EAJren arabera, azken datuek erakusten dute “herritarren eskutik joan beharra dagoela, eta ez haien borondatearen aurkako sistemak inposatu”
EAJ pozik azaldu da Zarautzen izaten ari diren birziklapen datuak direla-eta. “Ikusten ari gara sentsibilizazioa eta kontzientziazioa direla tresnarik onenak birziklapen tasak hobetzen jarraitzeko. Herritarren eskutik joan beharra dago, eta ez haien borondatearen aurkako sistemak inposatu, atez-atekoarekin egiten saiatu diren moduan”, esan du Imanol Lasak. Bozeramale jeltzalearen aburuz, hori hondakin solidoen bilketa astero egun batean murriztu izanak erakusten du “bide onetik goazela eta geroz eta hondakin gutxiago sortzen direla, baina oraindik lan handia dago egiteko”.
EAJk dio zarauztarrak nota onarekin ari direla gainditzen erronka, eta bosgarren edukiontzia, materia organikoarena, erabiltzerakoan inplikazio handia erakusten ari direla. “6.000 familiak daude izena emanda, %80. Aurten 851 tona organiko bildu dira. Iragan urtean, berriz, 354 bildu ziren, eta ezin dugu ahaztu oraindik azaroa eta abendua falta direla. Horrek esan nahi du urte bakarrean kopurua hirukoiztu egingo dela ia, eta 2010eko kopurua halako lau baino gehiago bilduko dela -231 tonakoa izan zen orduan-” Zarauztarrei “bide beretik jarraitzeko” deia egin die Lasak.
Bilketa selektiboaren datuetan izandako hobekuntzak EAJk egindako aldarrikapenak berreste berresten du, jeltzaleek diotenez: “Aspaldian ari gatzaio Udalari eskatzen bosgarren edukiontziaren aldeko apustu sendoa egitea, Udal zergetan birziklatzen dutenei hobariak eskainiz, esaterako. Ikusi da azken neurri honek emaitza bikainak ekarri dituela, eta horregatik, aurtengo tasen negoziazioan, hobaria %15etik %20ra igotzea proposatu genuen, baina Udal Gobernuak ez zuen emendakina onartu”.
Bozeramaleak begi onez ikusten du Bilduk gai honetan norabidez aldatu izana. “Bere garaian, adibidez, bosgarren edukiontziaren giltza lortzeko zeuden zailtasunak kritikatu genituen, eta Bilduk edukiontzi hori bultzatzeko bere esku zegoen guztia ez egitea. Haatik, atez atekoa inposatzeko mehatxuaren aurrean, arduraz erantzun dute herritarrek, gehiago eta hobetu birziklatuz, berea eginez eta konpromisoa erakutsiz. Elkarlana da bidea”.
Jeltzaleek azpimarratu dutenez, edukiontziak dira bilketa sistemarik “eraginkor, garbi eta ekonomikoena”, baina hobetzeko tarte handia ikusten dute, bai horien banaketa eta kopuruan, zein sistema teknologiko berriak txertatzeko aukeran, hala nola txarteldun edukiontzia: “Tasak hobetzen jarraitzeko aukerak badaude”. Ildo horretan, gogorarazten dute Itsasondon edukiontzi berdea astean behin baino ez jasotzea erabaki zela, “beraz badago aurrerapausoak ematen jarraitzea Udalak bilketa egun bakarrean murriztea erabakiz eman duenetik harago”.
Hori dela-eta, EAJk ondorengo mezua helarazi dio Bilduri: “Ikusirik zenbait herritan atez atekoa ezartzen ari direla herri borondateari bizkarra emanda, eskatzen diegu hemen lankidetza eta kontzientziazioaren alde egitea. Oraindik ez dio inolako erantzunik eman birziklapenaren alde eta atez atekoaren aurka 8.000 sinadura baino gehiago bildu dituen herri plataformari”.
‘Ontziratu zaitez’
Bozeramale jeltzaleak oso positibotzat jo du Udal Elkarteak arrandegietan plastiko poltsak eta papera murrizteko abian jarritako ‘Ontziratu zaitez’ kanpaina. Horretarako hainbat ontzi berrerabilgarri banatu dira herritarren artean. “Hondakin politikaren oinarrietako bat prebentzioa da, ahalik eta hondakin gutxiena sortzea, eta egitasmo hau ildo horretan doa”. 2007An, EAJ buru zuen Udal Elkarteak, saltoki eta dendetan plastiko poltsak murrizteko egitasmoa jarri zuen, poltsa berrerabilgarriak banatuz. Ekimen horri 2009an eman zitzaion jarraipena, Eutsi poltsari izenburupean.
Hala, aurreko legealdietan egindako lana ekarri du gogora. Martxan jarri ziren erabilitako olioa, pila, enpresa eta negozio txikietako kartoiaren bilketa, garbigunea, ekoedalontzien banaketa txozna eta herri festetan, edota kontzientziazio kanpainak ikastetxeetan: “Denok beharrezkoak garen bide bat landu da, eta pozten gaitu Bilduk politika hori bere egitea eta horrekin jarraitzeak”.