Udal oposizioak adierazi du ez duela baimenduko BILDUk berriz ere bere TAO eredua inposatzea

0

EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Ezker Anitza-IUko Zarauzko Udal taldeok salatu nahi dugu bigarren urtez jarraian BILDU TAOren inguruko herri eztabaida desitxuratzeko egiten ari den saiakera. Gure Udal taldeen iritziz, ezin zaie partaidetza prozesua deitu BILDU auzoz-auzo egiten arin den bilerei. Izan ere, horietan, Bildurenak ez den TAO arautzeko beste proposamen guztiak apropos baztertzen dira, eta ez zaie bertaratutakoei Udal taldeek TAOren inguruan egin dituzten proposamen eta planteamendu desdeberdinen inguruko informaziorik ematen, eta ezta eragile sozialek egindako proposamenen ingurukoa ere, hala nola Zurekin elkarteak eginiko kritika eta proposamenak.

Gogoratu behar dugu TAO eredua BILDUREN babesarekin onartu zela soilik, eta alkatearen kalitatezko botoari esker atera zela aurrera.

Ezin dugu ahaztu ere herritar askorentzat, eta Zarauzko Udaleko zinegotzi gehienentzat, 2013an inposatutako TAO ereduak emaitza kaskarrak izan dituela eta bere kudeaketa deskalabru hutsa izan dela:

– Biñetak banatzeko prozesua onargarria ez den kaosa izan zen.

– Indarrean sartzeko epea behin baino gehiagotan atzeratu behar izan zen planifikazio faltagatik.

– TAOren erregulazioan etengabe sartu dira aldaketak inolako fundamenturik gabe, herritarrei behar bezala informatu gabe eta legalki ordenantza aldatu gabe, agerikoak diren irregulartasunetan eroriaz, Udaleko zerbitzu juridikoen txostenak argi utzi duen moduan.

– TAOren erregulazioaren inguruan ez da modu egokian informatu, ez bisitariei eta ezta Zarauzko herritarrei ere, eta horrek hainbat zalantza eta haserre piztu ditu, gure herriaz irudi txarra emateaz gain.

– Badira hutsik edo ia hutsik egon diren eta dauden hainbat aparkaleku eremu, hala nola Salberdingo aparkalekua, San Pelaio eta Araba kaleko errotazio altuko guneak, edota DIA supermerkatu aurreko aparkalekua, zentzurik gabeko egoerak sortuaz.

– Gaurko egunez, ez da TAOren aldaketek ekarri dituzten emaitza ekonomikoei buruzko informaziorik eman, eta Udal Gobernuak emandako zenbait datu benetan sinestezinak dira, TAOgatik jarritako isun kopurua 2012an 2013an baino handiagoa izan zela, esaterako.

Baina guretzat larriena da oraingo honetan ere partaidetza prozesu bezala aurkeztea prozesu bat non bakarrik BILDUren proposamena aurkezten den eta gainerako alderdi eta eragile sozialen proposamenak baztertu eta ezkutatu egiten diren. Gainera, kontuan hartu behar dugu Udal Gobernu honek ez dituela Udalbatzarrak hartutako zenbait erabaki betearazi, hala nola eskatu zaionean lan poltsa publikoa zabaltzea TAO begirale postuak bete ahal izateko.

Guzti horregatik, EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Ezker Anitza-IU Udal taldeok derrigorrezko ikusi dugu BILDU TAOren inguruan aurrera eramaten ari den iruzur prozesu hori publikoki salatzea, benetako partaidetzarekin zerikusirik ez duena. Halaber, dei egiten diogu oker hasitako bidea zeharo zuzen dezan, ezarritako TAO ereduaren emaitzen inguruko informazio guztia erraztuz, bereziki ekonomikoa, eta talde politiko eta sozial desberdinek Zarautzen aparkalekua arautzeko dauzkaten alternatibek aurkezpenetan tokia edukitzea bermatuz. Eskari hauek bete ezean, Udal taldeok iragartzen dugu TAOren inguruko ezohiko Udalbatzar monografikoa eskatu beste erremediorik ez dugula izango, beharrezkotzat jotzen ditugun aldaketak eztabaidatu eta onartzeko.

Share.

Leave A Reply