EAJK DIO BILDUK ALDE BATERA UTZI DUELA ENPLEGUAREN ALDEKO LANA

0

Bilduk Urola Kostako Udal Elkartean 2013rako egindako aurrekontu proiektua alor honetan egindako murrizketengatik nabarmentzen dela uste du

Urola Kostako EAJko zinegotziak “harriturik eta kezkaturik” agertu dira Udal Elkarteak osaturako aurrekontu proiektua dela-eta, Bilduk “enplegu egitasmoei inolako ahaleginik” zuzendu ez diela uste baitute. “Alde batera utzi du lan brigaden antolaketa, azken urteetan ohiko neurria izan badira ere. Brigada horiei esker, bazterketa arriskuan edo premia handiko egoeran zeuden pertsonen kontratazio txikiak egiteko aukera zegoen, enplegu batean formatuz”, argudiatu dute.

Zinegotzi jeltzaleen arabera, krisialdi garaian enpleguak bultzatzea “lehentasun nagusia” izan beharko luke “baliabide publikoak zertara bideratzen ditugun erabakitzerakoan”. Hala, Bilduri eskatu diote enplegu plan horiek “indarrean” jarraitzea. EAJk proposamen bat egin du brigada horiei eusteko, eta “enplegu eta formakuntza egitasmoetarako” ahaleginak handitzeko: “Langabezian dauden pertsonen kopurua etengabe ari da gora egiten, eta ez da alor honetan murrizketak egiteko momentua, Bilduk proposatzen duen moduan”.

Era berean, EAJk uste du bosgarren edukiontzirako poltsa berrerabilgarriak ez finantzatzeko erabakia okerrekoa dela, eta gaineratu du “Amaia Guruzetak oposizioarekin kontsultatu gabe eta bere kabuz hartu zuela erabaki hori”. Hori dela-eta, “hondakin organikoen bilketa eta birziklapena bultzatzen jarraitzeko helburuarekin, 2013ko aurrekontuetan poltsa horiek finantzatzeko diru-atal bat sartzea proposatu dugu, eskualdeko denda eta saltokiekin akordio bat barne hartuko lukeena”.

Jeltzaleek adierazi dutenez, “Bilduk birziklapena hobetzeko benetako interesa baldin badu, bilketa sistemetatik harago, ez luke inolako arazorik eduki behar neurri hau onartzeko, bosgarren edukiontziarekin lortzen ari garen emaitza bikainak ikusita”.

Bestalde, EAJ ez dator bat Bilduk Turismoaren sustapenari zuzendutako diru-atala murriztu izanarekin, eta %10 handitzea proposatu du. “Garrantzi handiko jarduera da eskualde mailan, ekonomikoki eta sozialki. Uste dugu horren aldeko apustua egiteko garaia dela; azken urteetan erreferente gisa kokatzera eraman gaituen ahalegina egin dugu, eta inportantea da horri eustea eta lan hori balioan jartzea, sektore honetan bere burua promozionatzen ez duena ez delako existitzen, askotan”.

Euskara Brigadak

EAJk gogora ekarri du bere garaian ez zuela begi onez ikusi Bilduk Udaletako euskara teknikarien lana indartzeko pertsonala kontratatzeko egindako planteamendua. “Beharrezkoa ez zen gastua zela esan genuen, edo lehentasunezkoa ez zela, bederen, eta jarrera horri eusten diogu egitasmo honerk eman dituen emaitzak ikusi ondoren ere”. Horrenbestez, brigadak bertan behera uztea eta duten kostua -28.000 euro- enplegu egitasmoetara bideratzea proposatzen du.

Urteta

Jeltzaleek Udal Elkarteko lehendakariari eskatu diote, “bigarren aldiz, lehenbailehen aurkezteko zabortegiaren mantenimendura eta itxierara bideratzen den funtsaren kopurua aurkezteko. Uste dugu ezinbestekoa dela Udalek zabortegia itxi ondoren sor daitezkeen gastuen aurreikuspena edukitzea, kontuan hartuta adostutakoaren arabera 2014ko abenduan itxiko dela”.

Zera azpimarratu dute gai horren harira: “Dakigun gauza bakarra da Urtetak sekulan baino zabor gehiago hartzen duela, eta Bilduk hondakinen zikloa ixteko alternatiba finkoa proposatu gabe jarraitzen duela. Horri Ingurugiro Diputatuak duela gutxi esandakoak gehitzen badizkiogu, kezka dugu ixteko konpromiso datak beteko ez dituztela”.

EAJ konbentzituta dago ekarpen hauekin Bilduk aurkeztutako aurrekontuak hobetzeko aukera dagoela, eta “ateak zabalik” dituela nabarmendu du “negoziatzeko, eta garai zailotan gure bizilagunen alde elkarlanean aritzeko”.

Share.

Leave A Reply