Mozioak: Bakegintza eta normalizazioa

0

Bakea finkatzea ez da egun bateko kontua izango. Denok jarri beharko dugu gure alea, bakoitza dagokigun esparrutik, behin betiko bakea, berradiskidetzea eta normalizazio politikoa lortzeko.  Gure jarrera azaltzeko, ondoko mozioa aurkeztu genuen azken Udalbatzarrean, eta aho batez onartu zen. Pozten gaitu minimoetan adostasun bat lortu izanak. Orain lanari ekin behar:

Bakea, elkartasuna eta elkarbizitza.

Gure herrian behin betiko bakea lortzeko aukera indartzen ari dela ez dago batere zalantzarik. Hala ere, aukera honi ihes egiten ezin diogu utzi eta, beraz, heldu egin behar diogu.

Giza eskubide guztien defentsak, giza bizitza-eskubideak eta integritate fisikoarenak nahiz eskubide zibil eta politikoek, funtsezko irizpide etikoa osatzen dute bakearen oinarriak ipintzeko. Geroko utzi gabe, orain bertan bakezko kultura eraiki eta bakezkoak egiten hasteko, iragandako gertaeren kontaketei bide eman behar zaie eta etorkizunari ikuspegi demokratikoz heldu, kontsensu sozial eta politikorik handienaz.

Ezinbestekoa iruditzen zaigu zenbait konpromiso, irizpide eta eginkizun onartzea bakearen bidea indartzeko:

1.- Konpromiso etikoa giza duintasunarekiko

Ez dago ezer giza duintasunaren aurrekoa denik edo bere gainetik dagoenik, ez ideia edo egitasmo politikorik, ez hauen defentsarik, ez bidegabekerien salaketarik, ezta Estatu arrazoirik ere.

2.- Konpromiso politikoa demokraziarekiko

Ez dago ideia edo egitasmo politikoen alde egitea galarazterik ezta ere horiek gauzatzeari betoa jartzerik, bide baketsu eta demokratikoen bidez bakarrik defendituak direnean eta gizartearen gehiengoa alde daukatenean.

Konpromiso bikoitz honetatik abiatuta, kontsensu sozialerako guneak eragin behar dira Zarautzen, oinarri sendoak eta konpartituak finkatzeko, hartara askatasunez garatu dadin gure gizarteko aniztasun politikoa. Kontsentsu horretarako beharrezkoak dira irizpide batzuk.

3.- Bakea lortzeko kontsentsu soziala lantzearren funtsezkoak diren zenbait irizpide:

3.1. Giza eskubideak onartu eta berauen errespetua landu, hori baita Zarautz mailan ikuspegi sozial eta politikotik harremanak berreraikitzeko giltzarria.

3.2. Elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratu bizikidetza zuzenagoa eraikitzeko. Pertsonari eta ideia politiko desberdinei zor zaien errespetuan oinarritu beharko dira udal ordezkarien arteko harremanak. Jarrera horrek lagundu egingo du gorroto, mesfidantza, mendeku, dominazio eta haustura joerak indargabetzen. Halaber, lagundu egingo du gure herrian giroa baretzen eta ontzen, bai maila pertsonalean bai sozialean.

3.3. Elkarri entzun eta elkarrizketa landu, aurrera egiteko. Hitza ez dago min egiteko erabiltzerik ezta engainurako eta hondatzeko ere. Bide hori utzi beharra dago, enfrentamenduzko dinamikatik elkar hartzera igarotzeko.

Ekimen honen bitartez bizikidetzarako gune bat eratu nahi da Zarautzen, bizikidetza baketsu batera iristen lagunduko duten ekintzak adostu eta finkatzeko. Horretarako, beharrezkoa da, besteak beste, zenbait eginkizun zehaztea.

4. Bizikidetza baketsua iristeko zenbait eginkizun:

Biktima guztiak onez hartu, giza eskubideen urraketak eragin dien sufrimenduaren esperientziara elkartasunez hurbiltzen ahaleginduz.

Bakezko heziketa landu zarauztarren artean eta, berezi-bereziki, gazte jendearengan

Sistema demokratiko eta parte – hartze sendoa eta arduratsua errotu.

 

MOZIOA

Zarauzko udal ordezkariei eskaria egiten diegu Giza eskubideen batzorde berezi bat abian jartzeako ondoko betebehar hauekin:

1)      Zarautzen kontsensu sozialerako guneak eraikitzeko tresnak sortzea, oinarri sendoak eta konpartituak finkatzeko eta gure gizarteko aniztasun politikoa askatasunez garatzeko.

2)      Zarauzko kaleetan elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratzeko tresnak zehaztea, bizikidetza zuzenagoa eraikitzeko.

3)      Zarautzen herritarrek elkarri entzun eta elkarrizketa lantzeko ekimenak zehaztea.

4)      Adituen proposamenak eta azterketak ezagutzeko guneak eta tresnak zehaztea.

5)      Bakearen heziketa eta giza eskubideen defentsa Zarautzen lantzeko proposamenak zehaztea denon artean.

 

Share.

Leave A Reply