ASTIKO PROIEKTUARI BURUZ

0

Lehenik eta behin, astakeria iruditzen zaigu jatetxe eta tirolina parke pribatu batean 300.000 euro gastatzea. Uste dugu ezin dela inondik inora ere lehentasun behzala hartu, eta askoz ere premia garrantzitsuagoak daudela, Astin bertan, urrunago joan gabe. Badira urteak Zarauzko kirol taldeak erreformak eta hobekuntzak eskatzen ari direla, eta uste dugu 300.000 euro horiek askoz hobeto inbertituta egongo liratekela hobekuntza horiek gauzatzen: aldagelak, zelaiak, atletismo pista… Hori ari zaizkigu esaten beraiekin izaten ari garen bileretan; instalazio gabezia nabarmena dagoela. Eta Bilduk, jaramonik ez egiteaz gain, errealitatetik oso urrun dauden proiektuak aurkezten ditu, eta administrazioan batere ohikoak ez diren prozeduren bitartez onartzen ditu, kasu honetan bezala.

25 urterako emakida da, beste bost urtez luzatu ahal izango dena. Beraz, belaunaldi askorako hipoteka. Krisian gauden honetan, denona den dirutza gastatu eta espazio publikoa okupatuko da negozio pribatu baten mesedetan. Lankidetza publiko-pribatuaren aldekoak gara. Uste dugu ezinbestekoa dela proiektu jakin batzuk garatzeko. Baina proiektu hau ez da adibide ona, ez jarduera motagatik, ez kokapenagatik, eta ezta dimentsioagatik ere.

Udalak eskuak loturik edukiko ditu 25 urterako. Argi dago kantina bere onera ekarri behar dela eta eremua aisialdirako egokitu behar dela, baina bazegoen hori egitea askoz ere inbertsio apalago eta zorrotzagoa eginda, herritarrak kontsultatuz ideia-lehiaketa baten bidez, eta kontsezio administratibo laburrago batekin, bost urtekoa, esaterako.

Politikoki, Bilduk PPrekin bat egiteak Astiren pribatizazioa bultzatzeko, edota Aldapetako partzela konstruktore pribatu bati saltzeko, argi uzten du nola dauden gauzak udaletxe honetan. Udal Gobernua iparra galduta dabil aspaldian. Proiektu hau ez da zarauztarren mesederako izango, esleipendunaren poltsikoen mesedetarako baizik. Izan ere, sarrera kobratu ahal izango du parkeaz gozatu nahi dutenei. Bildu temati aritu da gai honekin. Bi hilabetez jarraian eraman du Udalbatzarrera ezer aldatu gabe, eta horrek pentsarazten digu enpresaren batekin akordio motaren bat badutela. Denborak argituko du nork eramaten duen pastela. Edozein modutan, Bilduk Zarauzko proiektu estrategikotan halako borondate eta interesa erakutsi izan balu, gauzak askoz hobeto joango ziratekeen herrian.

Oraingo honetan ere, herriaren beharrei erantzuten ez dion erabaki baten aurrean gaude, Udala dirua galtzera eramango duena, eta herritarrekin eta eragile sozialekin -kirol arlokoekin kasu honetan- kontrastatu ez dena. Bilduk ez daki Astirekin zer egin, eta egitasmo orokorra adostu eta obrak eta epeak finkatu beharrean, partxeak jartzen ditu. Etorkizunerako zama bihurtazen diren partxeak, kasu honetan bezala. Hori dela-eta, lehiaketa publiko egin aurretik, eskatzen dugu herri-kontsulta bat egitea azken hitza zarauztarrek eduki dezaten. Izan ere, proiektu honen ondorioak haur parkea estaltzeko gure proiektuarenak baino sakonagoak dira ekonomikoki eta sozialki. Orduan kontsulta egin bazen, orain ez dago aitzakiarik.

IMANOL LASA ZEBERIO

EAJREN UDAL TALDEKO BOZERAMALEA

Share.

Leave A Reply