EAJK PROZESUA IREKI DU ERAGILEEK ETA HERRITARREK TAORI BURUZ DUTEN IRITZIA JAKITEKO

0

Auzoekin egiten ari diren bileretan alderdi gisa parte hartzea ukatzen zaigula ikusirik, komunikazio bide propioa ireki nahi dugu bizilagunekin”, adierazi du Imanol Lasak

TAOren inguruan zabaldutako eztabaidaren harira, EAJk prozesua zabalduko du inplikatutako eragile eta erakundeen iritzia ezagutzeko. Hala, datozen asteetan, bizilagun elkarteetako eta merkataritza eta ostalaritzako ordezkariekin elkartuko da “Bildu gai honetan proposatzen ari den aldaketen inguruan, hala nola TAO udan herri osora hedatzea, duten ikuspegia jakiteko. Helburua zera da, TAOren erreformak mugikortasuna eta aparkalekua herriko ekonomiaren sustapenarekin uztartzea”, azaldu du Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak.

Horretarako, EAJk denen eskura jarri du Udaleko Gobernu taldeak egindako proposamenari buruzko dokumentazioa bere web orrian (www.eaj-pnvzarautz.com), “eragile eta partikularrek informazio guztia eduki ahal izateko haien iritzia guri helarazi aurretik”.

Era berean, prozesua herritar guztiei irekitzea da jeltzaleen nahia. Hala, dei egin diete zarauztar guztiei gai honi buruzko beren iradokizunak, ekarpenak, iruzkinak eta proposamenak bidaltzeko. “Bilduk auzoetako bizilagunekin egiten ari diren bileretan alderdi politiko gisa parte hartzea galarazi digula ikusirik, guri eta oposizioko beste alderdiei, komunikazio bide propioa ireki nahi dugu bizilagunekin, Bildu gai honetan proposatzen ari den neurrien inguruan gure jarrera behar bezala finkatu ahal izateko”.

Hori dela-eta, EAJ zarauztar guztiak animatu nahi izan ditu prozesu honetan parte hartzera. “TAOri buruz bere iritzia helarazi nahi diguten guztiek eaj-pnv@zarautz.org posta elektronikora idatz dezakete, edo gutun bat bidali udaletxera (EAJri zuzendutakoa dela zehaztuz)”.

Imanol Lasak azpimarratu duenez, “beste batzuk gai honekin demagogia egiten ibili diren bitartean -ezker abertzaleari zuzenduta-, guk beti defenditu dugu TAO”. Haatik, argi utzi nahi izan du sistema “malgua eta etengabe aldaketei irekia” izan behar duela. “Gai konplexua denez, eta auzo bakoitzak bere problematika duenez, uste dugu ezinbestekoa dela errealitate ezberdin guzti horiek ezagutzea pieza guztiak behar bezala lotu eta gure herrian mugikortasunari eta aparkaleku faltari erantzun eraginkorra emateko”.

Lasak gogora ekarri duenez, antzeko parte hartze prozesua ireki zuten Lapurdiko bizilagunekin, Bilduk kale horretan norabide bakarra ezartzea planteatu zuenean. “Erantzun polita lortu genuen eta esperientzia aberasgarria izan zen. Oraingoan ere, ahalik eta TAOri buruzko ikuspuntu desberdin gehien bildu nahi ditugu, behar guztiak asetzen dituen jarrera defenditu ahal izateko”.

Share.

Leave A Reply