EAJK PROPOSAMENA EGIN DU ASTI ETA ATLETISMO PISTA GARATZEKO

0

Xabier Txurrukak eta Iban San Martinek egitasmo aurrerapena aurkeztu dute, eremuko kirol instalazioak hobetzeko, Sakoneta ingururantz hedatuz

EAJk proposamen teknikoa aurkeztu du Astiko kirol eremua garatzeko, etorkizunerako atletismo pista barne hartuta. Dauden aukera desberdinak aztertu ondoren, eta kirol taldeetako ordezkarien iritzia jaso ondoren, Xabier Txurruka hautagai jeltzaleak eta Iban San Martin kiroletako arduradunak, uste dute Astiko kirol eskaintza osatzeko aukerarik onena hego-ekialderantz haztea dela, Sakoneta ingururantz, hain zuzen. Horretarako, aditzera eman dute lehenik eta behin egungo instalazioetako inguruan dauden lur-sailen jabeekin akordioetara iritsi behar dela, “datorren legealdian” egitasmoa faseka gauzatzeko.

Txurrukak azaldutakoaren arabera, planteamendu honek ez lieke eremuan dauden baserriei eragingo, eta autopistarekiko legeak exijitzen dituen gutxieneko distantziak ere errespetatzen ditu, eremurik lauena aprobetxatuz, gainera. Bilatu duten helburuetako da gaur egun dauden “instalazio guztiak” mantentzea eta finkatzea, harmailak eta aldagelak handitzea ahalbidetuz, “ezer eraitsi gabe”. “Orain arte egindakoarekin uztartu daitekeen proposamena da. Lehenik eta behin, legealdi honetan hartutako konpromiso guztiak bete behar dira. Premiazkoa da errugbiko aldagelak eta gimnasioa eraikitzea, honezkero martxan egon beharko luketenak”.

Jeltzaleen proiektuak honako instalazioak aurreikusten ditu etorkizunerako: errugbi eta futboleko harmailak estali eta hobetu, iluminazioa, belar artifizialeko zelaiak, atletismo pista, padel eta tenis pistak, kirol anitzeko pista txikia, eta lur-sailak gordetzea “Zarauzko kirol elkarteentzat aldagelak eta bulegoak handitzeko aukera izateko”. Lehen fase batean lurzoruak erosi beharko litzateke, planeamendua aldatu, eta proiektuak idatzi. Bigarrengo fasean, urbanizazio orokorrari ekin beharko litzaioke, instalazio desberdinak faseka martxan jartzea ahalbidetzeko.

Proposamenak kirol arloan Zarautzek duen eskakizun nagusietako bati erantzuten dio, besteak beste: atletismo pistarena. “Aspaldiko nahia da. Herri gutxik dute Zarautzek adinako federatu kopurua. Kirol asko egiten da, adin guztietan, gainera, datuek erakusten duten bezala, eta korrika egitea da ohikoetako bat. Ikusi besterik ez dago nolako harrera daukaten Triatloiak, Kros Mistoak, San Silbestreak, Isidoro Unzueta krosak, edota Pagoetako igoerak”, arrazoitu du. Gaineratu duenez, atletismo pistak bestelako kiroletan aritzen diren zarauztarren entrenamendurako ere balioko luke.

Badaki horrelako planteamendu bat ezin dela aurrera eraman egun batetik besterako, baina argi utzi du “helmuga zein den jakitea, eta teknikoki nora heldu nahi dugun garbi edukitzea” ezinbestekoa dela “pixkanak egiten joateko eta adabakiekin dirua eta ahaleginak ez xahutzeko”. Hori dela-eta, urte askotako inbertsio egitasmoa adostea proposatu du. Ildo horretan, jeltzaleen zinegotzi taldeak eskatu du 2015eko aurrekontuetan 600.000 euro bideratzea Asti urbanizatzeko eta lurrak berdintzeko proiektu osoa idazteko, baina Bilduk ez du eskaera aintzat hartu.

Txurrukak azpimarratu duenez, aurkeztu duten proposamen teknikoa dokumentu “irekia” da, ekarpen, aldaketa eta hobekuntzetara. Horretarako, kirol elkarteekin eta zarauztarrekin kontrastatuko dute. “Prest dinamika bukatu ondoren, kalera aterako gara dauzkagun zirriborro eta egitasmoak partekatzeko, inplikatutako guztien parte-hartzearekin horiek hobetzen jarraitzeko borondatearekin. Ideia gehiago jasoko ditugu hauteskunde programari eta Zarautzen etorkizuneko diseinuari begira. Hau izango da horietako bat. Ez da planteamendu itxia. Gustatuko litzaiguke jendeak nolako iritzia duen proposatu dugunez -zarautzprest@gmail.com-.

Lizardiko jolastokia estali

Asti garatzeaz gain, Zarautzen kirol instalazioen eskaintza hobetzeko beste euskarri nagusia, EAJren araberam Lizardi instituko jolastokia estaltzea da. Horregatik, eskatu dute 60.000 euro erabiltzea 2015eko aurrekontuen barruan proiektua erredazteko. “Ekimen hori 2014ko aurrekontuen inguruan sinatu genuen akordioan aurreikusita zegoen, baina ez da gauzatu. Egin dugu ahaztu kirol taldeen eskaera nagusietako bat dela; entrenatzeko dagoen instalazio gabezia arintzeko balioko lukeela, neurri batean; eta adostasun politikoa ere badagoela proiektuaren inguruan. Beraz, aitzakiarik ez dago honekin ez hasteko”.

Share.

Leave A Reply