Interes hipotekario gehiegizkoen aurkako EAJren mozioa onartu du Udalbatzarrak

0

AZALPENA

Gaur egun zarauztar eta gipuzkoar askok pairatzen ari diren egoera azaldu nahi dugu, IRPH interes indizearen inguruan gertatzen ari dena, hain justu. Herritar askoren ekonomian influentzia izugarria izaten ari da kontu hau, txarrerako.

IRPH interes indizea (Indíce de Referencia de Préstamos Hipotecarios) hilabetero Espainiako Bankuak kalkulatzen duen indize bat da, finantza entitateek bidaltzen dien datuekin kalkulatzen dena, hain zuzen (banku eta kutxek hilabetero hipoteka berri eta subrogatuak zein indizetan ematen dituztenen media aritmetiko sinplea da).

Hiru IRPH mota ezberdin daude: IRPH-Cajas, IRPH-Bancos eta IRPH-Entidades; lehenengoa, aurrezki kutxek ematen duten hipoteka maileguen media da; bigarrena, bankuek ematen duten maileguena eta, azkena, denen batez bestekoa.

Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeritzak 2011ko urriaren 28an argitaratutako eta 2012ko apirilaren 29an indarrean jarritako EHA/2899/2011 Aginduaren bitartez printzipioz transparentzia eta bankuen bezeroen babesa bilatzen zen. Arau horren medio IRPHCajas eta IRPHBancos indizeak desagertarazten dira. Hau da, 2012ko apirilaren 29tik ezin dira hipoteka mailegu berrietan indize horiek erabili. Hala ere, dagoeneko interes indize horiek erabiltzen zituzten maileguak interes indize berri bat topa zezaten, eta “transizio erregimen” bat argitaratzera baldintzatuta urte batez, hau da, 2013ko apirilaren 29rarte Espainiako Bankuak indizea publikatuko zuela hilabetero.

Gipuzkoa mailan badira IRPHCajas indizea erabiltzen jarraitu duten entitateak, Kutxabank kasu. Kutxabanken baldintzetan indize hau desagertuz gero Euribor indizea + %1 erabiliko dela sinatzen da mailegu hipotekario guztietan. Hau da, Kutxabanki dagokionez bere bezero guztiek dute “transizio erregimena” finkatuta. Beraz, entitate honek ez luke Espainiako Gobernuaren “transizio erregimen”aren argitarapenik behar bere maileguak egoera berrira egokitzeko. Onartzear dagoen araudia ez dago Kutxabanki zuzenduta, hortaz.

IRPHCajas indizea aplikatzen jarraitu duten entitateek irabazi handiak lortu dituzte horri esker. Familia askorentzat, ordea, hilabetero 300-400 euro gehiago ordaintzea suposatu du neurri horrek. Azaldu beharrik ez dago, egungo egoera ekonomikoan, horrek etxe askotan ekar ditzakeen ondorioak.

Interes orokorreko gaia dela ukaezina izanik, EAJ-PNVren Zarauzko Udal taldeak honako mozioa onartzeko eskatzen dio Zarauzko Udalbatzarrari.

MOZIOA

1.-Zarauzko Udalak ofizialki Kutxabanki eskatzen dio IRPHtik EURIBOR+1-era pasatzea bere mailegu hipotekario orotan, eta beste finantza entitateei eskatzen die bezeroentzat abusiboak eta ekonomikoki kaltegarriak ez diren indizerik ez aplikatzea.

2.- Zarauzko Udalak ofizialki Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun ministeritzari exijitzen dio arlo honetan dagokion araudia onartzea eta indarrean jartzea.

3.- Mozio hau Kutxabanki, herriko beste finantza entitateei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea adosten du Zarauzko Udalak.

 

Share.

Leave A Reply