EAJK LEHENTASUNA EMANGO DIO KRISIAREN AURKAKO LANARI 2014KO AURREKONTUETAN

0

Bi ildo estrategiko proposatuko ditu: enplegua eta jarduera ekonomikorako laguntzak, eta krisiak sortutako behar bereziei aurre egiteko diru atal baten sorrera

EAJk proposamena aurkeztu du 2014ko aurrekontuetan krisiaren aurkako egitasmo bat sartzeko, bi ildo estrategiko nagusirekin: lanpostuen sorrera eta jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri sorta, eta krisialdiak sortutako ondorio bereziei aurre egiteko funts sozial baten sorrera. “Uste dugu Udalak erakunde gisa inplikatu egin behar duela zeregin horretan, eta aurrekontuen lehentasun nagusia egoera ekonomiko zailari aurre egitea izan behar duela. Beraz, Bilduri gure eskua luzatzen diogu oinarri horien gainean akordio bat lortzeko”, adierazi du Imanol Lasak.

Bozeramale jeltzaleak adierazi duenez, “EAJk ekonomiaren, enpleguaren, eta ongizate estatuaren aldeko lanean aritu da burubelarri, bai gobernatzeko ardura izan duen tokietan, hala nola Eusko Jaurlaritzan, eta baita oposiziotik ere”. Ildo horretan, adibide gisa jarri ditu Foru Aldundiko aurrekontuak, non 15 milioi eureko diru atala sartuko den krisiari aurre egiteko, EAJk aurkeztutako emendakinari esker. “Uste dugu posible dela borondate partekatu hori Zarautzera eramatea. Herriak badu horren beharra, hori ari zaizkigu jakinarazten elkarteak eta eragileak izaten ari garen bileretan”, azpimarratu du.

Lasak adierazi du gaur egungo egoera larriak indarrak batzea eskatzen duela: “Urrian 2.700 lagun baino gehiago zeuden lanik gabe Zarautzen. Langabeziak udaren ondoren izan duen gorakada kontuan hartzekoa izan da”. Horregatik, EAJk proposatu du aurrekontuetan diru atal bat adostea, besteak beste, langabezian dauden zarauztarrak kontratatzen dituzten enpresak diruz laguntzeko, kopurua lan aldiaren arabera finkatuz -lanaldi erdia, edo osoa-: “Pizgarriak eskaini behar zaizkie lanpostuak sortzen dituzten enpresei”, azaldu du.

Egitasmoaren beste lerro batek enpresa berrien sorrera sustatzea izango luke helburu, ekintzaileei udal lokalak lagata, edota diruz lagunduta alokairu gastuen zati bat, enpresa eskatzaileen ezugarriak bat ez datozen lokalak ez daudenean. Beste dirulaguntza ildo bat bideratuko litzateke ekintzailetasuna bultzatzeko, autonomi gisa alta hartzen duten zarauztarrak, kooperatibak martxan jartzen dituztenak, eta bereziki “herriarentzat estrategikoak diren proiektuak martxan jartzen dituztenak” babesteko. Estrategiko izate hori enpresaren profila edo enplegu sorreran izan dezakeen inpaktuaren arabera emango da.

Merkararitzarako eta lehen sektorerako laguntzak dira jeltzaleek proposatutako egitasmoaren beste ardatzetako bat. “Merkataritza eta ostalaritza sektoreak pisu handia du Zarautzen. Ordenantza fiskalak landu zirenean, hobari bat proposatu genuen beren negozioetan hobekuntzak egiten zituztenentzat, eta egitasmo honekin horiek diruz laguntzea proposatzen dugu, lehiakortasuna sustatzeko jarduerak babestuz sektore honetan zein lehen sektorean”. Edonola ere, EAJ prest agertu da dirulaguntza desberdinak gauzatzeko forma eta kopurua negoziatu eta eztabaidatzeko: “Zer nahi dugun bat baldin bagatoz, nola lortuko dugun ere adostuko dugu, ziur”.

Inork ezin du bazterrean gelditu”

Bestalde, eta krisiaren aurkako egitasmo berareb barruan, jeltzaleek proposatu dute ezohiko ditu atala sortzea justizia sozialerako, krisi ekonomikoak zarauztarrei egunerokoan sortu dizkien zailtasun bereziei aurre egiten laguntzeko. “Ezinbestekotzat” jo du, ekonomia bultzatzeaz gain, 2014ko aurrekontuen beste euskarri nagusia gastu soziala izatea, “eta horrek esan nahi du pertsonei lagundu behar zaiela, eta erakundeetatik bermatu behar dela inoez de gelditzea bazterrean” gaur egungo egoera ekonomikoaren ondorioz.

Hori dela-eta, EAJk Bilduri eskatu dio Udal funts bat sortzeko. Funts horren dirua, Gizarte Zerbitzuen ohiko laguntzen betebeharretatik kanpo gelditu arren, behar bereziak dituzten pertsona eta elkarteentzat bideratuko litzateke. “Adibidez, semealaben formakuntza eta heziketa ordaintzeko zailtasunak dituzten gurasoak, formakuntzarekin jarraitu ezin duten gazteak beka eta laguntzen murrizketa dela-eta, erosteko ahalmena oso kaltetuta ikusi duten pentsiodunak, edota krisiaren ondorioz gainezka dauden elkarteak, hala nola Caritas”, azaldu du Lasak. Banaketa irizpideak finkatu asmoz, jeltzaleek proposatu dute lanerako mahaiak sortzea sektorekako elkarte eta eragileekin: Eskola Kontseilua, elkarte sozialak, kiroletakoak edo hirugarren adinekoak.

 

Share.

Leave A Reply