ZARAUTZEN ETORKIZUNA LANTZEKO DINAMIKA PARTE-HARTZAILEA JARRI DU MARTXAN EAJK

0

Prest aurkezpena1

Zarautz Prest dinamikaren barruan, sei lan talde ireki eratu dira gobernu egitasmoa osatuko duten ideia eta proposamenak eztabaidatzeko

Zarautz Prest dinamika aurkeztu du jendaurrean EAJk. Horren barruan, sei lan talde aktibatuko dira, zarauztar guztiei irekitakoak, helburu izango dutenak hurrengo Udal hauteskundeetan jeltzaleek aurkeztuko duten egitasmoaren ideia eta proposamen nagusiak landu eta adostea. Xabier Txurruka hautagaiak iragarritakoaren arabera, herritarrak inplikatu nahi dituzte proiektu “partekatu, serio eta errealista” martxan jarri ahal izateko, Zarautzek dituen premia nagusiei erantzunak eman eta herriari “bultzada berri bat” emateko xedearekin. “Benetan irekia eta eraginkorra” izango den gobernu baten oinarriak jarriko ditu prozesuak, jeltzaleen esanetan.

Bide horri ekiteko, Txurrukak azaldu du Zarautz Prest-en barruan sei lan talde eratuko direla, ekimen esparru desberdinak barne hartuko dituztenak: Gizarte Ongizatea, Ekonomia, Etxebizitza, Hirigintza eta Azpiegiturak, Gobernu Ona eta Herrigintza. Talde bakoitzeko arduradunak hauexek izango dira, hurrenez-hurren: Maribel Albizu, Jesus Arana, Xabier Txurruka, Maite Garrastazu, Imanol Lasa eta Nekane Iribar. “Gaitasun eta eskarmentu handiko pertsonak dira, bakoitza bere arloan”, adierazi du. Jasotzen joango diren iradokizun eta proposamen berriak landuko dituzte taldeok, arduradunek dinamizatuta. Proposamen horiekin sei gaikako lanerako dokumentu osatuko dira, “zarauztar guztientzat” izango den proiektuaren oinarri edo bide-orri gisa.

Hala, Txurrukak gonbidapena luzatu die zarauztar guztiei ekimenean parte har dezaten, aldez aurretik iragarriko diren lan taldeen bilerekin bat eginez, edota zarautzprest@gmail.com helbidearen bitartez beraien ideiak helaraziz. “Azpimarratu egin nahi dugu hau prozesu irekia dela, eta gure asmoa dela ahalegin serioa egitea irekiak eta gardenak izateko, eta herritarrak protagonista bihurtzeko. Mundu guztiak du zeresana. Erronka handienetakoa dugu herritarrak kudeaketa publikoan inplikatzea eta herriko politikan aktiboki parte hartzea”. Hautagai jeltzaleak adierazi duenez, Zarautz Prest-ekin jarraipena ematen zaio legealdi osoan zehar egindako lanari: “Izan ere, aurrekontuei gure alegazio eta emendakinak aurkeztu, edo TAO bezalako gaietan, etengabeko komunikazioa eduki izan dugu zarauztarrekin”.

EAJren lehentasun nagusia krisiari aurre egitea da oraindik ere. Beraz, Zarautz Prest-en helburu nagusietako bat izango da babes sozialerako eredu jasangarri bat bermatzea, jarduera ekonomikoaren sustapenarekin uztartuz: “Bi gauzak lotuta doaz, ezinbestean”. Giza Ongizaterako lan taldeak Maribel Albizu izango du buru. Gizarte Zerbitzuetarako departamentuko arduradun politikoa izana da Albizu, eta aitzindari ere bada Udalan Berdintasun, Hirugarren Adina eta Inmigrazio atalak lantzerakoan. Ekonomiakoak, berriz, Jesus Aranaizango du arduradun. Enpresa eta kirol taldeen kudeaketan urteetako eskarmentua badu. Jarduera ekonomikoa bultzatzea, langabetuen formazioa eta kontratazioa handitzea, eta industria, merkataritza eta baserritarren jarduera laguntzea izango dira jorratuko dituen gain inportanteenetako batzuk.

Etxebizitza politikak Xabier Txurruka izango du bultzatzaile nagusi. Etxebizitza babestuen garapen eta promozioan trebatutako arkitektoa dugu hautagai jeltzalea. Bere lan taldeak neurri berriak aztertuko ditu, besteak beste, “alokairua bultzatzeko, eta babestutako etxebizitza proiektuen garapena berrabiarazi edo azkartzeko, zarauzko eremu degradatuen birgaitze urbanistikoa alde batera utzi gabe. Hirigintza eta Azpiegiturei buruzko lan taldearen koordinatzailea, berriz, Maite Garrastazu zinegotzia izanfo da. Ixidor Larrañagarekin baterak, berak ordezkatu du EAJ Udaleko Hirigintza eta Herrilan batzordeetan. Beraien eginkizuna izango da instalazio eta ekipamenduak, aparkalekua, ingurugiroa edota garbitasuna hobetzeko ekintzak aztertu eta lantzea.

Gobernu Onaren gaiari ere helduko dio Zarautz Prest-ek, Imanol Lasa buru izango duen taldearen eskutik. Pasa den legealdian, Herritarren Parte-hartze Bulegoa martxan jarri zuen Lasak Foru Aldundian, eta esparru honetako zuzendari izan zen bertan. Udaletxe “ireki, arin eta eraginkorra finkatzea”, edota herritarren arreta eta dirulaguntzen kudeaketa hobetzea izango dira lan ildo nagusietako batzuk. Azkenik, Herrigintza deritzon lan esparruaren barruan, Nekane Iribar Zarauzko Uri Buru Batzarreko kideak, eta bere lan taldeak, honako gaiei lotutako hainbat proiektu izango dituzte eztabaidagai: kultura eta euskararen sustapena, kirol praktika eta instalazioak, gazteria, edota Zarauzko festa eta ospakizunen antolaketa.

Txurrukak nabarmendu duenez, prozesu honek epe luzerako eragina izatea nahi dute, hauteskundeetatik harago. “Sarritan alderdi politikoetako kideoi leporatzen zaigu herritarrekin soliki lau urtean behin akordatzen garela. EAJ, ordea, etxeko lanak egiten ari da erakusteko ez datorrela politikaren ikuspegi horrekin bat, eta horregatik aurkeztu nahi izan dugu denboraz gure egitasmoa definitzeko prozesua”. Gaineratu du orain dela unea Zarauzko Udalan kudeaketa eraginkor, estrategiko, arduratsu eta inposaketarik gabeko baterako oinarriak jartzeko. “2020ko Zarautz datozen bost urteetan landuko da. Orain definitu behar dugu, denon artean, nolako ereduekin eraikiko dugun gure etorkizuna, denon artean, nahi dugun herria lortu ahal izateko datorren hamarkadan”.

Share.

Leave A Reply