EAJREN ARABERA, ALKATEAK BIRIBILGUNEAREN IRREGULARTASUNAK BAIEZTATU DITU

0

Gobernu taldeak aitortu du hitzarmenik ez dela sinatu Aldundiarekin, eta txostenik enkargatu gabe onartu zuela proiektua”, diote jeltzaleek

Zarauzko EAJk adierazi du Bilduren Gobernu taldeak Nafarroa kalean egiten ari den biribilgunearen gainean emandako azalpenek “banan bana” berresten dituztela alderdiko oposizioek proiektu horren inguruan salatutako gertaerak. “Gure ustez Bildu agerian gelditu da, aitortu egin duelako obrak hasi zituela, tankera honetako urbanizazio obra batek exijitzen dituen beharrezko txostenak eduki gabe. Izan ere, txostenak oposizioak egindako kritikaren ondoren osatu egin dira, eta horrek erakusten du Udalak teilatutik hasi duela etxea, beste behin, eta ez dituela prozedurak inondik inora errespetatu. Salaketa publikoa egiteko ados jarri behar izan dugu alderdi guztiok, Bilduk txostenak enkarga ditzan”, esplikatu du Imanol Lasak.

Jeltzaleen bozeramaleak azpimarratu duenez, txosten horiek, bai hirigintza arlokoak eta baita kontratazio arlokoak ere, oposizioak salatutako irregulartasunak frogatzen ditu. “Aurrenekoak argi esaten du proiektua garatu eta obrekin hasteko, komeni zela Foru Aldundiarekin Udalarenak diren lur sailen jabetza aldaketa jasoko zuen hitzarmena sinatzea, besteak beste. Horixe da, hain justu, gure agerraldian eskatu genuena”. Haatik, EAJk adierazi du Gobernu taldea “zuhaitzak mozten eta zuloak egiten” hasi dela hitzarmen hori sinatu gabe, “Bilduk bere erantzunean aitortzen duen moduan. Oraindik ere ez dugu albisterik akordio horri buruz, alkateak sinatuko dela esanez egindako hitzetatik harago”.

Era berean, Lasaren arabera, Udal teknikarien txostenak baieztatu egiten du biribilgunearen obrak “eragin argia” duela Zarauzko Hiru Antolakuntza Plan Orokorreko Mendilauta Mendebaldea eremuko ordenazio xehetuan, eremu berde gisa izendatutako espazioa murrizten baita erabilera aldatuz -errepideagatik-: “Hirigintza txostenak zehazten du beharrezkoa dela aztertzea nola konpentsatuko den espazio berdeen eta zuhaitzen galera, ahal bada toki bereberan, eta ezinezkoa balitz beste eremu batean”.

Hori horrela izanagatik, bozeramale jeltzalearen arabera, Bilduk ez du inongo neurri edo azterketarik aurkeztu obraren ingurugiro inpaktua ebaluatu eta moztutako zuhaitzen balioa finkatzeko. “Oraindik ere ez dakigu non edo nola orekatuko dituzten ondorioak, ingurugiro txostenik ez dutelako aurkeztu, makina bat aldiz eskatu dugun aurren”.

“Onartezintzat” jo du Bilduk argudiatzea Foru Aldundiak errepidearen eskumena daukala eta, horrenbestez, obrak Zarauzko antolakuntzan duen eraginaren gainetik har ditzakeela erabakiak. “Ez gaitu batere harritzen ezker abertzaleak esatea Foru Aldundiak ez duela bere jarduna justifikatu beharrik, jakinda gai honetan eta beste batzuetan ere inposaketaren aldekoa dela”. Edonola ere, gogorarazi du n-634 errepidea Foru Aldundiarena izanda ere, obra “zarauztar guztiek” ordainduko dutela: “Aldundiak Zarautzekiko duen konpromiso eskasa ikusi da kasu honetan ere. Urrunago joan gabe, Zumaian, Zarauzkoa baino bi bider garestiagoa den biribilgunea osorik ordaindu du”. Guzti hori, azaldu du Lasak, “saihesbidea geldiarazi, eta horren ondoren alkateak konpentsazio neurriak lortuko zituela agindu arren”.

Bestalde, EAJk esan du Udalaren kontratazio txostenak ere oposizioak salatutakoari arrazoia ematen diola, obra ez baita publizitatedun lehiaketa irekiaren bitartez esleitu. “Bildu aitortu egin du beraiek aukeratutako hiru enpresari luzatu zaiela gonbidapena. Ez da normala halako prozedurak gauzatzea bakarrik enpresa batzuk gonbidatu eta modu ez irekian. Bildu neurririk gabe ari da erabiltzen mota honetako prozedura ‘telezuzenduak’, baita tamaina handiko obretan ere, gardentasun eta lehia askea bermatu gabe. Ohitura edo arau bihurtzen ari da salbuespen izan beharko lukeena, eta jarduteko modu hori salagarria iruditzen zaigu”, errepikatu du Lasak.

Jeltzaleek azpimarratu dute Bilduk dekretuz onartu zuela proiektua, eta hala esaten duela, “hitzez hitz” oposizioaren agerraldiari emandako erantzunean. Gaineratu dute ez dela Udaleko beste alderdi politikoekin akordioa lortzeko batere ahaleginik egin, eta biribilgunea ez zegoela herritarren lehentasunen artean, eta “ezta eskaeren artean ere”. Lasaren irudiko, halako tamaina eta inpaktua dituen proiektu batek babes sozial eta politiko handiagoa eskatzen du. Kasu honetan, aitzitik, “herritarrei bizkarra emanda, korrika eta presaka, eta kaltetutako bizilagunekiko sentsibilitate falta erabatekoarekin” jokatu da.

Ildo horretan, jakitera eman du eremuko egoiliarrei “berandu eta beraien baimenik gabe” jakinarazi zitzaiela autoentzako sarbidea Mandabide kalera aldatuko zitzaiela: “Hainbat kexa jaso genituen hori zela eta”. Gainera, adierazi du Udalak ez duela kontuan hartu, “ez proiektuan eta aurrekontuetan ere ez, biribilgunetik gertu bizi diren bizilagunei nola eragingo dien. Ez dago ditu atal zuzentzailerik galduko diren aparkalekuei edo inpaktu akustikoari aurre egiteko. Ez dezagun ahaztu etxeak errepidetik gertuago egongo direla aurrerantzean”. Lasak aditzera eman duenez, herritarren artean haserrea “begibistakoa” da, eta Bilduren erantzunak “frogatzen duen gauza bakarra da gauzak halamoduz egin direla”.

Share.

Leave A Reply