HONDAKINEN ARLOAN BILDUK GALDUTAKO DENBORAZ OHARTARAZI DU EAJK

0

Hondakinen Mahaiak eduki duen bukaerak zein ondorengo “ekimen faltak”, Bilduren “ardurarik eza” frogatzen dute, jeltzaleen esanetan 

Zarauzko EAJk Bilduri eskatu dio  hondakinen politikan “ekimen falta” alde batera uzteko, eta gaikako bilketa indizeak hobetzeko bere proposamena zein den aurkezteko. Jesus Arana zinegotzi jeltzale eta Hondakinen Mahaiko ordezkariak salatu duenez, Bilduk mahaia erabili du bere mesedetan, “bere gaitasunik eza ezkutatu, ardurak saihesteko, eta propaganda egiteko”. “Arrakasta bailitzan aurkeztu nahi izan dute, baina begibistakoa da halamoduzko bukaera izan duela. Hori gutxi balitz, bi hilabete baino gehiago igaro dira mahaia bertan behera gelditu zenetik, eta ez dute aurkeztu bertan adostutako puntuak garatzeko egitasmorik, ezta %70 gaikako bilketara iristeko ere. Ez dituzte etxeko lanak egin, ez mahaiak iraun duen bitartean eta ezta ondoren ere”.

Aranak salatu duenez, Bidu ez da Udaleko kudeatzaile bezala duen egitekoa betetzen ari. “Mahaiaren helburua zen bilketa sistema eta helburu batzuk zehaztea, baina horrez gain Udalaren ardura da, eguneroko kudeaketan, honako alorrak kontuan hartuko dituen egitasmoa aurkeztea: sentsibilizazio neurriak, bilketa guneen antolaketa, tamaina, kokapena eta ordutegiak, eta beste. Haatik, ikusten ari gara aurrekontuetan ez dagoela halako gaiei bideratutako berezko ditu atalik”. Zinegotzi jeltzalearen arabera, mahaiak eta bilerak deitzea ez du ezertarako balio, “baldin eta gero Gobernua ez bada bertan jasotako ideiak gauzatzeko gai, egitasmo bideragarrietan bilakatuz forma zein epeetan”.

Ziurtatu du Bilduren kudeaketa arlo honetan “oso ondorio kaltegarriak” izaten ari dela, “denbora eta diru ederrak” galdu baitira sentsibilizazioaren eta gaikako bilketaren alde egiten jarraitzeko. “Bilduk hiru urte beteko diru aurki Udalean, eta denbora guzti horretan ez da aurrerapen aipagarririk burutu gai honetan, hasieran bere aldarte inposatzailearen erruz, eta gero ez duelako asmatu eskuetatik ihes egin dion afera bideratzen. Zarautzen atez atezkoa inposatuko zutela iragartzea izan da egin duten ekarpen esanguratsu bakarra”.

Izan ere, zinegotzi jeltzaleak gogora ekarri duenez, aurreko otsailaren 22an bi urte bete ziren Bilduk adierazi zuenetik atez atekoa inposatuko zuela gure herrian eta Gipuzkoako beste 33 udalerritan. “Erabaki honek haserre handia eta oso erantzun herrikoi indartsua ekarri zituen. 8.000 sinaduratik gora bildu ziren birziklapenaren alde eta atez atekoaren aurka, herri kontsulta bat eskatuz”. Aranak adierazi duenez, “tamalez, orduko puntu berberan gaude orain, eta are okerrago, denbora eta diru asko galdu dira edukiontzietan hobekuntzarik ezarri gabe eta sentsibilizazio ekintzetan sakondu gabe. Hori izan da betidanik gure alderdiak defenditu duen formula, eta gure ustez zarauztar gehienek ere nahi dutena”.

Hondakinen Mahaiak 16 lan saio egin zituen guztira. “EAJk jarrera arduratsua erakutsi zuen, mahaiaren bilera guztietan aktiboki parte hartuz, eta bere proposamen guztiak idatziz aurkeztuz. Gaikako bilketa indizeak hobetzeko gure egitasmoa jendaurrean zabaldu genuen, eta gaur egun edonork du eskuragai. Serio hartu genuen gure lanak, eta hain zuzen horregatik, asko mindu gaitu mahaiak bere hasierako helburuak bete ez izanak Bilduren eta Udal Gobernuaren seriotasun faltaren erruz”. Ildo horretan, salatu dute mahaiko beste partaide guztiek ez bezala, Bilduk ez zuela bilketa sistemaren inguruan bere proiektua aurkeztu, “aitzakia gisa erabilita mahaiak erabakitzen zuela errespetatuko zutela. Gure ustez horrek agerian uzten du Bilduren ideia, gardentasun eta konpromiso falta”.

EAJren irudiko, mahaiak huts egin zuen bere garapenean. “Sorreraren helburua akordioak bilatzea eta lantzea zen, eta horretarako beharrezkoa zen sentsibilitate guztiak ordezkatuta egotea eta guztiek parte hartzea. Derrigorrezko baldintza zen aniztasuna”. Haatik, gaineratu du baldintza hori ez zela bete mahaiko zenbait kidek, Zero Zabor plataforma horien artean, alde egitea erabaki zutelako. “Mahaia bertan behera utzi zuten batzuk bere inmobilismoarekin eta Bilduk, bere lidergo faltarekin, nahiz eta gero arrakasta gisa saldu nahi izan den herritarren aurrean bukaera kamuts hori”.

Hori horrela, jeltzaleek idatziz eskatu zen mahaiaren eta hondakinen gaia Udaleko Bozeramaleen batzordean lantzeko, modu horretan hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko helburuetan aurrera egin ahal izateko. “Bada garaia sentsibilizazio eta bestelako neurriak hartzen hasteko. Zarauzko herritarrek eta inplikatutako eragileek, hala nola merkatari, ostalari eta industriek, jarrera eta konpromiso bikainak erakutsi dituzte gaikako bilketarekiko. Erantzuna eman behar diegu, baina zoritxarrez alkateak Bozeramale batzordea deitu gabe eta egitasmorik aurkeztu gabe jarraitzen du, eta gaiak zintzilik dirau. Hemen ere Bildu geldirik dugu, beste arlo askotan bezala”.

Iragarpen “triunfalista”

Arana oso kritiko agertu da Urtetaren inguruan egindako iragarpen “triunfalistarekin” eta Bilduri galdetu dio zer egiten ari den itxiera aurtengo abenduaren 31rako bermatzeko. “Alkatea eta Foru Aldundiko ordezkari politikoak hedabideetan azaltzen dira halako batean, itxira lau haizeetara iragarriz, eta albisteari hozteko denborarik utzi gabe, alkateak beste prentsaurreko bat ematen du, oraingo honetan Azpeitia eta Beasaingo alkateekin batera, esanez zabortegia ez bada ixten besteen erruagatik izango dela. Bada garaia Bilduk bere ardurari hel diezaion”. Ildo horretan, azpimarratu du Udal Gobernu batek bere konpromisoak betetzeko borrokatzen duela erakutsi behar duela: “Kasu honetan, ordea, beste askotan bezala, badirudi nahiago dutela denbora pasatzen uztea eta baloiak urruntzea”.

EAJk ostera exijitu du zabortegia “baldintzarik gabe” ixteko, eta zalantzak dauzka Bilduk itxiera gauzatzeko eskaintzen dituen bermeen inguruan: “Gehiengoz haiek boterera iritsi aurretik onartutako hondakinen kudeaketa proiektua geldiarazi besterik ez dute egin, inolako alternatibarik aurkeztu gabe. Interesatzen zaien akordioaren zatia besterik ez dute errespetatu, Zarautza dagokiona baino zabor gehiago bidaltzea, alegia. Ez dugu ikusten azpiegitura eta finantziazio egitasmo serio eta ondo landutakorik ikusten, eta oraindik ez dute esan zabortegi berria non zabaldu nahi duten. Zenbaki eta epeen errealitatea oso adierazgarria da, zoritxarrez”.

Share.

Leave A Reply