Igeraingo erabilerak aldatzeko asmoa duen argitzeko eskatu dio EAJk Bilduri

0

igerain

Jeltzaleek uste dute aterpeak “funtzio sozial garrantzitsua” betetzen duela, eta funtzio hori jarri behar dela “bestelakoen gainetik”

Udaleko EAJko zinegotzi taldeak Bilduren Udal Gobernuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egin die argitu dezaten Igeraingo aterpeko erabilerak aldatzeko asmoa duten eta, “hala baldin bada, zertarako egingo den aldaketa hori eta zein izango den onuraduna”. Kontu honen inguruko informazioekin kezkaturik, jeltzaleek alkateari eta bere taldeari galdera luzatu zioten joan den uztailaren 30eko Osoko Bilkuran: “Ikusita erantzun argirik ez genuela jaso, idatzi bat aurkeztu dugu Batzar Nagusietan gure batzarkide taldearen bitartez, Aldundiari zuzendutakoa, Aldundia baita gure herrian dagoen aterpe honen jabe”, iragarri dute.

Idatzi horretan, eta aterpearen erabilerak aldatzeko informazioaren aurrean, EAJk Foru arduradunei eskatzen die honako galderei erantzutea, Kultura batzordean: “Jakin nahi dugu zeintzuk diren aterpeari eman nahi zaizkion erabilera berriak, eta egitasmo edo proiekturik erredaktatu den horren inguruan”. Era berean, Foru Arduradunei galdegiten diete argitzeko ea proposamen edo eskaerarik jaso duten Zarauzko Udalaren partetik erabilerak aldatzeko, eta zertan datzaten erabilera berri horiek. Azkenik, jakin nahi dute badagoen bere jarduera Igerainen gauzatzeko eskaera edo proposamena luzatu duen Zarauzko kultur edo gizarte talderen bat.

Jeltzaleek Bilduri exijitu diote gardentasunez jokatzea, eta bere asmoak zeintzuk diren ezagutaraztea: “Gehiegitan jakin izan dugu komunikabideen bitartez zer den egin nahi dutena, eta uste dugu Korporazioko gainerako alderdiok, eta batez ere zarauztar guztiek, eskubidea dutela jakiteko zertarako erabiliko den herriarentzat hain garrantzitsua den instalazioa”.

Igeraingo konplexuak, gazteentzako aterpeaz gain, etxerik gabekoentzako hotzaren etxea eta Monte Albertiako lanbide eskolako gelak hartzen ditu bere baitan. EAJk gogorarazi du asko direla instalazio hauei probetxua ateratzen dieten herriko eta probintziako kultur, kirol, gizarte eta aisialdi taldeak, bertan udako kanpamenduak, egonaldiak, bilerak, kontzentrazioak etabar. egiten dituztenak. Kirol probetan ere euskarri inportantea da. “Ezin da ahaztu, adibidez, Igerain nola erabiltzen duten ezgaitasuna duten pertsonen kolektiboek. Funtzio sozial garrantzitsua du, agerikoa, eta gure ustez funtzio horri eutsi eta indartu beharko litzateke edonolako aldaketa egin nahiko balitz”, azaldu dute.

Hori dela-eta, haien iritziz, erabilera berriak eman nahi izatekotan, “ikusi beharko litzateke bateragarriak diren egun daudenekin, eta 2004ko martxoaren 10eko Foru Aginduan jasota daudenekin. Bertan zehazten da argi eta garbi zeintzuk diren lehentasuna duten erabiltzaileak eta zer arau bete behar diren”. Foru sarea eratzen duten lau aterpeetako bat da Igerain, Orio, Segura eta Hondarribikoarekin batera.

Share.

Leave A Reply