PARKEA ESTALTZEKO LANEAN HASTEKO ESKATU DIO EAJK UDAL GOBERNUARI

0

Adierazi du Bilduk ez duela “euro bakar bat ere” gastatu aurrekontuan aurreikusitako diru-ataletik, martxoan hori agindu zuen arren

EAJk Udaleko Bilduren Gobernuari eskatu dio parke estaliaren obrari aurre egiten hasteko. Obra hori urte honetarako zegoen aurreikusita eta une honetan “geldirik” dago, jeltzaleen arabera. “Aurtengo aurrekontuetako inbertsioen kapituluan 20.000 euroko diru-atala dago horretarako, baina ez da euro bakar bat ere exekutatu, eta kokapena erabakitzeko aurrerapausorik ere ez da eman. Hori dela-eta, Bilduri eskatzen diogu agindutakoa betetzeko eta Zarautzen parke edo plaza bat estaltzeko beharrezko gestioak egiteko”, adierazi du Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak Maite Garrastazu eta Ixidor Larrañaga zinegotzi eta Hirigintza batzordeko kideekin batera emandako agerraldian.

Parke bat estaltzeko ideia hauteskunde programan aurkeztu zuen EAJk duela bi urte, eta 2012ko aurrekontuei aurkeztutako emendakinetan ere horren beharra adierazi zuen. “Joan den martxoan, Bilduko zinegotzi arduradunak prentsan esan zuen bere lehentasunen artean zegoela, baina ikusten ari gara ez aurrera egin kontu honekin”, deitoratu du. Jeltzaleek zehaztu dutenez, joan den martxoaren 21ean Bilduk prentsa idatzian iragarri zuen proiektu eta kokapen desberdinak aztertzen ari zirela. “Zinegotziak hitzez hitz esan zuen aurten proiektua erredaktatuta edukiko zutela eta litekeena zela datorren negurako obra bukatuta egotea. Haatik, inbertsio honetarako onartutako diru kopurua ez da erabili”.

Joan den uztaileko Udalbatzarrean, EAJk galdetu zuen zergatik ez den ditu-atal hori gauzatu. “Ez dugu ulertzen zerbatik ez dituzten martxan jartzen herriarentzat oso garrantzitsuak diren eta alderdi guztien eta herritarren babesa duten proiektuak, kasu honetan bezala. Orain legealdi amaiera jartzen dute epe bezala. Herriaren aurrean hartutako mota honetako konpromisoak ez betetzea kudeaketa txar baten seinale argia da”, azaldu dute.

EAJk azpimarratu du parke estaliaren beharra “agerikoa” dela, zarauztarren “etengabeko eskaera” izateaz gain aspalditik: “Badakigu nolakoak diren udazkenak eta neguak hemen. Zarautzen haurrak dituzten familia asko daude, jolaestarako estalitako gune bat edukitzea ikaragarri eskertuko luketenak. Herriarentzat ere bestelako erabilera onuragarriak eduki ahal izango lituzke, gainera”. Erabilera horien artean, haurrentzako jolasguneaz gain, honakoak aipatu dituzte: “Askotan eguraldi txarragatik bertan behera uzten diren festak eta ospakizunak bertan egitea, elkarteen entseguak, bestelako ekitaldiak…”.

Lasak nabarmendu duenez, parke edo gune estali baten beharra mahai gainera atera da alderdi bezala bizilagunekin, auzo elkarteekin eta bestelako eragileekin etengabe izaten dituzten bilera, elkarrizketa eta harremanetan. 2011Ko hauteskunde egitasmoan EAJk aukera bezala aurkeztu zuen Salbideko harren parkearen eta Vista Alegreko kirol pistaren estaldura. Baina argi utzi nahi izan dute ez dituztela baztertzen beste kokapen batzuk, hala nola estazioko parkea, Azken Portu-Aritzbatalde, edo Iñurritzako plazakoa, jubilatuen etxearen aurrean. Azken horrek “aukera asko” eskaintzen dituela uste dute.

Nolanahi ere, Lasak adierazi du prest eta “zabalik” daudela beste kokapen eta aukerak aztertzeko, “ikuspegi eraikitzaile” batekin. “Uste dugu Bilduko Udalak Osoko Bilkuran onartutakoa eta publikoki agindutakoa bete behar duela, horretarako diru-atala daukalarik batez ere. Ezin da aitzakiarik jarri prozesua martxan jartzeko, herriko eragile desberdinen eta oposiziko alderdien iritziak aintzat hartuta”.

EAJk adibide gisa jarri du Orokieta ikastetxeko pistari sabaia jarri izana, joan den legealdian”. “Une horretan ahalegin bat egin genuen obrari aurre egiteko, eta gaurko egunez inork ez du zalantzan jarriko Zarauzko kirol instalazioen eskaintzan hobekuntza handia ekarri zuela”, amaitu du.

 

 

 

Share.

Leave A Reply