzar Nagusietan egindako adierazpenak, esanez Iritako proiektuak “ez duela interes enpresarialik” eta tokiz aldatu beharko litzatekeela eremu horretan hezegune bat dagoelako. “Lehenik eta behin, erabateko ezagutza falta erakusten du proiektuaren inguruan, azken administrazio kontseiluan 20 enpresen interesa berretsi baitzen, eta gehiago izango lirateke obren hasieraren ‘dei efektuarekin’. Urteak izan dira proiektua garatzen, lursailen erosketa negoziatzen, alegazioak entzuten, plan bereziak, txosten teknikoak eta inpaktu azterketak egiten. Adarjotzea iruditzen zaigu ordezkari publiko batek halako arinkeriaz mintzatzea”, salatu du Lasak.

Halaber, azpimarratu du Foru Aldundiak ez duela diru-atalik bideratu Irita egiteko 2012ko aurrekontuetan, eta dei egin dio Juan Luis Illarramendi alkateari “inplikatu dadin” eta “bere alderdikideen jarrera zer iruditzen zaion azal dezan, PSOE buru duen Eusko Jaurlaritzak Iritarentzat murrizketak iragarri zituenean erakutsi zuen ausardia eta argitasun berarekin. Orduan publikoki salatu zuen erabaki hori, eta orain beste horrenbeste egin beharko luke, Foru Aldundia estutuz emandako hitza bete dezan”.

Lasak Foru Gobernuari eskatu dio “hitzetatik ekintzetara” igarotzeko eta Irita “tinkotasunez” defenditzeko, “krisi garaiotan garapen ekonomikorako funtsezko proiektua den aldetik”. “Laster bilera egingo omen dute Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak gaia jorratzeko, eta beharrezkoa da azken horrek politikoki Irita bultzatzea eta dagozkion inbertsioak betetzeko prest azaltzea dudarik egin gabe. Izan ere, hala jokatzen ez badu, koartada ezin hobea eskainiko die sozialistei proiektua bazter batean uzteko”.

EAJk emendakinak aurkeztuko ditu Zarauzko Udaleko, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen negoziazioetan Irita aurrera ateratzeko. 60.000 metro koadro inguruko enpresagunea da Irita, Itxasmendiko auzoan eraikiko dena. Hotela, Oteitza politeknikoak bultzatutako aeronautika zentroa, apartamentu dotazionalak, aparkalekuak, eta ingurunearen berreskurapena hartzen ditu bere baitan. Urteetako atzerapena dakar proiektuak, krisia dela-eta, eta Lasaren iritziz premiazkoa da gehiago ez luzatzea: “Krisi garaiotan zerbaitek lehentasuna badu, hau da, politika sozialekin batera”.

Share.

Leave A Reply