Eskerrik asko Zarautz!

0

Imanol Lasak nabarmendu duenez, “zarauztarrek apustu sendoa egin dute Iñigo Urkullu euskaldunon Lehendakari izan dadin”

Adierazi du hauteskundeetako emaitzek zinegotzi jeltzaleen lana berresten dutela, “eta ilusio eta konpromiso berarekin edo handiagoarekin” jarraituko dutela lanean

EAJk ontzat jo ditu atzo egindako Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan lortutako emaitzak, alderdi jeltzaleak “oso babes zabala” lortu duela argudiatuta, Euskadin eta Zarautzen bereziki; bertan 4.770 boto eskuratu ditu, bigarren indar bozkatuenari, EH Bilduri, ia 1.000 botoko abantaila atereaz. Imanol Lasa bozeramalearen irudiko, “argigarriak” dira emaitzok: “Lehenik eta behin, EAJren eta Lehendakari izango denaren izenean, herritarrek eskaini diguten konfiantza eskertu nahiko nuke. Benetan pozik gaude. Zarauztarrek apustu sendoa egin dute hurrengo Lehendakaria Iñigo Urkullu izan dadin”.

Lasak azpimarratu duenez, emaitzen hobekuntza “begi-bistakoa” da beste hauteskundeekiko. “2009ko autonomikoetan ere emaitzak izugarri onak izan ziren, eta aurtengoetan hobetzea lortu da, 553 botorekin. Ez zen batere erraza. Zarauztarrek Iñigo Urkulluren zintzotasuna, zuhurtasuna eta lanerako gaitasuna baloratu dutelakoan nago, Euskadik bizi duen egoera zailetik ateratzeko bermerik onena dela iritzita”. Edozein modutan, argi utzi du “ez dela harrokerietarako edo ospakizun arranditsuetarako unea, baizik eta konpromisoa, lan isila eta akordioen bidetik jarraitzeko unea, hori baita jendarteak bere botoarekin egin duen aukera. Krisialdia gainditzea da inportanteena, eta hori akordioekin, gardentasunarekin eta parte-hartze handiagoarekin izango da soilik posible”.

Zarautz mailan, bozeramale jeltzalearen arabera, Zarautz gehiengo handiz herri abertzalea dela berretsi dute hauteskundeek. “Eta gure kasuan, indartu eta animatzen gaituzte Zarautzen alde ilusio eta konpromiso handiagoarekin lanean jarraitzeko. Une honetan EH Bilduk geldiarazita dauka herria, eta uste dugu badela garaia lanean hasteko, mahai gainean ideia berriak jartzeko, aurrekontuen eztabaidan egin genuen moduan, eta Zarautz aurrera eramateko ekimenak eta akordioak aurkezteko. Orain ere, gure eskua luzatzen diogu alkateari erronkei elkarlanean aurre egiteko, behingoz. Garai zailak bizi ditugu eta zarauztarrek ez dute ulertzen Udal Gobernuak gainerako alderdi politikoak baztertzea, eta haiei zein herriko elkarte eta eragileei entzungor egitea”.

Azkenik, jakinarazi du Zarauzko batzokian “oso ondo hartutako eta asko eskertzen ditugun bi zorion dei” jaso zirela hauteskunde gauean: Iñigo Urkullurena, zeinak pertsonalki zorionak eman zizkien zinegotziei, eta Xabier Arzallusena.

Share.

Leave A Reply