UDAL ZERGEK JUSTIZIA SOZIALEAN SAKONTZEA PROPOSATUKO DU EAJK

0

Tasek eta ordenantza fiskalek errekaudazio tresna hutsa ezin izan dutela adierazi du, eta hainbat emendakin proposatuko ditu asteazkeneko Osoko Bilkuran

Asteazkeneko Osoko Bilkuran hasierako onespena emango zaie 2013ko tasa eta ordenantza fiskalei, eta espero den eztabaidari begira, EAJk iragarri du hainbat emendakin aurkeztuko dituela helburu garbi batekin: “Tasak dirua biltzeko sistema hutsa baino zerbait gehiago izatea, eta justizia sozialean, ongizatean etajarduera ekonomikoaren sustapenean sakontzeko erabiltzea”. Bilduk tasa gehienei KPIaren igoera ezartzea proposatu du (%2,4), baina jeltzaleek hainbat emendakin aurkeztuko dituzte “tasa horiek hobetu eta eraginkorragoak eta bidezkoagoak izan daitezen”.

Hala, IBIri dagokionez, baliabide murritzak dituzten familia ugariei zergan hobariak eskaintzea proposatuko du EAJk, familia errenta estadarizatuaren arabera: “Ezin ditugu krisialdiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak gehiago estutu”.

Halaber, azpimarratu du tasak etxebizitza hutsak merkaturatzeko eta alokairua sustatzeko erabili behar direla. Hala, begi onez ikusten du erabiltzen ez diren etxebizitzen jabeei errekargu bat kobratzea. Haatik, proposatuko du etxebizitza urte osoan alokatzen dutenek batere errekargurik ordaindu behar ez izatea, eta aldi baterako alokatzen dutenek, berriz, portzentaje bat baino ez ordaintzea urtean zehar alokatzen duten denboraren arabera, alegia, hilabeteka tramoak ezarriz.

Era berean, eta Zarautzen merkataritza eta jarduera turistikoa bultzatzeko, EAJk planteatuko du udan bigarren erresidentzia gisa erabiltzen diren etxebizitzek ere errekargurik ez ordaintzea, “urtean zehar gutxienez bi hilabeteko egonaldia frogatzen baldin bada, ur kontsumoak aurkeztuz esaterako. Zentzuzko epea iruditzen zaigu”. Azkenik, jeltzaleek proposatuko dute errekargurik gabeko urtebeteko epea uztea “herentzia bidez jasotzen diren etxebizitzei, jabe berriek egokitzeko epe bat izan dezaten etxebizitzari nolako erabilpena emango dioten erabakitzen duten bitartean”.

Jarduera ekonomien gaineko zergari dagokionez (IAE), EAJk eskatuko du hobariak eskaintzea “krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari diren eta egoera prekarioan dauden enpresei, zergen igoerak haien jarduera gehiago oztopatu ez dezan”.

Herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreari begira, EAJko eskatuko du zerbitzuak edo instalazioak hobetzeko inbertsioak egin dituzten negozioek gutxiago ordaintzeko. “Uste dugu krisi garaian lehiakortasuna hobetzeko ahalegina egiten dutenen jarduna saritu behar dela, eta tsas eta ordenantzen bitartez posible ez bada, Bilduri dei egiten diogu datorren urteko aurrekontuetan herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko neurriak txertatu ditzan. Herriko enpresa eta negozio txikiei laguntzeko unea da, enplegua sortzeko eta krisitik ateratzeko erraztasunak eskainiz”.

Kirolari dagokionez, EAJk polkiroldegiko urteko kuota euro batean igotzea aztertzeko eskatuko du, modu horretan lortzen den dirua “kirol praktika sustatzeko funts batera bideratzeko”. “Jakin badakigu herriko zenbait kirol talde zailtasun handiak igarotzen ari direla eta zenbait kasutan dirua aurreratzen ari direla haur eta gazteek kirol praktikarekin jarraitu ahal izan dezaten. Gurea oso herri kirol zalea izanik, aipatutako neurria aztertzeko edo bestelakoak proposatzeko eztabaidari ekiteko eskatuko dugu”.

Amaitzeko, EAJk emendakinak aurkeztuko ditu ondorengo gaietan; bosgarren edukiontzia bultzatzeko; herrian jardueren antolaketa erraztuz instalazioen doaneko erabilpena ezartzeko; baserritarrek merkatuan haien produktuak saltzeko ordaindu behar izan ez dezaten; bankuek kutxazainekin lurzoru publikoa okupatzeagatik gehiago ordaintzeko; eta auto elektrikoei eskaintzen zaien hobaria %10 ordaintzeko.

Share.

Leave A Reply