“URTETAN BOST MILIOI EUROKO ZULOA UZTEN DIGULA ARI DA EZKUTATZEN BILDU”

0

Urola Kostako EAJko bozeramaleek salatu dute Udal Elkarteak ez duela aurreikusi zabortegiko lixibatuen tratamendu sistemaren finantzaketa

EAJko bozeramaleek salatutakoaren arabera, Bilduk hondakinekin darabilen kudeaketa txarrak 5.448.099,03 euroko zulo ekonomikoa utziko du urte bukaeran Urola Kostako Udal Elkartean, Zarautz, Zumaia, Getaria, Orio eta Aiako bizilagunek bere gain hartu beharko dutena. Adierazi dutenez, zabortegia ixteko obren baitan, Ingurugiro eta Europar Batasuneko araudiak derrigorezkotzat jotzen du lixibatuen (zaborretatik eratorritako likidoak) tratamendurako gunea eraikitzea, eta Bilduk ez du horren finantzaketa aurreikusi. “Urola Kostako bizilagunei adarra jotzen ari dira, lau haizeetara zabortegiaren itxiera ari baitira iragartzen, ingurugiro arazoa eta diru-zuloa uzten duten bitartean”, deitoratu dute.

Jeltzaleek azpimarratu dutenez, praktikan, zabortegia behar bezala ixtea “giltzarrapoa jarri eta Martin Garitanok argazkia ateratzea baino askoz gehiago da “. Zigilatze, itxiera eta estabilizazio obrek bost urte iraungo dute, eta ondoren mantentze lan zorrotzak egin beharko dira 30 urtetan zehar, ingurugiro inpaktua, kutsadura, eta sor daitezkeen ezbeharrak gainbegiratuz, mota honetako instalazioetan beti eduki behar baitira kontuan halakoak. “Itxiera lan horiei aurre egiteko, eta Europar legedia etorkizunean gogortu daitekeela ere aurreikusiz, fondo ekonomiko bat sortu da azken urteetan Udal Elkartean. Bilduk osaturik eduki beharko luke fondo hori abenduaren 23rako, alegia, itxiera iragarri duten egunerako”.

Haatik, EAJk iragarri du fondo hori ez dela nahikoa izango, “Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez dutelako borondate politikorik erakutsi lixibatuen tratamendurako sistemaren obrak finantzatzeko. Urteta zaborrarekin goraino bete dute, gehiago kabitu ez den arte, eta orain eskuak garbitzen dituzte ondorioak zuzentzea tokatzen denean”. Gaineratu dute Bilduk Udal Elkartean eduki duen erantzukizuna oso handia izan da, izan ere “legealdi guztian zehar ez dute zabortegian hondakinak botatzeagatik kobratzen den tasa eguneratu. Hori dela-eta, itxiera fondoa ez da nahikoa. Presidenteak ardura eta gaitasun falta erabatekoak erakutsi ditu”.

Bozeramale jeltzaleek aurreratu dute egoera honen ondorioz Urola Kostako bizilagunek ekarpen gehigarria egin beharko dutela “hondakinen bilketa tasaren igoeraren bitartez. 2015Ean ez dute nabarituko , hauteskundeak iristen ari direlako eta Bildu populismoan eroriko delako, baina 2016tik aurrera tasauk nabarmen igo beste erremediorik ez da izango”.

Kritikatu dute zulo ekonomikoa “are handiagoa” izan daitekeela kontuan hartzen baldin bada Bilduk ez duela bere plangintzan hondakinen transferentzia gunea aintzat hartu (instalazio hauetan kamioiek herri bakoitzean jasotako zaborrak uzten dituzte, ondoren, tamaina handiagoko kamioietan zabortegietara eramateko). “Txingudi, Eibar, edota Urola Erdia ez bezala, hemen ez dago tankera horretako instalaziorik. Beraz, ez dakigu nora eramango diren gure herrietako hondakinak, nola, eta ezta garraioa zeinek ordainduko duen ere. Bilduren planifikaziorik eza eta inprobisazioa etengabekoak dira”.

Aditzera eman dutenez, egoera oso larria da eta Bildu Urola Kostako etorkizun ekonomikoa hipotekatzen ari da. “Guzti hau gutxi balitz, orain urtea bukatu baino lehen hondakinak biltzeko sistema berria inposatu nahi dute Zumaian, inolako berme legal, ekonomiko edo teknikorik gabe, eta Urtetako zabortegia ixteko fondoko diruarekin finantzatu nahi dute, nahiz eta dagoeneko labur gelditzen den”. Arduragabekeritzat jo dute erabaki hori. “Ez dugu baimenduko zabortegiaren itxieraren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzea, eta gutizia politiko hutsagatik ez dagozkion helburuetarako erabiltzea fondoko dirua. Beharrezkoa baldin bada, epaitegietara joko dugu”.

“Abandonatuta uzten gaituzte”

Jeltzaleek gogorarazi dutenez, Zarautzek elkartasunez jokatu izan du azken urteetan Gipuzkoako gainerako herri eta hiriekiko, dagozkionak baino askoz ere hondakin gehiago hartu baititu. “Guk akordio horren gure partea bete genuen baina orain Bilduk urratu egin du akordio hori, eta Zubietako balorizazio planta geldiarazita hankaz gora jarri du hondakinen planifikazio guztia”. Zehaztu dutenaren arabera, “2007 eta 2013 bitartean, urtean 4 milioi kilo zabor jasotzetik, 64 milioi jasotzera pasa gara Urtetan. %76 Urola Kosta kanpotik datoz”. Horregatik, eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari bere gain hartzea igoera horrek sortu dituen arazoen konponketa: “Probintzia osoko zaborra jasotzen baldin badugu, probintzia ordezkatzen duten erakundeen inplikazioa ere derrigorrezkoa da lixibiatuen araztegia eraikitzerakoan. Zarautz, Zumaia, Getaria, Orio eta Aiako bizilagunak abandonatuta utzi dituzte”.

Azkenik, kritikatu dute Bilduk hondakinen politika konfrontazio politikorako tresna bihurtu duela, eta horrek lurralde osoan “ondorio negargarriak” izaten ari dela. “Ikusten ari gara beraien apustua dela, Urtetako zabortegia lepo bete ondoren, orain beste zaboirtegi bat irekitzea, kasu honetan Zestoan. Horren aurka gaude. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu zestoarrei, ondotxo dakigulako, Urtetako bizilagunek bereziki, zer suposatzen duen halako instalazio bat etxetik hain gertu pairatzea”.

Share.

Leave A Reply