GAZTEEN LOKALAK ARAUTUKO DIRA EAJREN EKIMENEZ

0

Udalbatzarrak aho batez onartu zuen espazio hauetan segurtasuna bermatuko duen araudia eskatuz jeltzaleek aurkeztutako mozioa

EAJk mozioa aurkeztu zuen atzoko Osoko Bilkuran gazte eta nerabeen lolakak erregulatzea eskatuz, haien segurtasuna bermatu ahal izateko. Jeltzaleen mozioa alderdi politikoen aldeko botoarekin atera zen aurreram aho batez. Hala, Udalbatzak konpromisoa hartu du espazio hauek behar bezala arautzeko tokian-tokiko araudia onartuz, Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritan egin den moduan.

Imanol Lasa EAJko bozeramaleak azaldu duenez, azken urteetan gora egin du herrian, gazte eta nerabeek beraien aisialdirako, elkarrekin egoteko eta atsedenerako alokatzen dituzten lokalen kopuruak: behe-solairuetan, garajeetan… Abendañon, adibidez, asko ugaritu dira. “Tipologia anitza da, baina kasu gehienetan jarduera-lizentziarik gabeko jabego pribatuak izaten direnez, inongo kontrolik ez dute.  Herriko gurasoen artean geroz eta nabarmenagoa da lokal horien baldintzen inguruko kezka. Hala jakinarazi digute behin baino gehiagotan, eta gure alderdia ere bat dator kezka horrekin”.

Egoera hau, Zarautzen ez ezik, Gipuzkoa eta Euskal Herriko herri gehienetan ematen da, eta horietako askok ordenantza eta araudi lokalen bitartez arautu dituzte aipatutako espazioak: Eibar, Urretxu, Gernika, Durango, Ermua, Iruñea, Barañain, Berriozar, Antsoain… “Bakoitzak bere ñabardura izaten du, baina gehienek segurtasunaren arloari ematen diote garrantzia, eta esperientzia horietatik abiatuta, beharrezkotzat jotzen dugu Zarautzen ere gai honi heltzea eta eztabaida irekitzea”.

Hala, lehen puntuan, mozioak eskatzen du Zarauzko Udalak beharrezko neurriak har ditzala lokalen erabiltzaile diren gazteen segurtasuna eta osotasuna bermatzeko. “Honako atalak aintzat hartu beharko lituzke araudi berriak, besteak beste: larrialdi irteerak, irisgarritasuna, suteen aurkako neurriak, instalazio elektrikoa, garbitasuna, komuna, bentilazioa, ur-hornidura… Gazteentzat gutxieneko segurtasun eta bizigarritasun baldintzak bermatzea izan behar du helburua.

Halaber, lokalak etxebizitzen erakin berean edo gertu dauden kasuetan batik-bat, mozioak proposatzen du bizilagunen eta gazteen artean “errespetuan oinarritutako elkarbizitza” bermatzeko neurriak hartzea, batzuek atsedenerako eta besteek aisialdirako duten eskubidea ahal den neurrian uztartuz. Kasu honetan araudiak ordutegiak eta soinuak eduki beharko lituzke kontuan, besteak beste.

Azkenik, EAJk mozioan galdegiten du lehenbailehen lokal horien errolda osatzeko lanak hastea, “zehaztasunez non eta nolako baldintzatan dauden jakite aldera. Lan hori Herrilan eta Gazteria sailek eraman dezakete aurrera, elkarlanean”.

Share.

Leave A Reply