HERRIKO ELKARTE ETA TALDEEKIN PARTE-HARTZE PROZESUA JARRI DU MARTXAN EAJK

0

Denon artean erabaki behar dugu zein herri eredu eduki nahi dugun eta eduki ahal dugun”, adierazi du Imanol Lasak

EAJk prozesu parte-hartzailea jarri du martxan Zarauzko elkarte, talde eta eragile desberdinekin, beraien ideia, proposamen, iradokizun eta ekarpenak jaso, ekintza planean txertatu ahal izateko. “ Beti uste izan dugu hausnarketa sakona egin behar dugula modu partekatuan Zarauzko egungo egoeraren inguruan, eta gero gure herriarentzat epe luzean arlo sozial, ekonomiko, politiko edota kulturalean oinarrizko ildoak jasoko dituen egitasmo estrategiko jasangarri batean txertatu behar horiek. Horretarako derrigorrezkoa da tokiko eragileen eskutik joatea”, esplikatu du Imanol Lasak.

Herri eragileekin izan ohi dituen harremanen barruan, hain zuzen, eta “beste aurrerapauso bat eman eta prozesu sistematikoa haste aldera”, EAJ harremanetan jarri da posta bidez arlo desberdinetako 90 elkarte ingururekin, ongizate, lankidetza, kultura, heziketa, enpresa, aisialdia edo kirol esparruetan dabiltzanak. “Gutun horretan esaten diegu beraiekin bilera egitea gustatuko litzaigukela bertatik bertara ezagutzeko beraien kezkak, eta egungo egoera zailean gainditu behar izaten ari diren erronkak. Dagoeneko batzuekin bildu gara eta beste batzuekin telefono bidez jarriko gara harremanetan”, adierazi du Lasak.

Edonola ere, elkarteren batek gutuna jaso izan ez balu, honako helbidean jarri daiteke harremanetan EAJrekin -eaj-pnv@zarautz.org-, komeni zaienean hitzordua finkatu ahal izateko.

Share.

Leave A Reply