Gobernu taldeari eskatu dio aurtengo aurrekontuetan adostutako diru-atalak gauzatzeko
Zarauzko EAJk Bilduren Gobernu taldeari eskatu dio “lehenbailehen” martxan jartzeko krisiaren aurkako plana, eta aurtengo aurrekontuetan onartutako diru-atalak gauzatzeko, jarduera ekonomikoa berpiztu eta azken urteotako egoera ekonomiko zailak sortutako arazoei aurre egite aldera. Jeltzaleak gustura agertu dira aurrekontuen inguruan lortutako akordioa dela-eta: “Gure proposamenei esker adostasuna lortu genuen zarauztar langabetuen kontratazioa sustatzeko, negozio txiki edota ekintzaileei laguntzeko, eta krisialdiak erasandako familiei eta adinekoei babes handiagoa eskaintzeko”, azaldu du Imanol Lasak. “Haatik, orain da unea neurri guzti horiek gehiago itxaron gabe praktikan jartzeko”.
EAJk adierazi duenez, legealdia hasi zenetik jarduera ekonomikoa laguntzea eta krisiaren ondorioz “inor bazterrean ez gelditzea” izan dute lehentasun: “Horregatik eskatu izan dugu etengabe krisiaren aurkako plana martxan jartzea, eta horregatik jarri dugu eskaera hori mahai gainean urtez-urte udal aurrekontuak negoziatzea egokitu denean”. Lasak jakitera eman duenez, lehen bi urteetan Bilduk ezezkoa eman ondoren, aurtengo diru-kontuetan akordioa lortu dute bi alderdiek oinarri horien inguruan: “Temati aritu gara gai honekin. Badakigu badaudela beste erakunde batzuk honetan ardura dutenak, baina beti defenditu dugu Udalaren egitekoa dela bere esku dituen tresna eta aukera guztiak erabiltzea zarauztarren ongizate sozial eta ekonomikoari laguntzeko”.
Hala, eta jeltzaleen eta Gobernu taldearen arteko elkarrizketen ondorioz, aurtengo aurrekontuetan 137.936 euro aurreikusi dira lanik ez duten zarauztarren kontratazioa diruz laguntzeko. Urola Kostako Udal Elkartearen enplegu planetara bideratutako kopurua ere handitu da -65.000 euro-, eta beste 131.000 euro gorde dira jarduera ekonomikoa sustatzeko, “ekintzaile, negozio berri, merkataritza, ostalaritza, baserritar, autonomo edota kooperatibei zuzendutako dirulaguntzen bitartez, estrategikoak diren edota ekonomia sozialean oinarritutako proiektuei arreta berezia eskainiz”, zehaztu du Lasak. Diru-laguntza horiek, esaterako, lokalen alokairua laguntzeko erabiliko dira, besteak beste.
Bestalde, eta Maribel Albizu zinegotzi jeltzaleak nabarmendutakoaren arabera, EAJk eginiko proposamenari esker, 20.000 euroko “fondo soziala” sortuko da krisiak eragindako beharrak asetzeko, zezbitzu sozialen irizizpideetan aintzat hartzen ez direnak hain justu. “Badakigu erantzuna eskatzen duten makina bat arazo daudela: beketan izandako murrizketak direla-eta ikasketekin jarraitzerik ez duten herritarrak, eskolako jangela edota eskolatik kanpoko semealaben jarduerak ordaintzeko zailtasunak dituzten familiak, edo erosteko ahalmen handia galdu arren eta beraien pentsioekin familia ekonomiei eusten dieten pentsiodunak”, esplikatu du Albizuk.
Zinegotzi jeltzaleak argi utzi nahi izan du ez dela nahikoa, ordea, aurrekontuetan diru kopuru bat gordetzea. Beharrezkotzat jo du inplikatutako eragileekin elkarlanean aritzea, hala nola Eskola Kontseiluarekin edo adinekoen elkarteekin, dauden behar nagusiak identifikatu eta diru-laguntzen banaketarako irizpideak finkatzeko. “Oinarri batzuk erredaktatu eta deialdi ofiziala egin behar da, eta informazio kanpaina antolatzea ere komeni da eskoletan edo hartzaileak dauden esparruetan, zarauztar asko eta asko baitaude gizarte zerbitzuetara jotzen ez dutenak”. Guzti horregatik, Lasak zein Albizuk Gobernu taldeari eskatio diote urjentziaz tramite hauek gauzatzeko: “Denbora azkar doa eta arazoak ez dira desagertzen”.
EAJren irudiko oso positiboa da gizarte zerbitzuen 2014ko aurrekontuek krisialdiak eskaeretan eragindako gorakada kontuan hartu izana: “Iaz egoerak gainezka egin zion departamentuari, eta borrokan aritu gara berriz gertatu ez dadin bitartekoak jar daitezen”. Hala, 115.609 euroko diru-atala adostu da giza-larrialdietarako diru-laguntzetarako (AES), eta 65.760 eurokoa norbanakoentzat, aipatutako fondo sozialaz gain. Nolanahi ere, diru baliabideak gordetzeaz gain, Albizuk desburokratizazio handiagoa eskatu du banaketa prozesuak arindu eta ahal den neurrian itxarote zerrendak murrizteko. Halaber, Caritas-ekin hitzarmen egonkorra sinatzea eta horren barruan bere diru-laguntza handitzea inportantea da haren esanetan.
Ildo beretik, Lasak adierazi du Udalaren ardura dela “ahal bezain azkar” martxan jartzea adostutako konpromiso eta diru-laguntza lerro guztiak, eta baita herriarentzat estrategikoak diren proiektuak, hala nola Errotaberri. “Bere garaian alternatiba aurkeztu genuen proiektu horri bultzada berri bat emateko baina ez dugu Udal Gobernuaren erantzunik jaso, gu elkarlanerako prest agertu garen arren”. Halaber, esan du beharrezkoa dela Udal zergak eraibiltzea negozio txikiei laguntzeko, negozio berri bat jartxan martzen dutenentzako urtebeteko salbuespena planteatuz, edo beraien negozioetan erreformak edo hobekuntza proiektuak egiten dituztenei ere zergetan hobariak edo salbuespenak eskainiz.
EAJk eskatu du gai guzti hauek jorratzeko Ekonomia batzordea antolatzeko. “Gure esku dagoen guztia egingo dugu zarauztarren mesedetan Gobernu taldeak adostutako guztia betetzen dula bermatzeko, eta neurri berriak aurkeztuko ditugu krisialdiaren efektuak gutxiagotu eta herriak aurrera egiten jarraitzeko”.