Gesto por la Paz-en deialdiari babesa

0

Zarauzko EAJk bat egin du erakundeak bilbon egingo duen agur manifestaldiarekin

Zarauzko EAJk bat egin du Gesto por la Paz erakundeak ‘Lortu dugu – El futuro es nuestro lemapean’ egindako manifestaldirako deialdiarekin, etzi, larunbaterako -hilaren 11-, Bilbon 17:30ean. PSE-EE, Ezker Anitza-EB eta PP alderdiekin egindako agerraldi bateratuan, Imanol Lasa bozeramaleak eta Maribel Albizu zinegotziak –eta urte askotan erakundeko kide izandakoak- Gestok tolerantziaren eta askatasunen defentsan egindako  ibilbidea aitortu nahi izan dute, agur manifestazioarekin bat eginik.

Gogoratu dutenez, 2006ko uztailean Zarauzko Udalak aho batez eman zion Gesto por la Paz-i Zerbitzu Berezien domina (Eusko Alkartasunak barne, nahiz eta orain, Bilduren barruan, uko egin dion deialdia babesteari). Beraz, errekonozimendu horri jarraipena eman nahi zaio orain. Autobusa antolatu da joan nahi dutenentzat, Karmelitetatik abiatuta, larunbatean 15:45ean. Izena eman nahi izanez gero batzokian badago horretarako aukera.

Arestian aipatutako alderdietako ordezkariek azaldu dutenez, Gesto por la Paz-en bidea ez da batere samurra izan, mehatxua, irain eta eraso ugari pairatu behar izan baitituzte bere kideek. Erakunde honen eta beste batzuen, zein beste eragile askoren konpromisoa funtsezkoa izan da egungo egoerara iristeko, azpimarratu dute. Ilusioz eta baikortasunez begiratzen diote datorrenari: “Denok eman beharko dugu pauso bat elkarrekin bakean bizitzeko, ideologien gainetik hurkoa errespetatuz”.

Share.

Leave A Reply