EAJk “oso positibotzat” jo ditu Zarautzen lortutako emaitzak

0

2008 baino 653 boto gehiago lortu dituztela nabarmendu du Imanol Lasak, eta “EAJ herrian geroz eta alderdi finkatuagoa eta gaztetuagoa izatea” posible egin duten zarauztar guztiei eskerrak eman dizkie

EAJk oso “positibotzat” jo ditu atzo ospatutako Espainiar estatuko hauteskundeetan lortutako emaitzak, Zarautzen lortutako “gorakada nabarmena” goraipatuz: “3.607 boto erdietsi ditugu, 2008an baino 653 gehiago. Meritu handiko emaitzak dira, kontuan hartuta, alde batetik, hauteskunde hauek indar konstituzionalisten arteko bipolarizazioak markatutakoak izan direla tradizionalki, eta bestetik indar politiko gehienek jasandako desgastea”, azaldu du Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak.

Lasak eskerrak eman nahi izan dizkie zarauztarrei “EAJri emandako babes eta konfiantza zabalabatik”. “Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta %22 hazi izanak zera adierazten du, gure alderdia goraka doala, geroz eta finkatuagoa dagoela herrian, eta baita gaztetuagoa ere. Afiliatuen kopurua etengabe egiten ari da gora. Gure eskertzarik zintzoena adierazi nahi diegu bere botoarekin alderdiak herri mailan eta beste instantzia politikoetan egiten duen lana babestu duten guztiei”.

Orobat, bozeramale jeltzaleak honako irakurketa egin du herri mailako emaitzen inguruan: “Zarauztarren gehiengo ahotsa ozentasun osoz entzun da, partehartzea ia %70koa izan baita, hau da, 2008an baino %8 handiagoa, eta ahots horrek dio gurea herri abertzalea dela, Euskadirentza etorkizun aske batean eta erabakitzeko eskubidean sinesten duena”.

Haren ustetan irakurketa horrek Zarautzentzat ez ezik Euskadirentzat ere balio du. Alderdi konstituzionalek Zarautzen jasandako “porrota” aipatu du, PSOEk “1.200 boto gutxiago inguru” lortu dituelako, eta PPk “kopuruari eustea baino lortu ez duelako, estatuan Raxoi boterera eraman duen olatuarekin bat egiteko gai izan ez delarik. Mezua argia da”.

Lasaren irudiko, guzti horrek “balio are handiagoa” ematen die EAJren emaitzei. Amaiurren garaipena aitortu badu ere, zehaztu du ezin dela ahaztu “lau indar politikoren batuketa dela”. Halaber, ziurtatu du alderdi jeltzaleak “kudeaketa eredu eta herri proiektu sendoak” dauzkala, eta talde parlamentarioari esker Euskadik “ahots propioa izango duela Madrilen, normalizazio politikoaren alde eragiteko, gure eredu ekonomikoa eta proiektu estrategikoak defenditzeko, eta krisiari eta langabeziari aurre egiterakoan gure tresnak aldarrikatzeko”.

Azkenik, azpimarratu du “Zarautzen zein beste erakundeetan” ez dietela “EAJ inbertsio politikorik onena dela uste izan dutenei” hutsik egingo.

Share.

Leave A Reply