EAJK USTE DU BILDUREN BIRILBIGUNEA EZIN DELA INOLAZ ERE LEHENTASUNEZKOTZAT JO

0

Udal Gobernuari eskatu dio atzera egiteko Nafarroa kalean biribilgunea eraikitzeko asmotan, eta oso kritiko agertu da proiektuarekin 

EAJ-PNV oso kritiko agertu da Bilduk Nafarroa kalean egingo duen biribilgunearekin, eta Udalari eskatu dio proiektua “berraztertzeko”. “Aurreikusirik dagoen moduan eraikitzen baldin bada, oinezkoa aterako da galtzen, argi eta garbi”. Gainera, uste du proiektua ez dela “behar bezala garatu formei dagokienez, eta teknikoki ere” hobetu beharra daukala. Lizardi eta Jaurtarkol kaleen eta n-634 errepidearen artekogurutzebidean egingo da biribilgunea, eta Udalak 295.000 euro inguru gastatuko ditu obran.

Imanol Lasak azpimarratu duenez, obrak ez du gaur egungo egoera hobetzen eta “kalte nabarmena” egiten dio oinezkoen segurtasunari, haientzako bi semaforo kentzen baitira, eta beste bat ibilgailuentzat. “Bilduk kontraesan argiak erakusten ditu, beti hitz egiten duelako oinezkoari lehentasuna emateaz, baina kasu honetan ez du hierarkia hori errespetatzen eta ibilgailuen trafikoari egiten dio mesede, oinezkoen mugikortasuna kaltetuz. Bilduk biribilguneari beste buelta bat ematea defenditzen diegu, ibilgailuengan bakarrik ez, oinezkoengan ere pentsatuz”.

Proiektuaren helburua “trafikoa mantsotzea” bada ere, EAJk dio, gaur egungo bi semaforo kentzen baldin badira, autoak azkarrago aterako direla biribilgunetik, horrek oinezkoei ekarriko dien arriskuarekin. “Gauza bat da trafikoa arindu nahi izatea, eta bestea, oso bestelakoa, segurtasunaren kaltetan azkartzea”.

Bozeramale jeltzaleak gaineratutakoaren arabera, biribilgunea ez da baleko konponbidea herria alderik alde gurutzatzen duen trafiko astuna murrizteko, eta “industria poligonoei sarbidea eman beharrari ere” ez dio erantzuten, “Bilduk saihesbidea geldiaraztea erabaki zuen. Azpiegitura hori funtsezkoa zen N-634 errepideari trafikoa kendu eta Errotaberriri sarrera duina eman ahal izateko”. Adierazi du Bilduren proiektua “adabakia” dela, ez duela herri eremuko ingurugiro kalitatea hobetzen, eta “norabiderik gabeko kudeaketa baten” seinale dela: “Errepide nagusian biribulgune bat halamoduz sartzea ezin da saihesbidearen ordezko gisa hartu, azken hori inbertsio estrategikoa zelako herriarentzat trafiko eta ingurugiro hobekuntzari dagokienez”.

Ildo horretan, zera gogorarazi du: “Alkateak hitza eman zuen kontrapartidak lortuko zituela, Foru Aldundiak Zarautzen inbertitu behar zituen 35 milioen ordain gisa. Behin eta berriz eskatu diogu argitzeko zeintzuk izango diren kontrapartida horiek, eta herriaren interesak defenditzeko. Oraindik ere argibideen zain gaude”.

Lasak salatu duenez, formetan ere ez da egoki jokatu, haren iritziz Bilduk “erabateko sentsibilitaterik eza” erakutsi baitu biribilgunearen eremuko bizilagunekin. “Azken orduan jakinarazi zaie beraien esparruko autoen sarbidea Mandabide kalera aldatzen zela, baimenik eskatu gabe. Kexa bat baino gehiago iritsi zaigu honen nguruan”. Gainera, adierazi du, proiektatuta dagoen bezala, obrak eremu horretan aparkalekuak galtzea ekarriko duela. “Udalak ez du, ez proiektuan eta ezta Udal aurrekontuetan ere, biribilguneak bizilagunei nola eragingo dien aurreikusiteko ahalegin txikienarik ere egin. Ondorioak zuzentzeko diru atalik ez da ageri inon”.

Bozeramale jeltzaleak salatutakoaren arabera, Bilduk antolatutako partaidetza prozesuak “kea” besterik ez dira, eta biribilgunearen aferan izandako jarrerak erakusten du Udalak “herritarrei bizkarra emanda” gobenatzen duela. Lasaren irudiko, “tamaina eta kostu honetako proiektu batek askoz ere babes sozial eta politiko handiagoak behar ditu, baina beste behin inposaketaren alde egin da eta korrika eta presaka egin dira gauzak, Udaleko beste alderdiekin akordiorik txikiena ere bilatu gabe. Uste dugu Zarautzek badauzkala beste lehentasun ugari dirua inbertitzerakoan, biribilgune honekin alderatuta”.

Azkenik, EAJ-PNVk Bilduri galdetu dio “non birlandatu behar dituen biribilgunearen proiektuan ondorioz moztuko diren 30 zuhaitzak”.

Share.

Leave A Reply