EAJK KRISIAREN AURKAKO NEURRIEI EMAN DIE LEHENTASUNA AURREKONTUETAN

0

Funts soziala” sortzea, herriko ekonomia bultzatzea, eta zarauztarren bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsioak egitea defenditzen du

Zarauzko EAJk ezagutzera eman ditu martxoan onartzekoak diren 2014ko aurrekontuetarako bere lehentasunak. Jeltzaleak helburutzat hartu dute aurrekontuek krisi ekonomikoari aurre egiten laguntzeko neurri etra ekimenak jasotzea, eta baita “atzeraezintzat” jotzen dituzten inbertsioak aurrera ateratzeko diru-atalak eta konpromisoak ere. “Beti aldarrikatu ditugu aurrekontu sozialak eta herriko jarduera ekonomikoa suspertzen lagunduko dutenak. Horretara bideratu ditugu gure emendakinak eta ahaleginak. Behar handiena dutenei laguntza eskaini behar diegu, zarauztar biztanle guztien bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsioak albo batera utzi gabe. Hori da, aurtengo aurrekontuen negoziazioan ere, jarraitzen ari garen bidea”, azaldu du Imanol Lasak.

Hala, jeltzaleek eskatu dute beste behin aurrekontuetan “krisiaren aurkako egitasmoa” txertatzea, “bi ardatz nagusirekin”. Alde batetik, enplegua eta ekonomia sustatzea, honako alorrak barne hartuko lituzkeen dirulaguntza lerroa zabalduz: “Zarauztar langabetuen kontratazioa, negozio berriak martxan jartzea -autonomoak, kooperatibak eta proiektu berritzaileak-, eta merkataritza, ostalaritza eta lehen sektorea”.

Bestetik, “funts soziala” eratzeak duen garrantzia azpimarratu dute. “Zerbitzu Sozialen dirulaguntzak osatzeko, eta horien ahalmenetik kanpo gelditzen diren unean-uneko beharrei aurre egiteko diru-atala sortzeko eskatzen dugu: formakuntzari laguntzak, heziketa, eskolako jandela, pentsiodunak… Krisia mota askotako gabeziak ari da sortzen, eta Udalak ezin du geldirik gelditu horien aurrean. Ezin dugu inor bazterrean utzi”, ziurtatu du Lasak. Halaber, EAJk eskatu du gastu soziala indartzeko, batik bat “aurrekontuetan gizarte larrialdietarako laguntzetarako aurreikusitako kopurua handituz (AES)”.

EAJk egindako eskaerek inbertsioen kapitulua ere hartzen dute kontuan. Arlo horretan, garrantzi berezia eman diote Zarautzen denboraleek utzitako kalte eta ezbeharrei aurre egiten laguntzeko diru-atal “sendoa” sartzeati aurrekontuetan, beharrezkoa balitz Madrilgo gobernuak eskainitako laguntzak osatzeko. Halaber, diru-atal hori bestelako obrak egiten hasteko erabiltzea proposatzen dute: “Etorkizunean mota honetako fenomenoen aurrean neurriak hartu behar ditugu, kalteak gutxitzeko, malekoian bereziki. Babeserako obrak behar dira”.

Aurrekontuetan aurreikusitako obra eta urbanizazio ekintzei dagokionez, Lasak argi utzi du berriz ere Nafarroa kaleko biribilgunea ez dela lehentasuna, “ezta gutxiagorik ere”, eta ez dutela begi onez ikusten ez proiektua nola onartu den ezta izan duen planteamendu teknikoa ere. Hala, bestelako beharrak betetzeko diru-atal inportanteak sartzearen aldekoa da. Esaterako, jeltzaleentzat premiazkoa da Udalak Salberdin eremuan babestutako etxebizitzen  garapena ez geldiaraztea, eta horretarako eskatu dute aurten bertan Zarautz Lurren birpartzelazio proiektua erredaktatzeko diru-atala sartzea.

Atzeraezina iruditzen zaigu ere asfaltatze eta espaloien konponketa lanetarako egitasmoa martxan jartzea ere, Nafarroa kaletik bertatik hasita, tramo batzuk egoera kaskarrean baitaude. Haur parke estalia, Astiko kirol gunearen hobekuntza -atletismo pista eta aldagelen erreformarekin- edota Ebro Etxeako sarrera hobetzeko obrak ere hizpide izan ditugu Udal Gobernuarekin izandako harremanetan”, zehaztu dute.

Epe luzeagoko proiektuak ere aipatu ditu EAJk, hala nola Santa Klaran trenbidearen azpian pasabidea egitea, edota Lizardi instituko jolastokia estaltzea, herriko kirol taldeek eskatu duten moduan. “Kasu hauetan Udalaren jarduna Eusko Jaurlaritzaren finatziazioaren eta kudeaketaren baitan badago ere, beharrezkotzat jotzen dugu obra horiek aurrera eramateko konpromisoa eta borondatea islatuko duten diru-atalak adostea. Zarauko EAJk bere esku dagoen guztia egingo du errealitate bihur daitezen”, ziurtatu du Lasak

Indarrak batzeko” unea

EAJko bozeramaleak argi dauka, “gaur egungo krisi egoeran, eta olatuek egindako hondamendia ikusi eta gero gehiago”, beharrezkoak direla “alderdi eta erakundeen arteko elkarlana, elkarrizketa eta negoziazioa. Egiten ari garen prozesu partehartzailean, herritarrek eta eragileek nahi hori transmititu digute: herriak aurrera egin behar duela eta gehien behar dutenei lagundu behar duela. Gure alderdiari bere eskarmentua kudeaketaren mesedetan jartzea dagokio. Eta hala egingo dugu, gure hitza eman dugulako, eta une gogorrenetan delako beharrezkoa zinegotziok dugun onena ematea”.

Bukatzeko, Lasak iragarri du EAJk jarrera “eraikitzaile eta arduratsua” izango duela aurrekontuen eztabaidaun, eta gogorarazi die zinegotzi taldearekin harremanetan jarri nahi duten pertsona, elkarte eta eragile guztiei biltzeko hitzordua eskatu edo iradokizunak egin ditzaketela eaj-pnv@zarautz.org helbidera idatzita.

Share.

Leave A Reply