Mozioak: Iñigo Cabacas

0

Hauxe da atzoko Plenoan gure Udal taldeak aurkeztu zuen mozioetako bat. Puntu guztiak atera ziren aurrera, puntukako bozketan:

Iñigo Cabacasen heriotza

Apirilaren 9an hil zen Iñigo Cabacas gaztea, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Oso gertaera larria eta salagarria da, euskal gizartean hunkipena eta samina sortu dituena. Egindako kalteak ez du konponbiderik. Tamalez, justiziak eta egiak ez dute Iñigo gurera ekarriko, baina exijentzia politikoa eta, batez ere, morala da gertatutakoa azken ondorioetaraino ikertzea, eta erantzukizunak argitu eta zuritzea. Era berean, oinarriak jarri beharko dira halakorik sekulan errepikatu ez dadin.

Euskaldun guztion polizia da Ertzaintza. Autogobernuaren funtsezko elementua. Asko dira Euskadin autogobernuaren alde borrokan eta, horren barruan, euskal polizia profesionalaren aldeko aldarrikapenagatik bizia eman duten herritarrak. Eta gehiegi izan dira herritarrak defenditzearren erahildako edo zauritutako ertzainak. 

Gertaera mingarria eta salatu beharrekoa da euskaldun askoren desira izan den poliziaren jokabidearen ondorioz herritar bat hiltzea. Ertzaintzaren jardunaren inguruan hausnarketa egin beharko da ezinbestean, aurrerantzean halakorik ez gertatzeko, baina baita Ertzaintzak herritarren artean bereganatutako errespetua, atxikimendua eta sinesgarritasuna gal ez ditzan.

Azaldutakoaren ondorioz, honako MOZIOA aurkezten dugu:

1.- Zarauzko Udalak elkartasuna eta dolumina helarazten dizkie Iñigo Cabacasen lagun eta senitartekoei, haren heriotz bidegabe eta justifikaezinaren aurrean.

2.- Zarauzko Udalak Herrizaingo Sailari, Justiziari eta Eusko Legebiltzarrari eskatzen die apirilaren 9an Bilbon gertatutakoa ikertzearren baliabide guztiak jartzeko, okerrik edo arduragabekeriarik izan den argitzeko, gardentasun osoz, eta Ertzaintzaren erantzule politikoek ardurak beren gain hartzeko. 

3.- Zarauzko Udalak Herrizango Sailari eta Ertzaintzari eskatzen dizkie gomazko piloten egokitasunaren inguruan azterketa sakona egiteko. Ertzaintza polizia profesionala eta modernoa dela bermatzeko, eta material eta teknikarik egoki eta seguruenak erabiltzeko neurriak hartu behar dira.

4.- Zarauzko Udalak salatu egin nahi du zenbait sektore sozial eta politikok Iñigo Cabacasen heriotza politikoki eta asmo makurrekin erabili nahi izatea, haren lagun eta senitartekoen borondatearen aurka besteak beste. Udalak ez du begi onez ikusten, Ertzaintzak jasandako atentatu eta eraso larrien aurrean mutu gelditu direnek, gertaera lazgarri hau Ertzaintzaren aurka egiteko aprobetxatu nahi izatea, kide gutxi batzuren ardura kolektibo eta polizia-gorputz oso baten izena zikintzeko aprobetxatuz.

 

 

Share.

Leave A Reply