Krisiari aurre egiteko Kontseilu Soziala sortzea proposatu du EAJk

0

 

Zarauzko gizarte, kultura, enpresa, hezkuntza edota kirol erakundeetako 50 ordezkarik osatuko lukete, gizonak eta emakumeak

Zarauzko Udaleko EAJren zinegotzi taldeak Zarauzko Kontseilu Soziala eratzea proposatu du. Herriko gizarte, kultur, enpresa, hekuntza, kirol eta bestelako arloetako elkarteetako 50 bat ordezkarik osatuko lukete organu berria, ondorengo helburuekin: “Ordezkari politikoak eta herriko eragile sozialak lan taldean aritzea krisiari aurre egiteko presazko neurriak hartzeko, eta nolako herri eredua nahi dugun eta nola lor dezakegun erabaki, akordioetatik, elkarrizketatik eta elkarlanetik abiatuta”.

Kontseilua hiruhilabetean behin bilduko litzateke, eta bere egitekoen artean hauexek egongo lirateke: “Udal aurrekontuei ekarpenak egin eta horien exekuzioa kontrolatu, krisiaren aurkako eta enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriak hartu, eta Zarauzko etorkizonaren eta bere azpiegitura eta obra estrategikoen ildo nagusiak adostu, horietako batzuk Bilduk geldiarazi baititu”.  Jeltzaleen arabera, “inoiz baino beharrezkoagoa da” Kontseiluaren sorrera, haien iritziz Bilduren Udal gobernua “ahultasun eta isolamendu egoeran dagoelako”. “Ikusi besterik ez dago nola onartu dituzten aurrekontuak, inoiz baino beranduago eta soilik bere ildokoak direnen babesarekin”, azaldu dute.

EAJk adierazi duenez, Zarautzen balio nagusietako bat da herriak duen “kapital soziala eta humanoa”. “Begibistakoa da oso une gogorrak bizi ditugula eta herritar asko kezkatuta daudela herria hartzen ari den norabidearekin, izan ere, askorentzat ezagunagoa izaten ari da honezkero pintada, pankarta eta txoznengatik, bere bizi-kalitateagatik baino. Bizi-kalitate horrek okerrera egin du azken hilabete luzeetan.  Zarautz geldituta dago, eta Kontseilua tresna egokia izan liteke ilusioa berreskuratzeko eta herriaren motore bihurtzeko, bakoitza berean urte asko lanean daramaten eta beraien lan esparruak oso ondo ezagutzen dituzten pertsonen eskutik”,

Kontseilu Soziala izan zen jeltzaleek pasa den urteko maiatzeko hauteskunde egitasmoan proposatutako ekimenetako bat, eta harrez gero horren sorrera aldarrikatzen jardun du Udaleko barne organoetan zein berriki gauzatutako aurrekontuen negoziazioan. “Uste dugu badela garaia txipa aldatzeko eta benetan kultura politiko berri batean oinarrituta lanean hasteko, ezaugarri gisa lidergo partekatua eta sektore ezberdinen, publiko eta pribatuen arteko elkarlana izango dituena.

Era berean, EAJk uste du Kontseiluak “zarauztarren aniztasuna” islatu behar duela, eta “etekin politikoak ateratzeko tentaziotik kanpo” gelditu behar dela, gaur egungo Udal arduradunen jarrera aipatuz, “Bilduk erakutsi du komeni zaionean baino ez duela sinisten partaidetzan, atez atekoaren inguruko kontsultari behin eta berriro uko egin dionean bezala. Partaidetza ez da bakarrik bere jendearentzat gobernatzea eta komeni ez zaizkien eskaerei entzungor egitea”.

 

 

 

 

 

 

Share.

Leave A Reply