KOSTEN LEGE BERRI “LOGIKOAGO ETA MALGUAGOA” ESKATUKO DU EAJK

0

Legea berraztertzen ari dira, eta araudi berriak toldoen instalazioa ahalbidetu eta “Zarauzko hondartzak duen potentzial handia” aintzat har dezan ekimenak proposatuko ditu

Zarauzko EAJko bozeramale Imanol Lasak iragarri duenez, Kosten Lege berria malguagoa izan dadin ekimenak aurkeztuko dituzte Espainiako Diputatuen Kongresuan, Arantza Tapia Gipuzkoako diputatu jeltzakearen bitartez. Besteak beste, araudi berriak iazko udan kendutako 200 toldoen instalazioa baimentzea izango da helburuetako bat. Espainiako Ingurugiro saileko Kosten Zuzendaritzak hartutako erabaki horrek harridura eta haserrea sortu zituen hainbat erabiltzaile eta herritarren artean.

Pasa den hilabetean, egun Espainiako Gobernuko Ingurugiro arduradun den Miguel Arias Cañete ministroak indarrean den Kosten Legearen erreforma sakona iragarri zuen. Lege horretan oinarritu zen aurreko Gobernua Muskaria eta Narros arteko toldoak kentzeko, oso erabaki polemikoan, elementu hauek instalatzeko itsasgoran gutxienez sei metro luzeko hondar espazioa behar dela ezartzen baitu. Imanol Lasaren arabera, erreforma prozesu hori aprobetxatzea da EAJren helburua, Kongresuak onartuko duen araudi berriak “halako arazoak sortzeko tarterik ez uzteko, tramiteak arintzeko, eta sen onean oinarrituta egoteko”.

Bozeramale jeltzalearen esanetan, toldoak kentzeak, “arazorik ez zegoen tokian arazoa sortzea ekarri zuen. Horrenbestez, Gobernu berriari adieraziko diogu lege berriak logikan oinarritu behar duela, ezin duela hain zorrotza izan, eta toldoak aintzat hartu behar dituela, Zarauzko ikur eta ondare diren aldetik. XIX. mendeaz geroztik erabiltzen dira, normaltasun osoz eta kalterik eragin gabe”.

Haatik, EAJk aukera baliatu nahi du erreforma harago joan dadin “eta hondartzak duen potentzial handia eta aldi berean Inguruarekiko errespetua uztar ditzan”. “Zarauzko hondartzak, esparru natural ederra izateaz gain, ezaugarri bikainak dauzka kirol eta turismo ekintzak antolatzeko, eta beharrezkotzat jotzen dugu oztopo administratibo zentzugabeak kentzea eta baimenak arintzea, publizitatearen eta babesleen esparruan esaterako, jarduera horien antolaketa errazteko, neurrikoak direnean, eta segurtasuna, garbiketa eta ingurugiroarekiko errespetua bermatzen dituztenean”.

Bozeramaleak gaineratu duenez, jarduera horiek onuragarriak dira herriaren ekonomiarentzat eta aisialdi eskaintzarentzat. “Aurreko legealdian ere hainbat harreman eduki genituen Madrilgo eta Gipuzkoako Kosten teknikari eta zuzendariekin. Antolatutako ekintzei esker, hala nola kometen jaialdia, arrantza txapelketa edo zaldi lasterketa, hondartzaren kudeaketaren ingurua eskarmentua pilatzeko aberasgarriak izan dira, eta lege berrian ikuspegi hori islatzea da gure nahia, arrazoizkoa izan dadin”.

Share.

Leave A Reply