EAJK PROPOSATU DU UDALAK LAN PRAKTIKAK EGITEKO AUKERA ESKAINTZEA

0

Hainbat arlotan gauzatuko lirateke eta ikasleek kopuru bat jasoko lukete konpentsazio gisa

EAJren Udal taldeak egitasmo bat martxan jartzeko eskatu du, unibertsitateko edo formakuntza profesionaleko ikasleek beren ikasketa arloei lotutako lan praktikak egin ahal izan ditzaten Zarauzko Udalan. Imanol Lasak ezagutzera eman duenez, bere taldeak aurreko asteazkenean egindako koordinazio batzordean egin zuen eskaera hori. “Uste dugu ekimen positiboa izan daitekeela Zarauzko ikasleen formakuntza osatzeko esperientzia praktikoarekin, eta Udalarentzat ere aberasgarria izan daitekeela bere eguneroko lanean”, azaldu du bozeramale jeltzaleak.

Jeltzaleek berriki aurkeztutako krisiari aurre egiteko egitasmoan txertatzen da neurri hau. Egitasmo horrek hainbat ekintza aurreikusten ditu enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta baita funts sozial bat sortzea ere behar bereziei aurre egiteko. Araututako lan praktiken programa martxan jartzearekin bat, EAJk proposatzen du praktikak egiten dituzten ikasleentzat laguntza diru-atal edon funts bat sortzea, Udalaren aldetik kopuru bat jaso dezaten konpentsazio erara. Kopuru hori 300 eurokoa izango litzateke hileko, eta 350 eurokoa %33ko ezgaitasuna edo handiagoa duten ikasleen kasuan.

Praktika eskaintzak hainbat arlo hartuko lituzke, gaur egun Udalak dituen departamentuei lotutakoak: Hezkuntza, Gazteria, Kirolak, Turismoa, Kultura, Gizarte Arreta, Administrazio Orokorra, Udal Zerbitzuak… “Udalaren egunerkoko kudeaketan hainbat jarduera eta aktuazio izaten dira, ikasleek eskarmentu profesionala hartzeko oso erabilgarriak izan daitezkeenak. Oso perfil desberdinak betetzeko aukera dagoela uste dugu”, ziurtatu du Lasak. Ikasleek ‘tutore’ edo laguntzaile bat izango lukete Udalean, tutore akademikoarekin lankidetzan bere jarduna gainbegiratuko lukeena.

Hezkuntza eskumena Udalari ez baldin badagokio ere, EAJk uste du erakunde bezala oso paper garrantzitsua bete dezakeela Zarauzko hainbat ikasleren “formakuntza eskaintza zabaldu eta hobetzeko”. Horregatik, dei egin dio Hezkuntza zinegotziari lan praktiken egitasmoa martxan jartzeko, alderdi guztien ekarpenak aintzat hartuta: “Udaletan edo Aldundietan praktikak eskaintzea ohiko zerbitzua da, urrunago joan gabe Gipuzkoako Foru Aldundian bertan.  Uste dugu ideia ona dela Zarautzek korronte horrekin bat egitea”.

Lasak amaitu du argituz praktikek “sekulan ez dutela izango helburu gisa Udaleko postu libreak betetzea edo ordezkapenak egitea. Helburu akademikoa izango dute, eta gure proposamena aurrera ateratzen baldin bada neurriak jarriko ditugu hori bermatzeko”.

Share.

Leave A Reply