“GALDUTAKO LEGEALDIA IZAN DA ETXEBIZITZA ARLOAN”

0

Xabier Txurruka, EAJren alkategaia eta Etxebizitzak PREST taldeko koordinatzailea.

EAJko alkategai Xabier Txurruka oso kritiko agertu da legealdi honetan Bilduk etxebizitza arloan egindako kudeaketarekin, “edo hobe esanda kudeaketa faltarekin”. “Zarautzek estutu handi baten premia du, baita honetan ere. Uste dugu beste erritmo bat sartu behar zaiola babestutako etxebizitza proiektuen kudeaketari”. Adibide gisa jarri du berriki Salbide Zaharreko promozioarekin gertatutakoa: “Erabat onartezina iruditzen zaigu, babes ofizaleko etxe baten eta bost tasaturen zozketa egiteko, obra bukatu zenetik bi urte behar izatea. Azken bi urte hauetan sei etxebizitza berri horiek hutsik egon dira. Ez dugu ulertzen”.

Gure herrian dagoen babestutako etxebizitzaren eskariari premiazko erantzuna emateko, ezinbestekotzat jotzen ditu Txurrukak Aldapeta eta Salberdineko promozioak. Horiek ere izan ditu hizpide.

Aldapeta

“Bildu lozorroan erori da Aldapetan. Hiru urte behar izan ditu funikularra bi igogailurekin ordezkatzeko erabakia hartzeko”, adierazi du. “Hiru urte luze eman dituzte ‘hausnarketa sakonean’ murgildurik, haien hitzetan, oraindik ere plan bereziaren eskakizunak betetzen ez dituen proiektu bati bueltak eta bueltak ematen. Bilduk saltzen duen hausnarketa sakon hori lo sakon bihurtu dela dirudi. EAJtik duela lau urte salatu genuen egoera berberan gaude”.

Salatu du ezker abertzalea ez dela gai izan denbora guzti horretan dokumentuak zuzentzeko. “Oraindik ere ez digute aurkeztu promozioaren bideragarritasun ekonomikoaren azterketa, eta ezta kalitateen memoria ere. Urbanizazio proiektua ez dago onartuta, eta edifikazio proiektua ere itxi gabe dago. Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa dela plan berezia aldatzea etxebizitzen proiektura egokitzeko, oraindik ere plan bereziaren araudi partikularra ez dutelako betetzen. Proiektuan izan diren aldaketak barne hartzeko, juridikoki nahikoa ez den xehetasun azterketa erredaktatu dute. Pauso bat ematen dute aurrera, eta bi atzera. Horrela ez dago aurrera egiterik”.

Aurreikusi du Bilduk honeamakinak “nola edo hala” jarri nahiko dituela martxan hauteskundeak baino lehen. “Etxeko lanei legealdi hasieran ekin izan baliete, eta zegokionean lan egin eta kudeatu izan balute, hiru urteotan obrak bukatutako egon beharko luke, eta herritarrek dagoeneko Aldapetako etxebizitzetan bizitzen egon ahalko lukete. Tamalez, orain Bilduk lorpena balitz bezala saldu nahiko du obraren izenean, baina Aldapetarekin gertatzen ari dena Udalaren etxebizitza politika okerraren erradiografia besterik ez da”.

Txurrukak aditzera eman duenez, proiektua duela lau urte “bezain berde” dago gaur egun. “Bilduk tentazioa eduki lezake hauteskundeen aurretik airea zozketatzeko, eta azken orduan azterketa gainditzeko, ikasle txarrarena eginez. EAJtik, argi utzi nahi dugu beti egon garela Aldapetako promozioa aurrera ateratzearen alde, eta berdin jarraituko dugula, baina tramite urbanistiko guztiak eta horiek eskatzen dituzten lege epeak errespetatuz. Ia ezinezkotzat jotzen dugu legealdi honetan Aldapetan hormigoia botatzen hastea”.

Salberdin

Salberdini dagokionez, EAJk maiatzeko Osoko Bilkuran mozioa aurkeztu zuen, “honetan ere Bilduk hiru urte eman zituelako geldirik. Pozik gaude mozioak balio izan zuelako tramiteen onarpenari berrekiteko. Legealdi honetarako urbanizazio proiektua onartu beharko litzateke, ondo bidean”. EAJ “hasieratik” defenditu du Salberdingo proiektua, estrategikotzat jotzen baitu Zarauzko etxebizitza eskariari erantzuna emateko; egitasmo honek babestutako 500 etxebizitzatik gora egitea aurreikusten du. “Bilduk hiru urte behar izan ditu honetaz konturatzeko. Asko da, baina sekula ez da berandu, merezi duenean”.

Txurrukak ezin hobeto ezagutzen du proiektua, bera izan baitzen Salberdingo Plana idatzi zuen arkitektoam pasa den legealdian. Iragarri du EAJ adi egongo dela “uneotan berritzen ari diren Urbanizazio Jarduketa Programaren barruan biralokatzeko eskubidea duten bizilagunekin lortu genituen akordio eta kontsentsu guztiak kontuan hartu daitezen. Beldur gara Bilduk ez ote duen tentazioa edukiko hasierako planaren barruan Udalak eta bizilagunek hartutako konpromisoak murrizteko”.

Haren ustetan, “Salberdin da herriko erdigune geografikoa garatu eta berritzeko proiektu gakoa. Hiru urtetan zehar, Bildu beste alde batera begoratzen egon da, bere lehentasunekin tematuta. Zarautzen etxebizitzaren arazoa konpontzeko galdutako legealdia izango den irudipena dugu”.

Share.

Leave A Reply