EAJK DIO HONDAKINEN MAHAIA BILDUREN “BESTE INPOSAKETA BAT” DELA

0

Ez dute zehaztu nola hartuko diren erabakiak, ezta zarauztarrek kontsulta bidez beren hitza adierazi ahal izango duten ere”, argudiatu du

Bilduk martxan jarri nahi duen hondakinen inguruko mahaiaren aurka agertu da EAJ. Talde jeltzalearentzat mahai hori “herritarren partaidetzaz mozorrotutako inposaketa berri bat” baino ez da. “Adarjotze hutsa iruditzen zaigu Zarautzen aurrekaririk gabeko herritarren mobilizazioari entzungor egin zion alkate berak akordioaz, sentsibilizazioaz eta kontzientziazioaz hitz egitea orain”, nabarmendu du Imanol Lasa bozeramaleak, iragan urtean atez atekoaren gaineko kontsulta eskatuz herri plataforma batek bildu zituen 8.000tik gorako sinaduren harira. “Oraindik  plataforma horrek ez du taxuzko erantzunik jaso”, gogorarazi du.

Bozeramale jeltzaleak azpimarratu duenez, joan den asteartean urtebete bete zen “alkateak, autoritarismo erakuspen argian, Zarautzek dagoeneko atez atekoaren alde bozkatu zuela adierazi zuenetik”. Lasaren arabera, “bilketa sistema inposatzen saiatu ziren herri borondatearen gainetik, eta horrek inoiz ez bezalako aurkako erreakzioa ekarri zuen gure herrian, erroldaren erdia baino gehiagok atez atekoaren aurka, birziklapenaren alde, eta kontsulta eskatuz sinatu baitzuen. Hamarkadetan zehar hitza herriari emateko aldarrikatuz, ezker abertzalearen benetako talante demokratikoa agerian gelditu zen”.

EAJren esanetan, ezker abertzaleak ez du “inolako sinesgarritasunik” gai honetan, eta hondakinen mahaia “gauzak nahasteko saiakera berri bat” baino ez da. “Badakigu gai honekin gerra politikoa hasi dutela eta alkatea ezker abertzalearen menpekoa dela”. Azaldu duenez, “Bilduk ez du Udaleko beste talde politikoekin mahaiaren sorrera kontsultatu. Ez du kontsultatu zeinek hartu behar duen parte, ez ditu helburuak negoziatu, eta ezta lanerako metodoa ere. Prentsan iragarri besterik ez du egin. Propaganda politiko hutsa da”.

Erantsi duenez, “hori gutxi balitz, ez du esan mahaian erabakitzen dena loteslea izango den, eta, batez ere, zertan oinarrituko den aipatzen duten herritarren partaidetza. Jarraitzen dute argitu gabe zarauztarrek kontsulta bidez iritzia eman ahal izango duten, eta horrek kezka pizten digu dagoeneko erabakia hartua dutela”.

Jeltzaleek nabarmendu dute legealdi hasieratik “bost mozio” aurkeztu dituztela gai honen gainean. “Gainera, beste hainbat proposamen aurkeztu ditugu birziklapen tasak hobetzeko edukiontzien bitartez, bai udal zergetan hobariak eskainiz, eta baita Gipuzkoako beste herrietan egindako bilketa esperientziak edo hobekuntza teknologikoak aztertuz ere, Bilduk ez die inolako jaramonik egin proposamen horiei”.

Lasak aurreratu du ez direla ezker abertzalearen “jokoan” eroriko. “Bitxia da Bilduk TAOren inguruan bizilagunekin egin diren bileretan guri parte hartzea galarazi, eta aurrekontuen inguruko bileretan hitz egitea galarazi ondoren, mahai honetara EAJ gonbidatzea. Onar dezatela behingoz gobernatzeko erantzukizuna. Herrian atez atekoa ezarriko zuela iragarri zuen Bilduk, Bergara edo Oñatiren gisako beste herrietan egiten ari den moduan. Ez dezatela gurekin kontatu orain modu ezkutuan atez atekoa inposatzeko saiakeretarako, atez atekoa aipatu beharrean, portzentajeak mahai gainean jarrita”.

Bozeramaleak adierazu du Udalean beste proposamen bat aurkeztuko dutela “edukiontzien bitartez birziklapen tasak hobetzen jarraitzeko helburuz beharrezko neurriak hartzeko”. “Garapen jasangarrirako kontseilu sozial” baten bitartez hartuko lirateke neurri horiek: “Beti ere herritarren erritmoak errespetatuz, ideia eta proiektu guztiei tokia emanez, baina gargi edukiz herritarren argi eta garbi esan dutela atez atekoa inposatzearen aurka daudela”.

EAJk ziurtatu duenez, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa dira, edukiontzi sistemaren hobekuntzekin batera, jarraitu beharreko bidea. “Emaitza bikainak lortzen dira horrela. Pasa den urtean organikoaren bilketa kopurua hirukoiztu zen, zarauztarren konpromiso geroz eta handiagoari esker”. Azpimarratu du birziklatze tasa “modu argian” egin duela gora, baina Bilduri ez zaiola interesatzen horri buruzko datuak ematea, “bere diskurtso ideologikoaren aurka” doalako. Lasaren arabera, Udal Elkarteak bosgarren edukiontzirako poltsa berrerabilgarriak diruz ez laguntzea “ildo horretan doan erabakia” da. “Oztopoak aurkezten ari dira bosgarren edukiontziak funtzionatu ez dezan, eta atez atekoa alternatiba bakar gisa aurkezteko”.

Urteta itxi

Alkateak Urtetako zabortegia 2014an itxiko dutela esan izanaren inguruan ere iritzia eman dute jeltzaleek. “Ez du argitzen nola egin behar duen. Eta ez du esaten, ez zaiolako komeni, Urtetak milaka tona zabor gehiago jasotzen dituela, lehen Bizkaiara bidaltzen zirenak, eta orain herrira datozenak Bilduk errauskailuari jarritako beroagatik”. Lasak azpimarratu duenez, EAJk bi mozio aurkeztu ditu Udalbatzarrean gai honen inguruan, “bata Urteta aurreikusitako epeetan ixteko eskatuz, eta bestea ezohiko Osoko Bilkura egiteko eskatuz. Harritu egiten gaitu Bilduk orain esaten duena esateak, bi mozio horiek aurka bozkatu ondoren”.

EAJk berretsi nahi izan du bilketa sistema edozein dela ere, “beti geldituko dela berrerabili edo birziklatu ezingo den hondar bat. Ezker abertzaleak honen inguruan daraman politika demagogikoa mehatxu handia ekartzen ari da; aurkeztu duten konponbide bakarra zabortegi berriak zabaltzea da, hori bai, non kokatuko diren argitu gabe. Zaila da alkateari sinestea, Bilduko Ingurugiro diputati Iñaki Errazkinek argi eta garbi esan digunean zarauztarroi zabortegia ez dela 2014an itxiko, ezker abertzaleak agindu zuen moduan, eta agian 2015 hasieran itxiko dela. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian.

Share.

Leave A Reply