BILDUK PUBLIZITATEAN GEHIEGI GASTATZEA KRITIKATU DU EAJK, ETA AHULTASUNAREKIN LOTU DU

0

Udalak etxez etxe banatutako panfletoa “ideia falta” ezkutatzeko modu bat dela iritzi dio

EAJk gogor egin du Bilduren Udal Gobernuaren aurka, “diru publikoa propaganda eta publizitatean alferrik” gastatzeagatik, berriki Udalak etxeetan banatutako egunariaren harira. “Une honetan Zarautzen lana, zorroztasuna eta eraginkortasuna behar ditu bere agintariengandik, eta ez autobonboa eta kea saltzea”, adierazi du Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak. “2013ko aurrekontuari aurkeztu genizkion emendakinetan, publizitatean gehiegizko gastua zegoela  salatu genuen, eta gastu hori murrizteko eskatu genuen gastu soziala handitzeko. Tamalez, denbora arrazoia ematen ari zaigu”, deitoratu du.

Lasak herritarrekiko eta beste alderdi politikoekiko “errespetu faltatzat” jo du “Bilduk denonak diren baliabide publikoak erabiltzea interes alderdikoi hutsekin, aurrera ateratzeko gorriak ikusten ari diren herritar asko dauden honetan”. Haren iritziz, “jarrera honekin, bere ahultasuna eta ekimen falta agerian utzi besterik ez du egiten Bilduk. Badakite, orain arteko jardunarekin, herria eta udaletxea erabateko blokeo batera eraman dutela, eta erakustaldi publizitario hau, Udalaren historian parekorik ez duena, harritarren aurrean autojustifikatze saiaketa besterik ez da”.

Etxeetan banatutako egunkariaz gain, Bilduk tamainu apalagoko eskuorria argitaratu du, eta baita web orri berria zabaldu eta Etxezabalan euskarri berria jarri ere. “Guzti hau ezkutuan egin dute, Gorporazioko beste alderdiei kontsultatu edo informaziorik eman gabe. Are larriago, herritarrengana zuzentzen dira Udal bezala gainerako alderdiak aintzat hartzeko ezertxo ere egin ez dutenean”, kritikatu du Lasak. Gaineratu du Bildu gobernuan dagoenetik Udalan “gardentasunik eza” dela nagusi, eta honen hamaikagarren adibidetzat jo du publizitate kanpaina: “Toxten juridikoa eskatu dugu argitu dadin nola esleitu den propaganda guzti hau, zer diru atalarekin, eta zenbateko kostua izan duen, zehatz-mehatz”.

Lasak salatu duenez, “Bilduk Korporazioko beste alderdiekiko erakusten duen mespretxua halakoa da, non denok ados jarri behar izan dugun ezohiko Udalbatzarra eskatzeko, Bilduk bere proiektuak bertan azal ditzan. Udalbatzar hori bat-batean amaitu zen, alkateak besteoi hitza ukatu zigunean. Oso tristea da egoera honetara iritsi izana”. Azpimarratu du alkateak ez duela “ezelako sinesgarritasunik elkarlanaz, elkarrizketaz edo herri partaidetzaz hitz egiteko. Nola aldarrikatuko ditu balio horiek herritarrek aurkeratutako ordezkariak mespretxatzen dituenak? Ezinezkoa da bere teilatupean bizi direnak errespetatzen ez dituen horrek herritarrak errespetatzea”.

Gogora ekarri du, Bilduk gobernuan lehen 100 egunak eman ondoren, EAJk mozioa aurkeztu zuela alkateari exijituz bere Gobernu egitasmoa aurkezteko eta bere elkarlana eskainiz “herriaren proiektu estrategikoetan aurrera egin ahal izateko. Hasiera-hasieratik kezkatu gaitu asko Udal honen planifikazio falta, proiektuak geldiaraztera eta besteei erasotzera mugatzen zelako inongo alternatibarik aurkeztu gabe”. Deituratu egin du, “bi urte eta erdi” geroago, “galdu duten sinesgarritasuna berreskuratzen saiatzea etsi-etsian publizitate kanpaina batekin. Herriarentzat sekulako balioa zeukan denbora galdu dute, elkarlana zeharo baztertuz”.

Lasaren arabera, Bilduk aurkeztutako 100 proiektuetatik, “gehienek ez dute izen hori merezi”. “Aurkeztu duten egitasmoa nahaste borrastea da. Garrantzian parekatzen dira, adibidez, Aldapetakoetxebizitza sozialak desfibrilagailu bat erostearekin. Larriena da proiektu gisa saltzen direla Udalaren gesio hutsak diren eginbeharrak, hala nola ohiko asfaltatze lanak, zebrabideak konpontzea, zakarrontziak ordezkatzea, dirulaguntza sozialak, edo helduentzako euskara klaseak. Oso trisea iruditzen zaigu Udal batek bere buruari dominak jartzea, egin behar duena egingo duela esateagatik. Horretarako ordaintzen zaie”.

Bozeramale jeltzalearentzat, Bilduk plazaratutako proposamenak “ezer gutxi dute estrategia seriotik”. “Ez dago proiektu garrantzitsuenen inolako aipamenik. Ez Errotaberrirena, saihesbidearena edota trenaren lurperatzearena. Ez da lehentasunik, aurrekontu partidarik zehazten edo finantzaketa planik zehazten. Ez dago helburu zehatzik, eta ezta helburuak bete diren neurgailu zehatz eta taxuzkorik ere”. Ezinbestekotzat jo du, Zarautz “blokeo eta geldiketa egoeratik ateratzeko, eta inprobisazioan ez erortzeko, definititzea zer den benetan beharrezkoa eta nola iritsi gaitezke horretara. EAJk lanean segituko du herria eta Udala aurrera ateratzeko”.

 

 

Share.

Leave A Reply