EAJK SALATU DU BIRIBILGUNEAREN OBRAK 106.372 EURO GARESTIAGO ATERA DIRELA

0

Aurreikusitako hasierako kostuarekiko desfasea %38koa da, Udalaren txostenaren arabera: “Guk abisatu genuen proiektua ez zegoela behar bezala landuta”

EAJk salatu du Nafarroa kaleko biribilgunearen obrak aurrekontuetan aurreikusitakoa baino kostu handiagoa izan dutela, 106.372,32 euro gehiago hain zuzen. Hala, kostuak esleipenarekiko %38 desbideratu dira. Ezagutzera eman duenez, datuok Udalak berak obren inguruan osatutako txosten teknikoan daude jasota. “Bere momentuan, abisatu egin genuen proiektua hgehiago eta hobeto landu behar zela teknokiko, eta birplanteatu beharra zegoela, baina Bilduren Udal Gobernuak, alkatea buru zuela, ez zigun jaramonik egin. Tamalez, denborak arrazoia eman digu, eta ardugabekeria hori zarauztarrok ordaindu beharko dugu geure poltsikotik”, deitoratu dute jeltzaleek.

Biribilgunea egiteko lanak aurtengo marxoaren 10ean esleitu ziren dekretuz, EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitza oposizioko alderdiek aurka bozkatu arren. Obraren kostua 277.512,12 eurokoa zen, baina azkenean askoz ere garestiagoa izan da “proiektuan aurreikusirik ez zeuden zenbait obra osagarriren” ondorioz, EAJk aipatzen duen Udalaren txostenak aitortzen duen moduan. Obra horien artean daude eraisketak, zoru eta zoladurak, drainatzea, hornidura, argiztapena eta semaforoak, eta eskulturaren oinarria. “Zuloa are handiagoa da, kontuan hartzen badugu Bilduk ez duela oraindik aurrekonturikaurreikusi biribilgunea egiteko moztu ziren 30tik gora zuhaitzak birlandatzeko. Oraindik ez dute esan non edo nola egin behar duten”, salatu du.

EAJk gogorarazi du duela zenbait hilabete publikoki iragarri zuela proiektua “larrugorritan” zegoela, eta adierazi du bazegoela aldez aurretik aipatzen diren obra osagarrietako asko aurreikustea biribilgunea sakonki aztertu izan balitz. “Gauzak zorrotz eta fundamentuz egiten direnean, ustekabeetarako tartea murriztu egiten da, eta ez da kasualitatearen menpe uzten obraren behin-betiko aurrekontua. Bilduk kasualitateak ikusten dituen tokian, guk kudeaketa eskasa ikusten dugu”.

Ildo horretan, azpimarratu dute haiek hedabideetan salatu egin zutela obrek eragindako bizilagunekiko erakutsitako “erabateko sentsibilitate falta. Argi eta garbi esan genuen, ez proiektuan eta ezta aurrekontuetan, Udalak ez zuela kontuan hartu inolaz ere nola eragingo zien obrak biribilgunetik gertuen dauden bizilagunei, eta iragarri genuen ez zegoela diru-atal zuzentzailerik aurreikusi. Azkenik, horren ondorioz, behar baino azalera handiagoa hartu behar izan dute lanek, guztiok jada ezagutzen ditugun ondorioekin.

EAJ, gaineratu duenez, txosten teknikoak frogatzen du gauzak “azkar batean, beraien kabuz, eta inolako adostasunik bilatu gabe egin zirela, espreski salatu genuen moduan”. Hala, Udalaren dokumentuak aitortu egiten du, “hitzez hitz gainera”, exekuzio epea, 10 astetan ezarritakoa, “oso laburra” zela. “Ezin dugu ahaztu ere obra urjentziazko prozeduraz esleitu zela, eta enpresei bost eguneko epea baino ez zitzaiela eman beren eskaintzak aurkezteko. Hori ere publikoki kritikatu genuen, gardentasun falta galanta delako halako tamaina eta kostua zuen obra horrela esleitzea”.

Segurtasunik eza

Halaber, jeltzaleek adierazi dute biribilgunea, egin den bezala, ez datorrela bat Bilduk defenditzen duenarekin trafikoa arautzeaz hitz egiten duenean. “Alde batetik, esaten dute beraien hierarkian lehentasun osoa oinezkoak duela. Haatik, kasu honetan ibilgailuen trafikoari ematen dio lehentasuna, oinezkoen mugokortasunari kalte eginez. Gauza bat da trafikoa arindu nahi izatea, eta bestea trafikoa azkartzea oinezkoen segurtasunaren lepotik”. Ildo beretik, jakinarazi dute hainbat bizilagunek kexak aurkeztu dituztela idatziz udaletxean, eta haiengana ere zuzendu direla pertsonalki, “esateko dagoeneko arrisku handiko egoerak izan direla, eta gutxi falta izan dela harrapaketak suertatzeko”.

Hala, EAJk azaldu du obra egiten zen bitartean eta ondoren trafiko seinaleak zein semaforoen programazioa aldatuz joan izan direla. “Uste dugu oraindik ez dela biribilgunearekin ustez zeukaten helburuetako bat, gurutzebideetan ez baita segurtasuna hobetu”.

Trafikoa arintzeari dagokionez, jeltzaleek ez dute uste obrak aipatzeko moduko hobekuntzarik ekarri duenik: “Semaforoak koordinatzea nahikoa zen, egin den bezala, biribilgunea eraikitzen hasi gabe”. Haatik, adierazi dute udako zenbait egunetan oraindik badaudela auto-pilaketak, “lehen bezalaxe, beraz honetan ere denborak erakusten du zuzen ari ginela esaten genuenean obra hau ez zela lehentasuna, ezta gutxiagorik ere, eta ez zituela konpontzen errepide nazionalak sortzen dituen arazoak. Baina hori gutxi balitz, beharrezkoa ez zen biribilgune hau dirua xahutuz eta inposatuz egin da, herritarren eta alderdi politikoen iritzia kontuan hartu gabe”.

Share.

Leave A Reply